Herritarrek osasun publikoa aldarrikatu dute giza kate baten bidez

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 17a, 13:14
TOPAk deituta Belateko osasun zentroa eta anbulatorioa giza kate baten bidez lotu dituzte gaur goizean. Herritar askok hartu dute parte mobilizazioan, eta horrela "era sinbolikoan Eusko Jaurlaritza-Osakidetzak orain hiru urte gauekotasun eta maltzurkeriaz Asuncion klinika pribatuari emateko kendutako espezialitate guztiak" berreskuratu dituztela esan dute. Era berean, lan mahai baten eraketa eskatzeko hasitako sinadura bilketa ekarri dute gogora, herritarrei beren babesa eskatuz. Zentzu honetan, Tolosaldeko udaletan alderdi politiko guztien babesa lortu nahian mozioak aurkeztuko dituztela esan dute eta ekainaren 7an Tolosan, manifestazio bat egingo dutela gogoratu.

TOPAko kideek esan dutenez, berriz ere atera dira kalera "gure legezko eskaerak lortu arte" mobilizazioekin jarraituko dutela eta urrats bat bera ere atzera egingo ez dutela esateko. "Hiru urte daramagu legez dagokiguna eskatzen; Eusko Jaurlaritzako osasun arduradunarekin izandako bileretan, lehen PSOE eta orain EAJ, entzun gaitzaten besterik ez dugu lortu. Ez dugu lortu ordea, arazo honi irtenbidea emango dion pausorik ematea lortu", esan dute.

Jaurlaritzak bilerak atzeratzen dituela edo gaia aztertuko dutela esaten dietela, baina ez dutela betetzen ere salatu dute. "Joan den apirilaren 10ean PSOE eta EAJren aurkako botoak izan arren, Gipuzkoako Batzar  Orokorrak honako mozio hau onartu zuen gehiengoarekin: Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari dei egiten diote urtebeteko epean Tolosaldean Osakidetzaren sare publikoko eskualdeko ospitale bat berman dezan. Eta halaber, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari dei egiten diote, 2011ko abendura arte eskualdeko beharrak asetzen zituzten espezialitateak mantendu edo berreskuratzeko", gogoratu dute.

Hau guztia ikusita, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak, sinadura bilketa hasi du lan mahai bat osatzeko eta horrela gaia aztertzeko, eta herritarren parte hartzea eskatu dute. Hauxe eskatzeko ekainaren  7an manifestazioa egingo dute Tolosan eta Tolosaldeko udaletan mozio bat ere aurkeztuko dute alderdi politiko guztien babesa eskatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!