Asuncion klinikako kontzertu ekonomikoa bertan behera uzteko eskatuko du TOPAk

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 15a, 11:54
Gasteizera joateko autobusa antolatu dute astelehenerako, eta herritarrei parte hartzeko deia egin die koordinakundeak.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak, bere ibilbidean pauso bat gehiago eman, eta jaurlaritzak Asuncion Klinikarekin 1994az geroztik duen kontzertu ekonomikoa bertan behera uzteko eskatuko du, Eusko Legebiltzarrean. Astelehenean joango dira Gasteizera, eta herritarren indarrak bateratzeko helburuz, autobusa antolatu dute.
14:45ean Usabal kiroldegian jarri dute hitzordua, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Batzordera joango dira ordezkariak. Koordinakundea sortu zeneko aldarri berei eutsiz jarraitzen dute oraindik ere, eta beraz, «gainerako eskualdeek dutena» eskatuko dute, hasteko»; kueaketa publikodun ospitalea eta espezialitateen anbulatorioa, beraz.
TOPAren iritziz, osasun pribatuak ez du, Tolosaldea, zerbitzu publikoa osatzen: «Osasun publikoaren ordezkoa da». Honen harira, gainera, egungo gobernuak herritarrekiko «konpromisorik ez du hartzen» beren ustez, eta horren ordez, «Inviza enpresarekin du konpromisoa».
Honegatik, eta osasun pribatuak asistentzia okertzen duela salatuz, kontzertu ekonomikoa bertan behera uzteko eskatuko dute: «Ez dituzte hitzarturiko helburuak betetzen, eta klinika publiko izatera pasatzeko mahai bat sortzea eskatzen dugu».
Legebiltzarrera joateko deialdiarekin batera, TOPAk beste hitzordu baten berri ere eman die herritarrei, agerraldian. Azaroaren 22an Osasun arloko ezagutza sortzea: paperetik lainora jardunaldia izango da Topic zentroan.
Inauguraziora Jon Darpon Osasun Sailburua etorriko da, eta 08:00etatik 10:00etara bitarte, «harrera» egiteko elkartuko dira Euskal Herria plazan.
Besteak beste, Tolosaldeko, eta Andoain eta Legorretako alkateak «gutxiestea» salatuko dute: «Hilabetetan agenda arazoak zituela esaten aritu da bilerarik ez egiteko, eta gero horrelako ekitaldi batera dator. Herritarrok salatu egin behar dugu».

Osasuna euskaraz
Azaroaren 20an Osasun etxean ere euskaraz hitzaldia izango da, Tolosako kultur etxean, 18:30ean. EH Bilduk antolatuta, UEMAko Maren Belastegi eta TOPAko kideak izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!