Erakundeekin euskaraz aritzeko eskubidea eta beharra

IƱigo Terradillos 2014ko api. 16a, 18:17
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina ari dira bultzatzen eskualdean

Bospasei urte dira Tolosaldean, Galtzaundi Euskara Elkarteak, UEMAko udalerriek, Kontseiluak eta hainbat herrik errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu zutenetik. 2012an eskualdeko ia 5.000 lagunek aukeratu zuten euskara, aitorpena egiteko. Aurten, kopuru hori handitu nahiko lukete kanpainarekin bat egin duten eragileek.

Tolosaldeko 17 udalerritan, errenta aitorpena euskaraz herritarren %22,4k egiten du. Miren Segurola, UEMAko koordinatzaileak Tolosaldeko Atariari adierazi dionez, «buelta horretan dabiltza udalerri gehienak». Aurten UEMAk lehen aldiz mankomunitateko herri guztietara zabaldu du kanpaina. «Duela urte batzuk eskualdeetan beste eragileekin elkarlanean abiatutako ekimenak, beraz, Euskal Herri osoan izango du zabalpena».

Gaur egun, udalerri euskaldunetan administrazioarekiko harremanetan erdarara jotzeko ohitura handia dago, eta Segurolak nabarmendu duenez, kanpainarekin herritarrak «aktibatu» nahi dituzte, era horrela administrazioaren euskalduntzea azkartu. UEMAko koordinatzailearen ustez, «administrazioaren euskalduntzean urrats asko egin dira eta aukera horiek probestu behar dira beldurrak uxatuta».

2013ko errenta aitorpena egiteko modu mekanizatua aukeratuz gero, hitzordua hartzerakoan aitorleak Ogasunarekin harremanak euskaraz nahi dituela adierazi dezake. Aurrez aurreko harremanak, telefono edo internet bidezkoak, euskaraz izateko aukera ematen du Ogasun sailak. Autolikidazio proposamena euskaraz jasotzeko eskaera eginez gero, aurrerantzean agiriak hizkuntza horretan bidaliko zaizkio aitorleari. Eta aitorpena internetetik egin nahi izatera, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi daiteke saretik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.

Lagungarriak
UEMAko kide diren eskualdeko udalerrietan, Amasa-Villabonan, Ibarran eta Zizurkilen gauzatuko da kanpaina. Errenta aitorpena euskaraz nola egin daitekeen azaltzen duen eskuorri bat banatu da herri horietan, etxez etxe. Lagungarri gisa, hiztegitxo bat ere azaltzen da eskuorrian. Errenta aitorpena egiterakoan erabiltzen diren ohiko hitzak eta haien gaztelaniazko ordaina ageri dira bertan.

Miren Segurolak esan duenez, «zaila egiten zaiguna aitorpena bera da, maiz arrotzak zaizkigun hitzak agertzen zaizkigulako; hortaz erdaraz bezain konplikatua bazaigu euskaraz egitea eta saiakera derrigor egin behar badugu, egin dezagun geure hizkuntzan».

Tolosaldeko 17 herritan 4.957 lagunek egin zuten 2012ko errenta aitorpena euskaraz. Kopuru hori gainditzea da eskualdean abiatu den kanpainaren helburua.

Tomas Ugaldebere • Ibarrako euskara teknikaria

«Ibarran errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua %7 igo da»

Zenbat denbora daramazue kanpaina honekin Ibarran?
Bost bat urte daramatzagu. Aurten proposamena UEMAtik etorri zaigu eta filosofiarekin bat gatozenez kanpainarekin bat egitea erabaki dugu.  

Zure ustez zergatik da garrantzitsua errenta aitorpena euskaraz egitea?
Azken batean, ibartarrek administrazioarekin harremanak euskaraz egin ditzaten da helburu nagusia. Horretara bultzatu nahi ditugu herritarrak.

Geroz eta gehiago al dira Ibarran errenta aitorpena euskaraz egiten dutenak?
2012. urtean adibidez, %20 inguruk egin zuen errenta aitorpena euskaraz. 2008an kanpainarekin hasi ginenean, 328 lagun baino ez ziren hautu hori egin zutenak. Eta lau urtetan kopuru hori handitu egin da, %13tik %20 pasa baikara. Kontentu gaude.

Zuengana gerturatzen al da jendea zalantzekin?
Normalean diru kontuak tarteko direnean beldurra izan ohi dugu. Hona udaletxera inork ez du hots egin laguntza eske, baina esan izan digute Ogasun sailera deitu dutenean eragozpenik ez dietela jarri izan azalpenak emateko.

Aurtengo kanpainarako helburua non jarri duzue?
Printzipioz informazioa banatuz eskuorri bat zabaldu dugu etxez etxe, jarraitu beharreko pausoak adieraziz. Beste urrats bat eman eta aurten Ibarran 500eko kopurura iritsi nahi genuke.

 

Jose Luis Izagirre • Tolosako errenta bulegoko arduraduna

«Errenta aitorpen korapilatuagoak etortzen zaizkigula nabaritu dugu»

 


Errenta aitorpenaren kanpaina hasi da, beraz, 2013 urteko kontuak egitea egokitzen da. Ondorioz, Tolosako bulegoan herritarren joan-etorria etengabekoa da egunotan. Jose Luis Izagirre tolosarra da errenta bulegoko arduraduna, berak dioenez, errenta aitorpena «bizitza bera bezala konplikatu da».
Zer da errenta aitorpena?
Orain egiten ari garena urteko kontuak dira. Legeak finkatzen du errenta lortzea zer den, lan etekinak edota kapital higiezin eta higikorren etekinak kontuan hartuta. Errenta horiek izateagatik zenbat dagokizun Ogasunari ordaintzea aztertzen da. Urtean zehar aurreratu duzuna kontuan hartzen da, hau da, ordaintzea dagokizuna baino gehiago aurreratu baduzu, Ogasunak itzuli egingo dizu, eta alderantziz.
Nor dago behartuta errenta aitorpena egitera?
Lan etekinetan 12.000 eurora iristen ez dena ez dago egitera behartuta, eta 20.000 euro gainditzen dituena bai. Tarte horretan daudenak, baldintza batzuk betetzen badituzte ere egitera behartuta daude, esaterako kontratu bat baino gehiago izatea.
Zenbat herritar pasako dira Tolosako bulegotik ekainera bitarte?
Legorretatik Villabonara bitarteko herritarrak hartzen ditugu. Dena den, beste herriren bateko jendea etor daiteke Tolosako bulegora egitera. 8.000 errenta aitorpen egiten ditugu gutxi gorabehera.
Jendeak zer nahiago izaten du, berehala egin edo patxadaz hartu?
Normalean, jendeak lehenengo egunetan egin nahi du, bereziki kobratzea egokitzen zaienek. Gainera, aurten, Aste Santuko oporraldiaren aurretik hasi da, beraz, kasu horietan are eta gehiago nabari da hori, Aste Santurako kobratu nahi izaten baitu jendeak.
Etxean proposamena jasotzen dutenek zer egin behar dute?
Hori onartu dezakezu, bai internetez bai eta telefonoz ere. Batzuk zalantzaren bat dutelako, zerbait aldatu nahi dutelako edo gaizki dagoela iruditzen zaielako bulegora etortzen dira.
Errenta aitorpenarekin zalantzak izateko arrazoi nagusiak zein dira?
Errenta aitorpena bizitza bera bezala konplikatu da. Lan etekinak soilik izanez gero, ez da konplikatua. Baina, demagun, pertsona bat ezkondu edo banandu egin dela, hor konplikazioren bat egon daiteke, edo baita etxea erosi edo saldu badu. Nabaritu duguna da, errenta aitorpen korapilatuagoak etortzen direla. Garai batean, etxera egina bidaltzen ez zutenean errenta sinpleagoak ere etortzen ziren. Gaur egun, gainera, errezak edo sinpleak direnak, normalean, etxera eginak iristen dira.
Zenbat bidaltzen dituzte eginak?
Urtetik urtera gehiago bidaltzen saiatzen dira. Duela hamar urte baino gehiago hasi ziren autolikidazio proposamenak bidaltzen. Gaur egun, ia hiru herritarretatik bik jasotzen dute, %60 inguruk. Noski, beti geratzen da zati bat, ezinezkoa dena proposamena bidaltzea, Ogasunak ez dituen datu batzuk beharrezkoak direlako egiteko. Hala ere, aurten, berrikuntza moduan, hasi dira proposamenak bidaltzen jakinda datu batzuk falta zirela. Errentan pisua emanda dutenak edota errentan daudenak hasi dira jasotzen, baina, ohar bidez ohartarazi zaie datu batzuk falta daitezkeela.
Datuak ezkutatu nahi dituenak modu errazean egin al dezake?
Gero eta zailagoa da, gero eta informazio gehiago baitugu. Informazioa jakiteko iturriak lehen askoz ere txikiagoak ziren. Horregatik, iruzurra aurkitzea errazagoa da gaur egun. Hala ere, beti daude legearen aurretik aritzen direnak, eta zirrikituak aurkitzen dituztenak.
Iruzurra egiten duenak, gizarte osoari egiten al dio iruzurra?
Bakoitzak bere zatia jartzen du, beraz, norbaitek iruzurra egin, eta bere zatia jartzen ez badu, bere poltsikorako egingo du iruzurra, baina, baita beste guztion poltsikorako ere.
Jendeak espero al du errenta aitorpenaren emaitza?  
Denetarik dago. Gaur egun lehen baino gehiago jakiten du jendeak gutxi gorabehera zer emaitza izango duen. Aurreko urteetakoarekin emaitza aurreikusten dute. Gainera, banketxeetan edota aholkularitzetan zirriborro modukoak ere egiten dituzte. Ondorioz, orokorrean, jendea zantzu gehiagorekin etortzen da errenta egitera. Urtean zehar eragiketa bereziren bat izan badu, ziurrenik badaki horrek eragina izango duela, onerako ala txarrerako. Badira, hala ere, inondik inora espero ez zutenak izan duten emaitza.
Zergatik gertatu daiteke espero ez duzun emaitza hori?
Eragin handiena salmentek izaten dute, etxebizitza salmentak, esaterako. Lan kontratu bat baino gehiago izan badituzu ere gerta daiteke ezustekoren bat izatea. Izan ere, nahiz eta bakoitzari dagokion atxikipena egin, bien batura egiterakoan hartu behar izaten da kontuan. Gerta daiteke, baita ere, etxebizitza kontu batengatik kenkari batzuk izan dituenak azkenean etxea ez erostea; kasu horretan urte guztietan jasotako kenkariak itzuli beharko lituzke. Hori gertatzen zaionak normalean jakiten du egoera horretan dagoela.
Euskara gero eta gehiago erabiltzen al da errenta bulegoan?
Gaur egun langile guztiek dakite euskaraz, eta esango nuke bulegora datozen herritarren erdiek behintzat euskaraz egiten dutela. Hori bai, hitz teknikoak-eta sartzen direnean, agian, gaztelerara jotzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!