‘Ulises’ itzultzean hartutako erabaki ausartek saria izan dute

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 18a, 10:24
Dabilen Elea jaso zuen Olarrak, 2013an, 30 urteetako ibilibidea saritzeko

Xabier Olarra Lizaso itzultzaile eta editore tolosarrak jaso du literatur itzulpenaren Euskadi Saria James Joycek 1922an idatzitako ‘Ulysses’ lana euskarara ekartzeagatik. 

Xabier Olarra Lizasok (Tolosa, 1953) jaso du literatur itzulpenaren Euskadi Saria. Hiru urteko lanaren ostean argitaratu zuen Ulises (Igela, 2015) eta lan hori itzultzeagatik jaso du izendapena. Atzo jaso zuen saria eta ekitaldian itzulpenaren konplexutasunak nabarmendu zituen: «Lana zer den azaltzeko nik lau, zortzi edo hamar ordu beharko nituzke eta hala ere, ez nuke lortuko urrutitik ere adieraztea irakurrita zer irudikatzen den». «Ulises zer den jakin nahi duenak, Ulises irakurri behar du», gaineratu zuen.

Epaimahaikideek lehenik eta behin lehian egon diren lanak goraipatu zituzten; «uzta ederreko urtea izan da, eta atsegin handiz hartu du epaimahaiak halako lan bikainen artean aukeratu beharraren neke gozoa». Ulysses obra «izugarria» dela esan zuten, «zentzu guztietan, bere zabalean eta bere konplexuan». «Obra hau euskaraz edonola ematea ere, ez zen dema makala, baina auzo-erdaretako bertsioak berdintzen eta inoiz are gainditzen dituen egokitasun miragarri batez emana datorkigu itzulpen honetan. Tarteka ausartak dira itzultzailearen erabaki batzuk, baina nekez irudika liteke nola heldu bestela testuaren koska latzei», esan zuten. Edizioa bera «oso zaindua» dela gaineratu zuten.

Aspaldiko nahia betez
Tolosarrak itzulpena aurkezterakoan esan zuenez, James Joyceren eleberri mardula euskara ekartzeko asmoa ez zen berria. «Mitoaren maila lortua duen liburuari heltzeko garaia heldua izana zitekeela pentsatzen hasi ginen batzuk orain dela hamabosten bat urte», esan zuen. 2012an hasi zen itzulpenarekin, eta hamar urteko epea eman zion bere buruari, nahiz eta hiru urte behar izan azkenean. «Kalkulu bat egin nuen, nire asmoa inolako presarik gabe hartzea zelako. Pentsatu nuen egunean 500 karaktere itzuliz gero, alegia, lau txiok ematen dutena, 2022rako prest edukiko nukeela, hau da, argitaratu zeneko mendeurrenean. Noski, horiek ez dira benetako kalkuluak. Halako obra bati heldu behar badiozu benetan heldu behar diozu, eta egunean zortzi edo hamar ordu eskaini».  

Ez da Olarrak sari hau bera jasotzen duen lehen aldia; 2012an Jakobian eraikinarengatik eman zioten saria Arantzazu Rojorekin batera, eta 2006an Estilo ariketak lanarengatik.
Aurtengoan Luis Garde iruindarra izan da euskal literaturako Euskadi Saria jaso duena Ehiztarien isilaldia lanarengatik eta Gabriela Ibarrak gaztelaniazko literaturaren saria eskuratu du, El Comensal liburuarengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!