Justizia Administrazioaren pribatizazioa

Tomas Karrera: "Gure datuak merkantzia bihurtu nahi dituzte"

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 24a, 09:49
Tomas Karrera LABeko ordezkaria da Justizia Administrazioan. Datozen hilabeteak oso garrantzitsuak izango direla dio, Espainiako Justizia ministroak administrazioa pribatizatzeko prestatutako aurreproiektua bozkatu beharko baita Espainiako Kongresuan. Horregatik dio Eusko Jaurlaritzak bere esku dagoen guztia egin behar duela justizia publikoa mantentzeko.

Salatzen duzuenez, Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak prestatutako aurreproiektuaren ondorioz Erregistro Zibila Justizia Administrazioaren kanpo geratu daiteke, zer ondorio ekarriko luke horrek?
Bake Epaitegiak Justizia Administrazioaren barruan daude orain, eta bertako lanaren %80 Erregistro Zibila da, eta beraz, kentzen badute Bake Epaitegiak ez du zentzurik izango. Tolosakoa izanik Tolosara etorri eta datuak eskatzea oso erraza da, baina zerbitzua pribatizatuz gero behar bada eskaera ezingo da herrian bertan egin. Era berean, orain badakigu datu horiek ondo kudeatuta daudela, baina gero ez dakigu datu horiekin zer egingo duten, merkantzia bihurtuko dira, eta oso arriskutsua da hori. Oraingoz etorkinak dira kaltetuenak izango direnak, nazionalitatea lortzeko hemendik pasa behar dira eta, baina orokorrean guztioi eragingo digu, jaiotza bat erregistratzeko adibidez 50 euro ordaintzera pasa gaitezke eta behar bada eskaera ezingo dugu herrian bertan egin...


Pribatizazioa hasi dela esan daiteke, tasak ordaindu behar dira jada. Jaurlaritzaren laguntza eskatu izan duzue zentzu honetan, zer egin dezake Lakuak?
Tasak ezarrita daude jada, baina Eusko Jaurlaritzak badu aukera tasen bidez jasotzen den dirua zertara bideratuko den erabakitzeko, hori negoziatu dezake Madrilgo Gobernuarekin.


Justizia hala ere, ez da Gasteizko Gobernuaren eskumena.
Justizia transferitu gabe dago eta beraz, Espainiako Ministerioaren esku dago. Eusko Jaurlaritzak lan kudeaketa du  bere gain, hau da, lan baldintzak; esan daiteke Eusko Jaurlaritzak dirua ematen duela, eraikinak eta langileak dituela bere gain. Azken 20 urteetan Jaurlaritzak ez du ezer egin Justiziaren konpetentzia eskuratzeko, baina egin beharko luke. Katalunian eta Andaluzian, esaterako, Justizia transferituta dute.


Jaurlaritzari hortaz, eskuduntza eskatzeko exijitzen diozue.
Guri ez zaigu inporta Eusko Jaurlaritzak Erregistro Zibila bere gain hartu eta zerbitzu propio bat sortzea, edo udalen esku uztea. Baina zerbait egin behar du.


Pribatizazio saiakera honek zuen lan baldintzetan ere izango du eragina, baina ez da borroka berria zuen artean.
Egia esan gure lan baldintzak nahiko txarrak izan dira beti, EAJ gobernuan egon denean, ez gaitu bere funtzionario bezala hartu, Espainiakoak bezala hartu izan gaitu. Borrokan aritu gara eta pixkana zerbait hobetzea lortu dugu. Egia da ere Patxi Lopez (PSE-EE) Jaurlaritzara iristerakoan zuzendaritza aldatu eta etxeko jendea, Justizia lan egiten zuen jendea alegia, jarri zuela, eta horrek gure lan baldintzak  asko hobetu zituen, ia-ia Eusko Jaurlaritzako langileen parean geratu ginelarik. Baina EAJ iritsi zenean berriz ere gobernura, atzera egin genuen eta berriz ere egoera desorekatu egin da. Eusko Jaurlaritzak duen ordutegia lortzeko urte bete egon gara borrokan, eta lortu dugu, eta borroka hori beste honekin lotu dugu orain.


Zein egoeratan geratuko zarete aurreproiektuak aurrera egiten badu?
Gallardoni aurreproiektua entzun genionetik ikusi genuen borrokatu behar genuela, alde batetik, badagoelako arriskua langile asko, behin behinekoak behintzat, kaleratzeko, eta bestetik, funtzionario direnen lan baldintzak asko okertu daitezkeelako. Orain arte epaitegi zehatz batean lekua ez zuenak ez du lortuko, erreferentzia hiri bat izatea lortu nahi dutelako, eta erreforma berriarekin ezta hori ere, lurralde mailakoa izatera pasako da eta, eta beraz, lortu dezakete beharra izanez gero Eibarrera bidaltzea edo Bergarara... langileok ez dugu postu finko bat izango.


Orain arte elkarretaratzeak egin dituzue ostegunero, baina ziklo hori itxi duzue jada, zer egingo duzue aurrerantzean?
Uztailean Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak (PSOE) ateratako legearen indarraldia amaitzen da eta hori bertan behera utzi edo luzatu behar dute, beraz, horren zain ere bagaude. Hala ere datorren astean bilduko gara, eta bertan erabakiko dugu borrokan nola jarraitu, hori argi baitugu, borrokan jarraitu behar dugula. Baina ez dakigu zer gertatuko den, negoziatzen daude. Denontzako Erregistro Zibila eta Justizia Administrazio publiko, kalitatezkoa eta doakoaren aldeko sinadurak biltzen jarraituko dugu. Herritarrek epaitegietara jo dezakete sinatzera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!