San Inazio jaiak eskualdean

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 24a, 16:54
Ibarrako jaiak hasteko hilabete geratzen denean, herriko San Inazio auzoan festa giroa nagusituko da bi egunetan, larunbatean eta datorren ostegunean, auzoari izena ematen dioten jaiak ospatuko baitituzte.

Gurutze Elordi jai batzordeko kidea betidanik bizi izan da Ibarrako San Inazio auzoan, eta gogoan du nola ospatzen ziren garai batean jaiak. «Bi edo hiru eguneko festa handiak izaten ziren, ekitaldi ugarirekin». Poliki-poliki, ordea, indarra galduz joan ziren, desagertu arte, eta duela hamaika urte hasi ziren berriro ere festak antolatzen. «Kuadrillatxo bat hasi ginen jaiak berriro hasteko gogoz, eta horrela ari gara urtez urte antolatzen». Auzotarren laguntza nabarmendu du Elordik: «Mahaiak eta aulkiak jartzeko, umeen jolasak egiteko, pintxoak prestatzeko... asko laguntzen digute».
Umeei zuzendutako jolasekin ekingo diete jaiei. Margoketa eta tatuaje tailerra izango dute, eta ondoren, ur festa, globoekin. Arratsaldean, berriz, patata tortilla lehiaketa izango dute, eta baita herri kirol saioa ere. Aurten, berrikuntza moduan, gaztetxoak zein helduak elkarrekin ariko dira, sokatiran nahiz lokotx biltzen. Horiek amaitzean herri afaria izango da: «Norberak nahi duena ematen du jateko, eta gainerakoekin elkarbanatzen du; edaria, postrea eta kafea, berriz, jai batzordeak jartzen du». Eguna alai amaitzeko, auzotarra den DJ Andoniren musika izango dute.
Ostegunerako, berriz, San Inazio Egunerako, meza eta pintxo dastaketa utzi dute. Bestalde, aurtengo jaiek badute nabarmentzeko beste osagai bat. Bigarren eskuko materiala (liburuak, jolasak...) zozkatuko dituzte, eta biltzen duten dirua Oier Iribarren ibartarrari laguntzeko izango da.
Altzon ere, bihartik aurrera
San Inazio jaiak ospatzen dituzte Altzon ere, eta San Inazio egunaren, hau da, uztailaren 31ren bueltan izango badira ere, larunbatean hasiko da herrian jai giroa pizten. Hala, arratsaldean, pilota partidak izango dira ikusgai, eta ondoren, zahagi ardoa eta toka txapelketa izango dute.
Asteazkenean izango dute jarraipena jaiek, eta larunbatera bitarte gaztetxoek nahiz helduek ederki igarotzeko hamaika ekitaldi izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!