Euskarazko komikigintzari bultzada

Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko abe. 13a, 17:11
Maitane Gartziandia
Seigarren urtez jarraian Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin batera, Galtzakomik lehiaketa antolatu du. Aurten gainera, euskarazko umoreaz gozatzeko parada berreskuratu da afari-txouarekin.

Guztira euskarazko 100 komiki-lan baloratu behar izan ditu epaimahaiak: Koldobika Jauregi, Kike Amonarriz, Vanessa Alzate eta Ibai Luke (Box.A Arte Elkartea) eta Joseba Antxustegietxarte. Aurten gainera, mailarik gorenean, 18 urtetik gorako sailean aurreko urterekin alderatuta uztarik emankorrena jaso da, «kalitate nabarmenarekin».

Gaur, abenduak 13, ostirala, arratsaldeko 19:30ean, Ibarrako kultur etxean sari banaketa ospatuko da. Artistak taula gainera igo eta euren lanen ordaina jaso ondoren, lanak publiko zabalarentzat ikusgai geratuko dira abenduaren 20ra bitartean Ibarrako kultur etxean irekiko den erakusketan.

Umore gaua

Euskal komikien gozamenarekin jarraitu asmoz, Galtzakomikek bere jarraipena izango du Ibarrako Sendi Ekintza elkartean. Izan ere, gaueko 21:00etan hasita, Galtzaundirekin elkarlanean afari-txou delakoa antolatu du elkarte honek. Bertaratutakoek Dani Fano eta Asisko Urmeneta komikilarien, Xabier Silveira bertsolariaren eta Anartz Iturbe txiste kontalarien sormen lanez barrez lehertzeko aukera izango dute.

Txartelak eskuratzeko aukera Ibarrako Sendi Ekintza, Zubiarre, Atari eta Danon Txokoa tabernetan eta Tolosan Galtzaundin (Nafarroa etorbidea, 6 behea).


Saridunen zerrenda

18 urtetik gora

1. saria: Maitane Gartziandia. 'Kuleroak zikindu ditut' (600 euro).

2. saria: Iosu Mitxelena. 'Hau ez nian espero' (400 euro).

Aipamena: Javier Navarro. 'Mirenen mundua' (Marrazketarako materiala + 100 euroko opari txekea).

12-18 urte bitartekoak

1. saria: Markel Galbete. 'Bazen behin' (400 euro).

2. saria: Inhar Esnaola. 'Gauza txarrek ere badute alde ona' (200 euro).

Aipamena: Ander Iribarren. 'Barrabaskeriak' (Komiki bilduma).

Aipamena: Ane Antxustegietxarte. 'Islada' (Komiki bilduma).

12 urtetik behera

1. saria: Maider Romero. 'Barazkiak surfean' (Komiki bilduma eta marrazketarako materiala).

Aipamena: Xabier Elola. 'Arrain ninjaren burruka' (Komiki bilduma).

Aipamena: Itsaso Echarte. 'Zer xurgatuko dugu gaur?' (Komiki bilduma).

Aipamena: Maitane Ezquerro. 'Amaia eta mamua' (Komiki bilduma).

Aipamena: Aimar Alvarez. 'Oihanean galduta' (Komiki bilduma).

 

Maitane Gartziandia: «Neska bati hilekoa lehenengoz etortzea bada kontatzeko gai bat»


VI. Galtzakomik lehiaketako irabazlea da Maitane Gartziandia Agirrezabala. 23 urteko hernaniarra, ilustrazio munduan hasiberria da.

Kuleroak zikindu ditut lanak 600 euro eskuratzeko bidea eman dio. Koldobika Jauregik, Kike Amonarrizek, Vanessa Alzatek eta Ibai Lukek (Box.A Arte Elkartea) eta Joseba Antxustegietxartek osatutako epaimahaiak ondorengo ezaugarriak azpimarratu ditu Maitane Gartziandiaren lanaz: «Istorio oso pertsonal eta ausarta kontatzen du. Zuri-beltzean arkatzez eginiko ilustrazio honek kalitate handiko marrazkiak erakusten ditu. Estetika oso polita eta desberdina azaltzen du».

Zorionak, lehen saria eskuratu berri duzu Galtzakomik lehiaketan. Albistea espero al zenuen?

Egia esan jada ez nuen espero, aste hasieran deitu didate eta banekien sari banaketa ostiralean zela. Sorpresa pozgarria hartu dut.

Hala ere, ez da Galtzakomik-en jasotzen duzun lehen saria. Iaz Sekretu bat lanarekin bigarrena eskuratu zenuen.

Iaz lehen aldiz aurkeztu eta orduan bai sorpresa hartu nuela bigarren sari horrekin. Orduko lanean izeba-iloba batek konpartitzen duten sekretuaren istorioa jaso nuen irudietan. Lehenengo pertsonaiak landu nituen eta ondoren istorioa garatzen joan nintzen.

Aurten, Kuleroak zikindu ditut komikiarekin lehen saria jaso duzu. Ideia nondik abiatu da?

Hasieran beste gai bat landu behar banuen ere, azken momentuan hilekoaren ideia etorri zitzaidan burura. Neska bati hilekoa lehenengoz etortzea bada kontatzeko gai bat; liburu, telesailetan ez dugu askotan ikusi. Interesgarria iruditu zitzaidan.

Alaba eta aitaren arteko harremanetik kontatzen duzu gainera…

Bi pertsonaientzat hilekoa gai ezezaguna eta berria da; alabarentzat lehen aldia delako eta aitarentzat deseroso sentiarazten duen gaia delako. Gai pertsonala da, bakoitzak era ezberdin batean bizi izan du hilekoa lehenengoz etortzearen eguna.

Zuri-beltzean lan egiten nuen lehen aldia izan da; gustatu zait emaitza. Ilustrazioak, nahiz sinpleak izan, zuri-beltzean ondo luzitzen dute.

Zein da komikiarekin duzun harremana? Ilustratzaile, diseinatzaile grafikoa eta argazkilaria ere bazara…

Orain diseinu grafikoan nabil, aurretik argazkigintza ikastaro batean ere aritu izan naiz; mundu honetan murgiltzen ari naiz, ikasten nago oraindik.

Komikia edo irudia sortzeko garaian zer nolako baliabideak erabiltzen dituzu?

Marrazteko garaian, detaileak eta posturak ondo irudikatu ahal izateko argazkiren bat behar izaten dut aurrean. Marrazkiak eskuz marrazten ditut eta ondoren eskaneatu eta testuak edota aldaketa txikiak Photoshop bidez sartzen ditut.

Zure lanari erreparatuz, zer espero duzu?

Momentuz nire estiloa lantzen ari naiz, esperimentatzen ari naiz. Gogo eta ilusio handiarekin nago. Ilustrazioa dut gogoko eta horretan zentratzea gustatuko litzaidake. Badakit ez dela mundu erraza baina bai polita ordea.

  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!