Maiatzak 1

Patronalak langileria ahuldu nahi duela salatu dute, Langileen Nazioarteko Eguneko manifestazioan

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 1a, 09:15
LABek deitutako manifestazioa Tolosako Trianguloa plazatik abiatzen
LAB sindikatuak deitutako manifestazioa Tolosako kaleetatik abiatu da; bestetik, Gazte Fronteak ekitaldia egingo du 19:00etan, Tolosako kultur etxean.

LABek deitutako manifestazioan «inposaketen gainetik, bestelako Euskal Herri bat eraikitzea» langileei dagokiela aldarrikatu dute, eta «estatuen inposaketa» salatu. «Hori da beren helburuak gailentzeko duten modu bakarra: inposatzea eta, gure eskubideak ez ezik, geure burua defendatzeko aukera ere lapurtzea», esan du sindikatuak.
Horren harira, azken hilabeteotan patronalak plazaratutako erabakiak ere ekarri nahi izan ditu gogora LABek, «orain arteko lan-harreman eredua guztiz deuseztatu» dutela nabarmenduz: «Kolektibotasuna desagertarazi nahi dute langileria ahultzeko eta, horrela, harreman indibidualen bitartez, lan-harremanak mehatxuetan oinarritzeko».
Salaketa horien bide beretik, gainera, Euskal Herriko gobernuen jarrera ere gaitzetsi du sindikatuak, izan ere, «diskurtsoan patronala salatzen duten arren», gobernuek ondoren bestelako erabakiak hartzen dituztela uste du: «Praktikan elite ekonomiko txiki bati begira baino ez dira aritzen, Madrildik inposatutako neurri guztiak zuzenean ezarriz».

 Gazte Frontea

Manifestazioaz gain, 19:00etan, ekitaldia egingo dute kultur etxean Gazte Fronteak.  Tolosako hainbat eragilek bat egin dute Gazte Ekitaldia antolatzeko. Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, Sanblaspiko Gazte Asanblada, Ikasle Abertzaleak eta Tolosako Gazte Libertarioak dira eragile horiek.

 

Antolatzaileek azaldu dutenez, «Maiatzak 1eko eguna ez da jai egun bat, borroka egun bat da. Horrekin lotuta hainbat eragileren artean ekitaldi bat antolatu dugu, eta bertan Tolosan osatu den gazte koordinadora ezagutzera emango dugu, eta bide batez langileen borrokarekin bat egingo dugu».


Hain justu, ekitaldiaren hasieran Gazte Frontea edo Gazte Koordinadoraren aurkezpena egingo dute, eta ondoren, langileen borrokari buruz hitz egingo da. Fronte horretan parte hartzen duten taldeek azaldu dutenez, «sistema kapitalista-patriarkal honek ezarri nahi dizkigun bizi baldintzei erantzuteko helburuarekin sortu da. Nahiz eta ideia ezberdinak ditugun, etsaia berdina da, eta horregatik sortu da Gazte Koordinadora».
Duela bi aste inguru hasi dira biltzen eta lau bilera inguru egin dituzte. Aurrera begira hilean behin elkartzeko asmoa dute: «Talde bakoitzak bere ideiak bota eta elkarrekin zer egin dezakegun antolatzen joango gara. Gazteoi eta langilego klaseari indarra ematen diguna batasuna da». Kordinadorak indarra hartzea nahi dutela esan dute, eta horretan ahaleginduko direla.

Gaur egingo duten ekitaldia guztiz irekia dela esan dute, eta batez ere gazteei zuzendu zaie parte hartzeko: «Interesgarria izango da, historian zehar garrantzitsuak izan diren pertsonaiei buruz hitz egingo dugu, bai komunistak, feministak, anarkistak...». Azken finean talde bakoitzetik pertsonaia baten inguruko biografia azalduko dute, eta baita taldearekin zerikusia duen abestiren bat jarriko dute.
Gazte bezala, lan munduan etorkizuna beltza ikusten dutela zehaztu dute koordinadoratik, eta gaineratu: «Gure eskubideen defentsan borrokatzen jarraituko dugu».


Sorturen deialdia


Tolosaldeko Sortuk ohar baten bidez dei egin dio bere oinarri militante eta sozialari, maiatzak 1ean, langile egunaren harira, parte har dezatela eskualdean burutuko diren bi ekitaldietan. «Oso garbi dugu dagoen alternatiba bakarra soberanista dela, ezkertiarra dela eta egungo hegemonia ekonomikoaren interesen kontra doala. Hel diezaiogun aukera horri, euskal bidean urratsak emanez, haserrea kalera atereaz eta alternatibaren irudikapena burutuko duen eskaintza politikoaren laguntzaz presio sozial zein politikoaren uztarketan indarrak metatzera», esan du.

 

 




Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!