Oposizioaren babesik gabe onartu ditu Tolosako Udalak 2017ko ordenantza fiskalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 26a, 10:13

Hondakinen tasa %5 igo izanak sortu du EAJ eta EH Bilduren arteko iritzi talka; Iurreamendi egoitza Kabia sarean sartzea ere hizpide izan zuen udalbatzak.

Urteroko moduan, urriko osoko bilkurako gai-zerrendak hartu du, aurten ere, ordenantza fiskalak aldatu eta onartzeko gaia. Horrela, 2017. urtean indarrean jarriko diren aldaketa fiskalak hizpide izan zituzten atzo eta, nagusiki, lau ordenantza fiskalen berri eman zuen Begoña Tolosa jeltzaleak; horien artean, hondakinen tasak sortu zuen eztabaida.

Zergen eta tasen igoera Hego Euskal Herriko KPIa kontuan hartuta gauzatuko du udalak, ohiko moduan: "Beraz, urriaren 14an argitaratutako KPIa erreferentzia izango dugu. Aurten, iaz ez bezala, positiboa da: 0,375", azaldu zuen Tolosak.

Batetik, hondakinen tasa %5 igoko dute hurrengo urtean eta, udal gobernuaren helburua "aldea txikitzea da, bilketa kostuaren eta tasaren bitartez biltzen denaren artean". 

EH Bilduk gogor kritikatu zuen proposaturiko neurria eta, besteak beste, tasak sortutako hondakin kopuruaren arabera ezartzea defendatu zuen Lore Agirrek: "Zuek gure proposamen hori aldatu egin zenuten, baina ez zenuten ordezkatu, eta bidegabekeria da. Tasa igo duzue, besteak beste, erraustegia egin nahi duzuelako". Gainera, "organikoa biltzea zigortzen" aritzea egotzi zien EAJri eta PSE-EEri: "Hondakin organikoen kilo bakoitza biltzea 72 euro ordaintzetik, 112 euro ordaintzera pasatu gara, eta kostu horiek Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak igo ditu".

Olatz Peon alkateak, ordea, hondakin tasaren igoera modu horretan ezartzea "duela hainbat urte ere hartzen zen erabakia" dela nabarmendu zuen bilkuran: "Ez dugu erraustegia finantzatu nahi, gastuaren eta bilketaren arteko aldea murriztu baizik. Gainera, Tolosako hondakin bilketa sistema aldatu izan ez bagenu, tasaren igoera handiagoa izango zen ziur aski".

2017ko urtarriletik aurrera, familia ugarien hobariak eskuratzeko jarraibideak ere aldatuko dira Tolosako Udalean. Begoña Tolosak zehaztu zuenez, "hainbat data eta epe izaten dira dokumentuak aurkezteko, eta horrek nahasmena sortzen dien familia ugariei". Horrenbestez, epe guztiak bateratu egingo dituzte, eta eskaera egun bakarrean egitea ahalbidetuko dute. Gainera, behin hobaria jasoz gero, hurrengo urtean automatikoki berritzeko aukera izango da, baldin eta familiek irizpideak betetzen jarraitzen badute.

Hobariekin jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak aukera eman die udalei, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari hobariak nahierara ezartzeko. Horrela, Tolosako Udalak %10eko hobaria ezarriko die, 2017an, 15 zaldi fiskal baino gutxiago dituzten 5 eserlekuko turismoei.

Azkenik, urte berriak zerga berriak ekarriko dizkie Euskal Herria plazako nahiz Zerkausiko saltzaile eta ekoizleei. Antza, Euskal Herria plazako salmentak ez doaz esperotako erritmoan, eta saltzaileek tasak errebisatzea eskatu diote udalari: "Horregatik, datorren urtean %5 gutxiago ordaindu beharko dute plazan postua jartzearen truke".

Bide beretik, Zerkausiko postuen prezioak ere zehaztu zituzten osoko bilkuran: erabiltzen duten mahai bakoitzeko 0,5 euro ordaindu beharko dute ekoizleek eta, saltzaileek, berriz, 2,5 euro ordaindu beharko dute.

Hondakinen tasaren salbuespenarekin, gainerako esparruetan KPIaren araberako igoera ezartzea "begi onez" ikusi du EH Bilduk, baina aurkako botoa eman zuen bilkuran eta, beraz, EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu zituzten ordenantza fiskalak.

Iurreamendi egoitzaren etorkizunaz

Galde-erreguen txandan Iurreamendi egoitzaren etorkizuna hizpide izan zuten zinegotziek. Lore Agirrek "kezka" azaldu zuen, hainbat zuzendari aldaketa egin eta gero, Iurreamendi egoitzak foru aldundiaren Kabia sarearekin bat egiteko asmoa "komunikabideen bitartez" ezagutu dutelako.

Olatz Peonek, bere aldetik, informaziorik ez dutela ezkutatu defendatu zuen, eta "Iurreamendi egoitzaren inguruko txosten bat baino ez" duela egin GFAk, Kabia organismoaren aurrekontu proposamena egiteko: "Egutegia osatu dute, eta hori da Batzar Nagusietan aurkeztu eta eztabaidatuko dutena".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!