Memoria historikoaren alde egingo duen egiaren batzordea eratuko dute Europako Parlamentuan

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 22a, 10:02
Hain justu, Egiaren Batzordearen Aldeko Plataformak asteon Europako Parlamentuan antolatutako jardunaldi batzuen harira sinatu dute adierazpena. Tolosako zinegotzia den Aralarreko Iñaki Irazabalbeitia eta EAJko Izaskun Bilbao eurodiputatuek sustatu dute egitasmoa, Espainiako eta Kataluniako beste hainbat ordezkarirekin batera: PSOEko Miguel Angel Martinez eta Vicente Garces, IUko Willy Meyer, ICVko Raul Romeva eta CiUko Ramon Tremosa.

Oraingoan Europako Parlamentutik heldu zaio Espainiako Gobernuari memoria historikoarekin lotutako eskakizuna. Frankismoko krimenak ikertzea galdegin diote 30 eurodiputatu inguruk, eta, horretarako, egiaren batzorde bat sortzea hobetsi dute. «Estatutik antolatutako botere aparatuek diseinatutako eta gauzatutako genozidio, gerra eta gizadiaren kontrako krimenak» izan zirela onartu dute, eta krimenon biktimek egia, justizia eta ordaintzarako eskubidea dutela nabarmendu: «Giza eskubide bat da».


Europako Batasuneko kide diren 11 estatutako diputatuek egin dute bat idatziarekin, besteak beste, Frantzia, Alemania, Eslovenia, Irlanda, Grezia, Txekiar Errepublika, Portugal, Finlandia eta Ziprekoek. Lau talde politikoko kide dira: sozialdemokratak, liberalak, Europako Ezker Batua eta Berdeak. Europako Parlamentuak zazpigarren agintaldia amaitu bezperan lortu dute testua aurrera ateratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!