Tolosaldea lasterka, Oier Iribarrenen alde

Iñigo Terradillos 2014ko api. 24a, 13:56
Oier Iribarren San Filippo gaixotasuna duen ibartarraren alde ekimen berri bat antolatu dute hurrengo larunbaterako, maiatzaren 3rako. Tolosaldeko 28 herriak lotzen dituen ibilbidea osatu dute, 100 kilometro eta 3.600 metro guztira, eta bi mendi lasterkarik burutuko dute, Luis Lasak eta Juan Zubia ibartarrek, egun bakarrean. Helburua bi lasterkariak herri bakoitzetik igarotzean diru bilketa egitea litzateke.

Bi lasterlarien ekimenez sortu zen ideia, eta Ibarrako Udala eta Hauspoa elkartea izan dituzte antolaketa lanetan laguntzaile. "Tolosaldeko 28 herriekin ibilibide bat egiteko ideia hor genuen aspalditik, eta orain egokia iruditu zaigu egitea, eta bide batez Oierrentzat dirua biltzea", azaldu du Juan Zubia lasterkariak. Bi ibartarrak egon dira ibilbidea prestatzen, eta mendiko lasterketetan duten eskarmentuarekin, 14 ordu inguru beharko dituztela bidea egiteko aurreikusi dute. Hala, goizean goiz, 05:00etan abiatuko dira Ibarratik, eta eskualdeko herri guztietatik igaro ostean, 20:00etarako ailegatzea Ibarrara. 

Korrikaren antzerako ekimena

Bi korrikalariek argi utzi dute ez dela lasterketa bat, eta ahalik eta jende gehien ibilibidera batzea nahi dutela. "Gu erritmo batean joango gara, eta jendeak nahi duenean eta nahi adina kilometro egin ahalko ditu geurekin batera". Gainera, Tolosaldeko mendi lasterkari batzuek ere parte hartuko dute, hala nola, Leire Agirrezabala eta Iker Karrerak. Ekimena herri bakoitzera iristean bertako herritarrak zain izatea da helburua, eta gazteak nahiz helduak, eurekin korri egitea.

Izan ere, ahalik eta jende gehiago batu gero eta diru gehiago bildu ahalko dute, eta hori da elkartasun ibilbidea antolatu izanaren helburu nagusia: "Gaur egun sendabiderik ez duen gaixotasun honi aurre egin ahal izateko ikerketa bultzatu behar da, eta horretarako diru asko behar dute". Dirua biltzeko modu desberdinak egongo dira: Batetik, udal bakoitzak borondatezko kopuru bat jarriko du zabaldu duten kontu korronte batean; bestetik, herri bakoitzean kutxak jarriko dituzte herritarrek nahi duten laguntza emateko. Ibarrako plazan, bestalde, egun osoan zehar mosaikoa osatuko dute Oier izenarekin, herritarrak ematen doazen txanponekin. Uzturpe ikastolak, bestalde, maiatzaren 6an egingo duen elkartasun kilometroa Stop San Filippo fundaziora bideratuko dute.

Dirua ematearekin batera, herritarrak gai honen aurrean sentsibilizatzea ere lortu nahi dute.

 

Ekitaldi ugari

Datorren larunbatean, ekimena girotzeko, ekitaldi ugari egongo dira egun osoan zehar Ibarrako plazan. Diana izango da goizean, eta eguerdian triki poteoa egingo dute. 13:00etan, sokatira eta herri kirolak izango dira parte hartu nahi duen ororentzat, eta arratsaldean, txapel jaurtiketa eta pintxo potea egingo dituzte. Lasterkariak ailegatzen direnerako, berriz, Alurr dantza taldearekin egingo zaie ongietorria. Une hori izango da eguneko hunkigarrienetakoa, izan ere, azken metroak Oier berarekin egitea nahi baitute. "Ibarrara ailegatzen garen unean, sarreratik plazara bitarte herriko elkarte eta norbanako ugari batzea da asmoa, bukaera polita emateko", dio Zubiak. Korrika euskararen aldeko lasterketarekin ere alderatu dute: "Antzeko ekimena izango da, helburu zehatz batekin egiten den lasterketa baita, baina, Korrika baino jende gutxiagorekin, beraz, herritar oro animatu nahi dugu parte hartzera".

Bestalde, Ibarrako plazan lasterketaren mapa egongo da, eta lasterkariak uneoro non dauden jarriko dute. Era berean, facebook eta twitter bidez ere unean uneko jarraipena egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!