Jon Darpon: "Tolosaldeko osasun arreta gainerako eskualdeetakoa bezain ona da"

Iñigo Terradillos 2014ko ots. 24a, 12:52
Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuak Asuncion klinikara eginiko bisitan salatu du Tolosaldeko osasun publikoaren "izen ona zikintzeko" interes alderdikoiak daudela eta "gezurretan oinarritutako kanpaina" ari direla burutzen. Zentzu honetan, EH Bilduk Darponek eskualdeko alkateak kritikatu izana salatu du: "Herritarren ordezkari zuzenenak diren eskualdeko alkateen izena eta lana zikintzeko saiakera antzua izan da Osasun sailburuarena. Darpon ez da bere karguaren mailan egon. Gehien kezkatzen gaituena da pentsatu izana ordezkari politiko batek bere alderdiaren interesak herritarren interes orokorraren gainetik jartzen dituela. Baliteke bere alderdian horrelako adibide asko izan dituela”.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Jon Darpon Tolosako Asuncion klinikan izan da, eta adierazi du Tolosaldeko osasun arreta "Osakidetzak gainerako eskualdeetan eskaintzen duen bezain ona" dela. Hain justu, osasun arretaren aurka egiten ari den kanpaina salatu du, eta esan du "interes alderdikoien araberakoa eta faltsukerian oinarritua" dela. Halaber, eskualdeko biztanleei eskainitako osasun arreta publikoaren izena "lohitzea" beste helbururik ez duela salatu du.

Darponek adierazi duenez, "euskal osasuna publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa da eta izango da, hala Tolosaldean, nola Euskadi osoan". Tolosaldeari dagokionez, "Osakidetzaren lehen mailako arretako eta adimen gaixotasunentzako zentroen sarea" duela nabarmendu du, hala nola, "Asuncion klinika eta arreta berezietarako, Donostiako Unibertsitate Ospitalea". Arreta sare hori "osoa eta baliabide publikoz erabat finantzatua" dela azpimarratu du Osasun sailburuak: "Osasun sare publikoa da, eta arreta kalitateari eta irisgarritasunari dagokionez, osasun sistema onenen jabe diren Europako herrialdeko mugakideen parekoa da".

Tolosako Asuncion klinikari dagokionez, sailburuak berretsi du bertako profesionalak "Osakidetzako gainerako langileak bezain gaituak" direla. Klinikaren zerbitzuari buruz, berriz, euskal osasun zerbitzuko gainerako ospitaleetan eta zentroetan erabilitako parametro berdinen arabera ebaluatzen dela esan du. Ildo horretatik, herritarrak eskualdeko klinikarekin "gustura" daudela adierazi du, egin berri duten inkesta baten emaitzetan oinarrituta: "Zentroan eginiko azken gogobetetze inkestaren arabera, galdetutako pertsonen %95 jasotako zerbitzuarekin pozik dago".

Bada, Jon Darponek esan duenez, "hori guztia kontuan izanda, ezin da ulertu zer arrazoi ezkutu medio itxuragabetu nahi den errealitatea". Halaber, saiburuak esan du ez duela ulertzen zergatik jarri nahi den zalantzan "Tolosaldeko osasun arretaren kalitatea bermatzeko funtsezko elementu bihurtu den klinikaren jardun ona", eta gogoratu du, 90eko hamarkadan eskualdeko alkateak beraiek izan zirela Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari zerbitzuak ituntzeko akordioa sinatzea eskatu ziotenak. Bestalde, "ulertezina" dela esan du, "egungo egoera ekonomikoa eta Donostiako Unibertsitate Ospitalea 25 kilometrora daudela kontuan hartuta, beste ospitale bat eraikitzea, ez baita bideragarria".

EH Bildu Legebiltzarrean

Darponen bisitaren harira, EH Bilduk sailburuak eskualdeko alkateen aurka hitz egin duela salatu du: "Herritarren ordezkari zuzenenak diren eskualdeko alkateen izena eta lana zikintzeko saiakera antzua izan da Osasun sailburuarena. Darpon ez da bere karguaren mailan egon. Gehien kezkatzen gaituena da pentsatu izana ordezkari politiko batek bere alderdiaren interesak herritarren interes orokorraren gainetik jartzen dituela. Baliteke bere alderdian horrelako adibide asko izan dituela”. "Agerikoa da sailburua deseroso sentitzen dela bere kudeaketa kritikatzen duen ororekin", gaineratu dute.

EH Bilduren ordezkariak argitu du koalizioak eta bere ordezkariek ez dutela inoiz profesionalen maila kritikatu, "gure helburua da osasun publikoaren kudeaketa eta arreta erabat publikoa izatea, besterik ez".

Koalizioak era berean, Tolosako otsailaren 15eko manifestazio jendetsua ekarri du gogora. Mobilizazioaren ondotik, manifestazioa babesten zuten eskualdeko alkateen agerraldi eskaera aurkeztu zuen EH Bilduk Legebiltzarrean, eta otsailaren 21ean, ostiralean, egin zuten eskaera. Hala, ganberako osasun batzordeak euren azalpenak eta iritziak entzuteko aukera izango du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!