Tolosako Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresako zuzendaritza lan-hitzarmena blokeatzen ari dela salatu du klinikako langileek osatutako enpresa batzordeak. Besteak beste, Adegi patronalaren ildoa bermatzen ari direla azaldu dute ELA eta LAB sindikatuetako Nagore Zubillagak, Inma Arroyok eta Isabel Descalzok: «Patronalaren ildoa bermatzeko, Adegikoa izandako ordezkari bat ekarri dute negoziazio bileretara».
Tolosaldeko eta Andoaingo herritarrak artatzen dituen ospitaleko langileek azaldu dutenez, urteak daramatzate beren lan-baldintzak mahai gainean jarri eta eta enpresarako hitzarmen propio bat lortu nahian. Horrela, hiru aldarrikapen nagusi dituzte, hitzarmen horri begira: gaur egungo baldintzak blindatu nahi dituzte, batetik, eta urteroko KPIaren igoera ere nahi dute. Azkenik, lanpostuak bermatzea lortu nahi dute hitzarmena sinatuz gero.
Hiru eskaera horien gainetik, ordea, Invizako zuzendaritzak Raxoik proposatutako lan erreforma aplikatu nahi duela diote langileek: «Sindikatuontzat onartezina da hitzarmenean erreformaren klausulak jaso behar izatea, eta horren aurkako jarrera sendoa azaldu behar dugu; erreformak esandakoa jasoz gero, enpresak edozein unetan indargabetu dezake sinatutakoa».
Epaileak esandakoari begirada
2013ko maiatzean %7 eta %4,2 arteko soldata jaitsiera baten berri eman zien langileei, Asuncion klinikako zuzendaritzak. Asuncionek Eusko Jaurlaritzako osasun sailarekin duen hitzarmeneko diru laguntza jaitsi izana erabili zuten soldata jaitsiera argudiatzeko, baina langileek erabateko desadostasuna azaldu zuten, eta auzitara eraman zuten klinika kudeatzen duen Inviza.
Kontuak horrela, epaileak klinikako langileen aldeko ebazpena idatzi zuen iazko urrian; langileen baldintzak lehengora itzultzeko bidea irekitzeaz gain, Invizako jabe Jesus Gomez Montoyaren enpresa sarea plazaratzeko ere balio izan zuen aldeko epaiak.
Langileek jarritako salaketari auzitegiak arrazoia eman izanak ez du zuzendaritzaren jarrera aldatu, ordea, eta «soldata jaitsiera onartzea nahi dute», enpresa batzordeko kideek nabarmendu dutenez. Bide horretan, aldaketa guztiak beren kalterako izan direla diote: «Finantzaketaren igoera gertatu izan denean ez dugu etekinik ikusi eta egoera estutu denean, berriz, langileok izan gara lehen kaltetuak».
Egoera estu horri erantzuteko enpresak hartutako erabakiak ere gaitzetsi dituzte agerraldian eta, besteak beste, ia langile berririk ez kontratatu izana salatu dute: «Gainera, lan ordutegia aldatzen joan dira, ordutegi irregularrak sortuz eta lanpostu aldaketak eginez; hori guztia, enpresa batzordeari informaziorik eman gabe, gainera».
Finean, hitzarmenaren blokeoa konpontzeko eskaria egitearekin batera, Eusko Jaurlaritzako osasun sailari Asuncion klinikako zerbitzu, etorkizun eta lan-egoeraz arduratzeko deia egin die langileek: «Ez da ahaztu behar gure lanaren %97a diru publikoak finantziatzen duela eta, hala ere, osasun saila ez da klinikako jardueraren kontrolaz eta ikuskaritzaz arduratzen. Gaur egungo osasun publikoaren mapako zati bat garen aldetik, ezagutu egin nahi dugu Asuncionen egoera, eta baita etorkizuna ere».
Horrenbestez, egoerak ez aurrera ez atzera jarraitzen badu, ELA eta LABeko langileak prest azaldu dira Tolosako osasun zentroan astean bitan egiten dituzten mobilizazio eta auto-karabanei protesta eta aldarrikapen indartsuagoak gehitzeko, irailera begira.