Baserri guztiak presente

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 21a, 10:47

Udazkena plazaz plaza ibiltzeko garaia da. Eta ibilbide horretan igandeko, urriaren 23ko geltokia zein izango den jakina da: Bedaio.

Identitate propioa duen Tolosako auzo honek plaza baino frontoia betetzeko hitzordua garatu du urtetik urtera. Hilabeteetan baratzeetan, etxeetan, mimoz ehundutako produktuak postuetan erakusgai jartzeko unea da igandekoa. Honela, herria jendez betetzeko aitzakia ere bihurtzen da urteroko azoka berezia; bertako produktuekin osaturiko azoka, hain zuzen ere.

Postuz postuko ibilbide horretan, aurten Bedaioko baserri guztiek parte hartuko dutela aurreratu dute antolakuntzatik. Eta horrenbestez osatuko den errenkada horretan dastagai eta erosgai egongo direnak anitzak izango dira: barazkiak, postreak, mondejuak, landareak, gazta, jogurtak, ogi, artisauak eta animalien erakusketa.

Autobus berezia

Goizeko 10:00etan azoka atonduta eta bisitariak jasotzeko moduan izango da. Urteroko zita hau bizirik mantentzearen arrazoietako bat urtero-urtero aurkezten dituen berritasunetan datza. Eta aurtengoan ere ez dira berritasunak falta izango.

Garraioa izango da lehen nobedade horietako bat. «Probaketa moduan, Bedaioko azokara etortzeko autobus zerbitzua eskainiko da», jakinarazi dute antolakuntzatik. Autobusaren irteera puntua Tolosako San Frantziskoko geltokia 11:00etan, Alegian geldialdi bat egingo du 11:15ean tren estazioan, Ugarten gelditu eta Bedaiora iritsiko da ondoren. Bueltakoak kontrako ibilbidea egingo du, Bedaiotik 13:30ean abiatuta, elizatik.

Postuak baino askoz gehiago

Erakus txokoa delakoa erreferentziazko gunea bilakatu da Bedaioko azokan. Urtetik urtera garai bateko elementu ezberdinei egiten zaie tokia gai bat ardatz hartuta eta aurtengoan ere ez da faltako erakus txokoa. Bedaiotarrek aurten ordulariak aukeratu dituzte eta antzinako erlojuak izango dira erakusgai.

Bertako produktuei buruz gehiago jakin asmoz bedaiotarrek tailer ezberdinak antolatzen dituzte urtero eta igandean ere ez dira faltako mondeju tailerrak, jogurt tailerrak...

Zuhaiztibarren baserrikoek mondejua nola egiten den erakutsiko dute, 11:30ean mondeju on baten «sekretutxoak» kontatuko dituzte. Gainera, umeei begirako tailerra ere izango da: jogurt tailerra, jogurta eta mermeladak nahasteko aukera egongo da.

12:00etan Belanbroko tolarea martxan jarriko da Bedaioko frontoian, sagar ekologikoaren txikitzea egingo da eta ondoren sagar muztioa dastatzeko aukera izango da.

Ilorreta baserriak mendiko gazta aurkeztuko du (Arritzaga), talogileek prestaturiko mokadu goxoak ez dira falta izango, Artubi elkartearen eskutik otar baten zozketa ere izango da eta ezin ahaztu gainera 13:00etan izango den barraskilo lasterketa edota animalia erakusketa: ardiak, ahuntzak, untxiak, txitak, behorrak, astoak... Hau gutxi ez eta goizak eskainitakoak mahai baten bueltan izango du jarraipena; 14:00etan Artubi elkartean bazkaria izango da, txartelak salgai egongo dira goiz guztian zehar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!