Berastegi, Lizartza, Alkiza eta Leaburu-Txarama ere Zero Zabor herri dira

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 2a, 16:16
Orendain izan zen Euskal Herriko lehen Zero Zabor herria
Lau herrietan sortzen duten materia organiko guztia herrian bertan kudeatzen dute, eta gainerako zatiki guztiak ere gaika biltzen dituztenez, ez dute ia errefusa sortzen.

Lau herri hauekin guztira 11 izango dira materia organiko guztia herrian bertan kudeatzen duten herriak. Orendain, Orexa, Elduain, Berrobi, Amezketa, Altzo eta Aduna dira jada Zero Zabor herriak direnak.

Uda baino lehen Tolosaldeko beste hiru herri ere izango dira Zero Zabor, Asteasu, Belauntza eta Bidania-Goiatz, hain zuzen. Guztira hortaz, uda baino lehen 17 Zero Zabor herri izango ditu Gipuzkoak. Izan ere, Beizaman, Errezilen eta Aizarnazabalen ere segituan hasiko dira materia organiko guztia kudeatzen. 17 herri hauetan ia 9.000 lagun bizi dira, eta Berastegi da mila biztanle baino gehiago dituen Gipuzkoako lehen Zero Zabor herria, eta ondoren, Asteasu batuko zaio.

Iñaki Errazkin, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, oso balorazio ona egin du Zero Zabor herrien dinamikaz. "Herri horiek guztiak izugarrizko aurrerapausoa ematen ari dira hondakinen kudeaketa egokiaren bidean. Lehen ez zuten materia organikoa biltzeko sistemarik eta birziklapena borondatezkoa zen; orain beste sistema batera egin dute salto, non birziklatzea betebehar moduan ulertzen duten eta non organikoa herrian bertan konpostatu eta erabiltzen duten", esan du.

Azken ezaugarri horren garrantzia nabarmendu du Errazkinek: “Kontuan har dezagun edozein herritarrak normalean sortzen dituen hondakinen ia erdia materia organikoa dela. Zero Zabor herrietan bizilagunek sortutako organiko guzti-guztia herrian bertan tratatzen da: organiko hori ez da herritik ateratzen, ez da inora eraman behar, ez da inongo plantatan tratatu behar… Herrian bertan irtenbidea ematen diote arazoari, eta alor horretan, behintzat, bete-betean gauzatzen dute ekonomia zirkularraren printzipioa”.   

Zero Zabor herriek lurralde osoari ekarpen handia egiten diotela adierazi du foru diputatuak. “Herri txikiak dira gehienak, nahiz eta mila biztanle baino gehiagoko udalerri bat dugun orain. Baina ez dugu ahaztu behar herri txiki horiek 9.000 herritarren organiko guztia kudeatzen dutela eta baliabideak aurrezteko aukera ematen diotela Gipuzkoari. Horrez gain, bidea erakusten dute eta agerian uzten dute ahalegin txiki batez eta neurri egokiak hartuta hondakinak modu iraunkorrean, eraginkortasunez eta merkeago kudea daitezkeela. Beraz, eredugarriak dira”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!