Adunako udalak "gogor" salatu ditu hondakinen birziklagune txabolen aurkako erasoak

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 24a, 19:24
Duela astebete Zubitxiki industriguneko hondakinen birziklagune txabola erre zuten; honakoa bigarren erasoa da.

Adunako alkateak eta zinegotziek pasa den astean birziklagune txabola batek jasandako bigarren erasoa salatu dure prentsaurreko batean. Duela astebete, hilaren 17an, 21:30ean, bigarren "erasoa" izan zen, bi hilabetean. Zubitxiki industriguneko hondakinen birziklagune txabola erre zuten. Urtarrilean ere, Aduna eta Villabona lotzen dituen zubiaren ondoko birziklagune txabola ere erre baitzuten.

Gauzak honela, Adunako Udalak "gogor" salatu du gertatutakoa: "Ez dakigu zeintzuk izan diren egileak, ez dakigu bertakoak edo kanpokoak izan diren, dakigun bakarra, Adunan ez dela polemika berezirik egon bilketa sistemaren aldaketaren harira. Aldaketa, herritarrekin elkarlanean eta normaltasunez egin baita eta erasoarekin herritar hauek dira kaltetuenak, bere egunerokotasunean aldaketak suposatzen dizkietelako".

Azken hilabeteetan, hondakinen gaiarekin "polemika politiko guztiz interesatua sortu nahian" ibili direla salatu zuten; izan ere, "Adunakoa ez da gaikako bilketa egiteko erabiltzen den mobiliarioaren aurkako eraso bakarra izan".

Josu Amilibia alkatearen esanetan "hondakinak jasotzeko sistemaren aldaketak ez du arazo aipagarririk sortu Adunan". Herritarrak "pozik" daudela azpimarratu dute, "herritarrak modu ezin hobean" erantzun dute euren ustez. Halaber, gogorarazi zuten Adunako herriak saria jaso zuela hondakinen sistemarengatik, herri txiki bezala, "iraunkortasunaren alorrean egindako aurrerapenengatik".

 Hortaz, Adunako Udalak eta herritarrak "bideari eutsiko diogula" adierazi zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!