Osasun publikoa aldarrikatzeko manifestaziora deitu dute udalek

IƱigo Terradillos 2014ko urt. 29a, 18:00
Otsailaren 15ean izango da, Tolosan; hitzaldi informatiboak ere egingo dituzte, lau herritan.

Tolosaldeko osasun eskualdea osatzen duten 31 udalek mozio bat onartu dute, eta bertan, Osasun Sailaren eta Asuncion klinikaren hitzarmenaren aurreko egoerara bueltatzea eskatzen dute.

Espezialitateak anbulategietan mantentzea, erreferentziazko bi ospitale izatea, Donostia ospitalea eta Asuncion, eta azken hori publifikatze bidean jarriko duen mahai bat osatzea aldarrikatzen dute udalek. Aldarrikapen horiek kalera ere aterako dituzte, otsailearen 15erako manifestazioa deitu baitute, Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa lelopean. Eta hitzaldi informatiboak ere antolatu dituzte, Villabonan, Alegian, Andoainen eta Ibarran, «azken aldian gaiaren inguruan dauden mezu kontrajarriak argitzeko».

Tolosaldeko 28 udaletako eta Legorretako eta Andoaingo alkateek egindako agerraldian gogoratu dutenez, 2011ko azaroan Asuncion klinikaren jabea den Inviza eta Osasun sailaren artean hitzarmen bat sinatu zuten Tolosalderako. Adierazi dutenez, «hitzarmen horren arabera, espezialitate guztiak anbulatorioetatik Klinikara pasako lirateke eta eskualdeko erreferentziazko ospitale bakarra Asuncion Klinika izango litzateke, Donostia ospitalera zuzenean joateko aukera galduz. Beraz, publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana oinarri duen konzertazio egoera batetik pribatizazio osorako pausua ematen da».

Hala, alkateek azaldu dutenez, «egoera horrek Tolosaldeko osasun arreta okertuko zuelakoan» euren ardura plazaratu zuten bere garaian.

Gaur egun, berriz, gauza jakina dela diote, 2011ko azarotik hona, osasun arretak «nabarmen» egin duela «okerrera»: «Espezialista titulu gabekoak tituludun lanak egiten, itxaron zerrenda luzeagoak, Donostia ospitalerako erreferentzialtasuna galtzea, mediku jubilatuak lanean etabar luze bat dira horren adibide».
Halaber, 31 udalen ustez, «osasun zerbitzuaren kalitateak jaitsiera handiagoa izan ez badu, Asuncion Klinikako langileen ardura eta erantzukizunagatik izan da, beren profesionaltasunarekin, Inviza enpresaren baliabide falta (pertsonalean eta lan baldintzetan murrizketak) eta irabazi asmoaren kalteak leundu dituztelako».


«Pribatuak publikoa ordezkatzea»
Tolosaldeko osasun eskualdea osatzen duten 31 udalek salatu dutenez, Tolosaldean pribatuak publikoa osagarritzen duela esatea «gezur hutsa da», hitzarmenean planteatzen dena «pribatuak zerbitzu publikoa ordezkatzea baita». Alkateek diotenez, hitzarmenaren helburua «pribatizazioa eta Invizaren irabazi ekonomikoak dira eta ez ahal den zerbitzu onena eskaintzea». Horren aurrean gogoratzen dute zerbitzuen konzertazioa, «osasun asistentzia publikoak eskaini ezin dituen zerbitzuak pribatuarekin hitzartzea» dela, «2011ko hitzarmenaren aurretik zegoen egoera hain zuzen». Pribatizazioak berriz, «zerbitzu publikoak eskaintzen zituen anbulategiak deuseztatu eta esku pribatuen esku uztea» esan nahi du euren arabera.
Herriaren ahotsa

Bestalde, alkateek uste dute Tolosaldeko herritar guztien ahotsa, Osasun Sailetik «gutxiesten» ari direla. Era berean, «gure herritarron osasun arreta kalitatezkoa izango bada, zerbitzu publiko bat ezinbestekoa dela ziur gaude eta berau lortzeko bidean jarraituko dugu. Gure herritarron osasuna ez delako negozioa eta instituzioen lana kalitatezko zerbitzuak bermatzea delako» esan dute.

Horren guztiaren salaketa egiteko deitu dituzte herritarrak manifestaziora, hilaren 15ean. Antolatu dituzten lau hitzaldi informatiboetara joatera ere gonbidatu dituzte herritarrak. 

 
 

Ekitaldiak

  • Hitzaldi informatiboak:
    - Villabonan, Mintzola etxean, 19:00etan, otsailaren 4an.
    - Alegian, kultur etxean, 19:00etan, otsailaren 6an.
    - Andoainen, Urigain kultur etxean, 19:00etan, otsailaren 12an.
    - Ibarran, kultur etxean, 19:00etan, otsailaren 13an.
  • Manifestazioa:
    - Otsailak 15: Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa lelopean,
    Tolosako Trianguloatik abiatuko da, 12:00etan.
 
 

Tolosaldeko osasun zerbitzuaren harira, ekimen sorta aurkeztu du EH Bilduk

EH Bilduk hiru ekimen aurkeztu ditu Gasteizko Legebiltzarrean, Tolosaldeko osasun arreta publikoaren gaia «sakonki jorratzeko». Izan ere, koalizioak adierazi duenez, «kezka berretsi egin da» eurengan, eskualde horretan Osasun Sailak arreta emateko Inviza enpresarekin duen hitzarmena aztertu, eta horren balorazioa irakurri ondoren.

EH Bilduk Legebiltzarrean Jaurlaritzari egindako eskari baten bitartez lortu zuen Asuncion Klinika kudeatzen duen enpresarekin duen hitzarmenaren kopia eta hitzarmen horren ebaluazioa egiten duen txostena. Hala, horiek aztertu ostean, Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi duenez, «agerian geratu da, Osasun sailak joera nabarmena duela osasun sistema publikoak dituen baliabideak husteko eta zerbitzu publikoak desmantelatzeko». Uberak gehitu duenez, «nabarmena da eskualdeak bitartekoak behar dituela eta bikoizketak ekidin behar direla, baina onartezina da ardatz moduan eskaintza pribatua erreferentzia moduan hartzea». Bere ustez, horrek «osasun publikoaren pribatizaziorako bidean jartzen gaitu». Bilduren arabera, Tolosaldeko arreta publikoan hutsunerik badago, bitarteko publikoak indartu behar dira». Uberaren iritziz, baina, EAJk bultzatu nahi duen eredua «osasun arreta publikoa modu progresiboan esku pribatuetan uztea» da.

Ildo horretatik, EH Bilduk uste duenez, «Tolosaldea izan daiteke euskal osasun arreta publikoa enpresa pribatuen esku uzteko esperimentuaren lehenengo urratsa edo proiektu aitzindaria». Bilduk dio EAJk eredu hori defendatzen duela, eta Madrilen egin den bide bera egiteko arriskua dugula. Uberak esan duenez, «Jaurlaritzako agintariek nahiago izan dute arreta publikoaren ardatzean enpresa pribatuaren biziraupena kokatzea». EH Bilduk defendatzen duen eredua kontrakoa dela esan du: «progresiboki, Osakidetza kanporatzen joan den zerbitzu guztiak kudeaketa eta kontrol publikoari berriro itzultzea, eta enpresa pribatuetan dirua inbertitu ordez, azpiegitura publikoak indartzea».
Bada, Tolosaldeko osasun arretaren gaia jorratzeko, batetik, Inviza enpresarekin hitzarmena sinatu aurretik, erabakia hartzeko Osakidetzak egin zituen azterketak eskatuko ditu EH Bilduk. Bestetik, Asuncion Klinikaren kudeaketarako aurreko hitzarmena ebaluatzeko txostena azaltzeko, kontratazio zuzendariaren agerraldia eskatuko du. Azkenik, osoko bilkuran, Osasun sailburuari bultzatu asmo duen osasun arreta publikoaz galdetuko dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!