Internet besteko komunikazio parte-hartzailea

Ainhoa Oiartzabal 2014ko api. 23a, 08:37
Guifinet elkartea komunikazio telematiko «libre eta neutrala» edukitzeko lanean ari da

Interneten besteko banda zabaleko sare telematikoa edukitzeko modu merkea. «Aukera hori ematen diegu herritarrei», dio Asier Garaialde Gipuzkoa Shareko kide eta Guifinet sarea hedatzeko arduradunak. Tolosaldearen kasuan, abiadura txikiko interneta dagoen tokietan, demagun Altzon edo Abaltzisketan, abiadura hori biderkatu egingo luke Guifinetek. Hau da, kalitate berbera jarriko luke eskualdeko herritar guztien eskura, «eta horrela, ez lirateke herrien arteko desoreka teknologikoak egongo». Eta horrek, eskualdearen garapenean lagunduko lukeela nabarmendu du Guifineteko arduradunak. «Gaur egun herritarrek erabiltzen duten internet sarearen mugak gainditu egingo lirateke».

Guifi.net proiektua duela 10 urte jarri zen abian Katalunian. Egun, 23.465 erabiltzaile ditu, eta 2007an Kataluniako Generalitateak Telekomunikazioen Sari Nazionala eman zion proiektuari. Egitasmoko presidente Ramon Rocak jaso zuen saria, eta honela laburbiltzen du egitasmoaren filosofia: «Guifi.net herri proiektua da; herritarrek sortzen dituzte komunikazio sareak, eta ez betiko operadoreek».

Guifinet sistema egun internet kontsumitzeko dugun eredutik oso bestelakoa da. Jarrera aktiboagoa eta kolektiboagoa eskatzen du erabiltzailearen aldetik; «Adibidez, Abaltzisketako elkarte batek Tolosan kontrata dezake internet zerbitzua, eta gero, berak, Abaltzisketan zehar zabaldu dezake zerbitzu hori», azpimarratu du Garaialdek. Edo udalerri batek erabaki dezake bera egitea interneteko bezero eta haren zerbitzua doan eskaintzea herritarrei Guifinet bitartez. Beraz, ez da ohiko komunikazio enpresen eskaintza; «Guifinet errepide sare bat da, eta beraz, internetera konektatzeko, internet zerbitzu hori emango duen enpresa edo erakundea egon behar da. Eta ez bat bakarrik, asko egon daitezke aldi berean».

Aukerak nabarmen zabaltzen direla uste du Garaialdek: «Azken finean, guk errepidea sortu dugu, eta errepide horretatik konexio bat baino gehiago eraman daiteke batetik bestera». Eta Guifinet sareraren erabiltzaileek modu antolatuan eta adostuan erabakiko dute zer-nolako zerbitzuak partekatu beren artean.

Wifia ez da bide bakarra
«Guifinet ez da wifi bidez sortutako sarea; momentu honetan wifia erabiltzen da proiektu herrikoia delako eta beraz, merkea izan behar duelako», egin du zehaztapena Garaialdek. Baina momentu honetan Tolosaldea bezalako eskualde batean kable bidez halako sarea antolatzea ez litzateke merke irtengo, «eta ondorioz, ez litzateke herrikoia izango». Hala ere, ez du baztertzen etorkizunena wifiaz besteko sistemaren baten bitartez ehuntzea Guifinet proiektua. Katalunian adibidez, non hamar urte daraman Guifinet proiektuak martxan, hasi dira zuntz optiko sareak garatzen. «Euskal Herrian hasi berriak gara, eta oinarri soziala garatu eta sarea sortu behar dugu halako jauzia ematen hasi aurretik». Baina helburua hori izan beharko lukeela dio: «zuntz optikoak askoz ere kalitate handiagoa baitu».

Eta wifia kaltegarria al da? Askotan egin diote galdera, eta horren sorburua, wifiaren potentzialitatea -internet partekatzeko erraztasuna, adibidez- murriztu nahi duten telekomunikazio enpresa handiei egozten die Garaialdek. «Uhin elektromagnetikoen arriskuez ohartarazten duten taldeek diote, gehienera, 0,6 boltio/m emititu beharko litzatekeela; legeak dio, gehienera, 61 boltio/m emititu daitekeela; eta guk erabili ohi dugun wifi sistema 0,35-0,40 boltio/m neurrian egon ohi da. Beraz, ez da oso ulergarria wifiaren uhin elektromagnetikoez kezkatzea».

Alegiako plazan, martxan
Aipagarria da Alegiako plazan jada aukera dagoela internet sare «askea» erabiltzeko. Izan ere, Gipuzkoa Shareri esker kablerik gabeko konexioa erabili daiteke inolako kostu ekonomikorik gabe. Gainera, Alegiako Udalaren asmoa konexio puntu aske horiek herri guztira zabaltzea da.

 

 

 

 

Guifinet 'Ataria' irratiarekin elkarlanean

Guifinet sareari esker ari da ATARIA Irratia eskualdean herri eta toki guztietan ongi entzun dadin egin beharreko azpiegitura teknologikoak aurrera eramaten. Hala, Tolosako Urkizu auzoan jarritako emisorean hari lotutako antenak aldatu eta gero, Tolosan bertan, Alegialdean eta Ibarraldeko hainbat herritan nabarmen hobetu da ATARIA Irratiaren Fmko 107,6ko seinalea. Berehala, Berastegin jarriko da beste emisore eta antena bat, eta Aiztondo bailaran ongi entzun dadin Amasako Alustizan gauza bera egitea da asmoa.

 

 
 

Asier Garaialde, Gipuzkoa Shareko kidea

"Operazio gunea Tolosan jartzea baino ez da falta Guifinet Tolosaldean erabiltzen hasteko"

 

Tolosaldeko hainbat herriren arteko komunikazio telematiko «libre eta neutrala» eratu duzue. Nolakoa da internet besteko sare hori? Nola eraiki duzue?
Momentu honetan, Andoaindik Abaltzisketa arteko sarea eginda dago. Horrek esan nahi du Andoiango bat Abaltzisketako batekin telematokoki komunikatu daitekeela, internet erabili gabe. Hau da, sare telematikoa ia bukaturik dago, Ikaztegieta ingurua falta zaigu. Baina esan dezakegu Tolosaldeko herri gehienak elkarrekin konektatuta daudela Guifinet bitartez.

Herrien arteko loturak egin ditugu. Adibidez, Andoain dago lotuta Adunarekin, Aduna lotu dugu Hernialderekin, handik Anoeta eta Irura lotu ditugu, hortik Urkizura jo dugu eta bertatik Orendainera,... horrela, herriz herriko loturak eginez, Tolosalde osoa estaliko duen sare telematiko bat sortuko dugu, librea eta neutrala. Izan ere, sare hau irekia da edonorentzat. Erabiltzaile guztiek baldintza berberetan erabiltzen dute, ez da mugatzen ordaintzen duzun kopuruaren arabera.

Eta jada erabilgarri dago osatu duzuen sarea?
Ia-ia. Sarea kudeatuko duen «bihotza» jartzea falta da, eta horren kokalekua. Hau da, sarearen operazio gunea. Horren bitartez egiten zaio jarraipena sarearen egoerari, arazoren bat baldin badago konpontzeko. Hori falta da sarea bukatutzat emateko, eta Adunako bat Abaltzisketako batekin komunikatu ahal izateko.

Gune hori Tolosan ezarri nahi dugu. Batetik, eskualdeko hiriburua delako eta bestetik, geografikoki, Tolosaldearen erdialdean dagoelako. Izan ere, Urkizutik ateratzen dira loturarik gehienak, eta beraz, oso logikoa da Urkizutik gertu dagoen kokagune batean edukitzea gunea.

Horregatik egin diogu eskaera Tolosako Udalari, eta horretan gaude. Sarearen operazioa gunea Tolosan jartzea baino ez da falta Guifinet Tolosaldean erabiltzen hasteko.

Tolosan eskatu duzuen egoitza horretan, ordea, ez litzateke sarearen «bihotza» soilik kokatuko; zer eskaini nahi duzue bertan?
Zerbitzariak eta beste jarri nahi dugun egoitza nahikoa egoitza handia da eta hainbat aukera ematen ditu. Esaterako, Guifinet interneta eramateko baino zerbait gehiagorako dela erakutsiko genuke. Hau da, barne sareak garatzeko aukera oso handiak dauzka, eta hori bultzatu nahi dugu. Zeren eta normalean, erabilera hori software eta hardware libreekin «jolasten» dugunok dakigu, baina gure asmoa jakinduria hau herritarrei zabaltzea da. Izan ere, gaur egun teknologia oso merke dago eta gauza asko egin daitezke, lizentziak irekiak baitira. Baina herritar arruntak hori dena ez du ezagutzen. Eta Tolosaldean hori dena landuko duen laborategi teknologikorik ez dagoenez, eta aprobetxatuz guk gure sarearen erdigunea bertan jarri nahi dugula, ba sor daiteke informazioa partekatzeko halako gune bat. Jendeak teknologia erabiltzen ikasiko luke, eta haren erabilera soziala areagotuko genuke. Gauza asko egin daitezke oso modu errazean.

Aldi berean, telekomunikazio azpiegituren kokaguneei buruzko Talaia proiektua jarri duzue martxan. Zer proposatzen duzue horrekin?
Guifinet sare librearen proiektua da. Eta hori garatzean, konturatu ginen arazo handienetako bat zela kokapen estrategikoen falta. Hau da, komunikazioa zabaltzeko puntu altuak behar dira, telebistak edota irratiak behar dituenak. Eta konturatu ginen herri proiektuetan horiek bilatzeko zailtasunak genituela. Izan ere, kokapen estrategiko horietako gehienak hartuta daude operadora komertzialengandik. Toki «on» guztietan, Eusko Jaurlaritzaren azpiegitura publikoekin batera operadora hauek daude. Gauzak horrela, hain toki onak ez diren alternatibak bilatu behar izaten dituzte Guifinet bezalako herri proiektuek, eta oso zaila egiten zaigu.

Arazo hori guk ez ezik edozein herri proiektuk, irrati, komunikabidek,... eduki zezakeela ikusi genuen, eta horrela sortu genuen Talaia proiektua. Honen bitartez, kokagune estrategiko horietan herri komunikabideok erabiliko ditugu azpiegitura amankomunak sortzea da xede, udalekin elkarlanean. Eta ondorioz, proiektu horiek askoz ere errazago garatuko lirateke. Gainera, herri proiektuen arteko elkarlana bultzatuko litzateke, eta partekatu egingo lirateke hainbat gauza; azpiegturen mantenua, esaterako.

Laster Espainiako Gobernuak azpiegitura horiek jartzen diren tokien eskumena beregain hartuko duela diozue. Zer ondorio ekar ditzake lege berri horrek?
Momentu honetan jada eskumen gutxi dituzte udalerriek telekomunikazio azpiegiturekiko. Hemen izugarrizko lobby-ak daude, eta pixkanaka legea aldatzen joan da telekomunikazio enpresa handi hauek geroz eta errazago eduki dezaten beren azpiegitura ezartzea. Hala, udalak eskumenak galtzen joan dira, eta azken aldaketa ateratzear dagoen telekomunikazio lege berria izango da. Lege berri honek, beste gauza batzuren artean, udalerriek telekomunikazio azpiegituren kokaguneak kudeatzeko duten eskumen gutxia kendu egiten diete. Hala, azpiegiturak jartzeko baimena erabakitzeko eskumena Espaniako Industria Ministeriorarengan geratzen da. Ondorioz, nork jarriko ditu azpiegiturak toki estrategikoetan? Ba Industria Ministerioarengan eragiteko gaitasuna duten lobby garrantzitsu hauek. Eta herri proiektuek non izango dugu tokia gureak jartzeko? Ba hauek uzten dizkiguten tokietan. Eta noski, toki horiek ez dira onak izango; toki onak haien esku geldituko dira.

Horregatik, oso garrantzitsua da lehenbailehen udalek halako tokietan herri proiektuentzako azpiegiturak ahalbidetzea. Hala, udalek toki horien gaineko eskumenak galtzen dituztenerako guk jada gure lana eginda edukiko dugu eta jada ezingo digute kendu.

Batez ere Tolosaldeko udalei aurkeztu diezue proiektua. Zergatik?
Guifinet proiektuarekin elkarlanean ari diren udalak direlako. Eta Guifinet sarea behar bezala hedatzeko Tolosaldean, Alustizan eta Oiaunen kokatuko liratekeen loturak behar-beharrezkoak ditugulako. Alustizatik adibidez, Hernion jada jarrita dugun loturarekin egingo genuke lotura eta horrela, Gipuzkoako beste eskualdeetako herrietara iritsiko ginateke. Eta ez guk bakarrik; ATARIA Irratia berak ere kokaleku horietan behar ditu bere azpiegiturak eskualde osoan ongi entzun dadin.

Tolosaldekoei ez ezik, Pasaia, Errenteria, Oñati, Eskoriatza, Elgeta, Azkoitia eta beste zenbait udalerriri ere aurkeztu diegu proiektua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!