Zuzendaritza berria aukeratu du EHNE sindikatuak

Asier Imaz 2014ko uzt. 25a, 09:09
Gipuzkoako EHNEren VII. Kongresua ospatu zuten atzo Tolosako Leidor aretoan. Bertan, ondorengo urteetarako zuzendaritza onartu zuten. Presidente lanetan Garikoitz Nazabal zaldibiarra ariko da, eta zuzendaritzan, eskualdeko ordezkaria Asteasuko Iñaki Sorarrain izango da.

Kongresuan zuzenean 170 kidek parte hartu zuten, eta beste hainbatek boto delegatuaren bidez. Parte hartzearekin gustura agertu zen Garikoitz Nazabal, presidente kargua hartu ondoren: «Kongresua izatez prozesu bat da, ezta egun jakin bat bakarrik. Oso positiboa eta txalogarria da, benetan, afiliazioak erakutsi duen jarrera, bai parte hartzearen aldetik, baita prozesu osoan zehar ere. Txapela kentzeko modukoa izan da». Azken bi urteetan ekarpenak biltzen aritu dira EHNEko kideak, ponentzia osatu eta atzo onartzeko.
Garikoitz Nazabalen esanetan, oinarrizko printzipioetara itzultzeko beharra ikusi du afiliazioak. «Jendea nazkatuta dago onak eta txarraken diskurtso horrekin. Eta horrekin bukatu behar da. Mahai gainean oso garbi jarri behar da herrialde txiki honetan oso anitzak garela azpisektorez azpisektore. Bakoitza mundu bat da; bakoitzak bere testuingurua dauka. EHNEk guztienganako errespeto horretatik bakarrik egin dezake lan. Horiei zor baita».
Burujabetzaz asko hitz egiten den une honetan, Nazabalek bere ekarpena egin nahi izan du: «Burujabetza horretan lehen zutabea elikadurarenak izan beharko luke. Baina ikusten ari gara edonork hitz egiten duela horretaz, eta askotan edukirik gabe. Elikadura burujabetza ez da atzo sortu zen zerbait. Azken finean, herri honen elikatzeko sistemaz ari gara hizketan, eta nola antolatu behar den. Hor ezinbestekoak dira ekoizleak. Ikusten ari gara batzuk nola ausardiaz hitz egiten burujabetzaz, baina ekoizleak deskalifikatuz, eta horrek bukatu beharra dauka».
Sektorekako antolaketa
Kongresuan onartutako puntu bat, aldaketa ekarriko duena gainera, antolakuntzari dagokiona izango da. Orain arte bailaraka antolatu izan ohi da EHNE, baina Leidorren onartutakoaren arabera, sektoreka hasiko dira funtzionatzen. Bide horretan hasteko hainbat urrats emango dituzte, eta horrekin, EHNE indarberritu nahi dute, parte hartzea aktiboagoa izan dadin. Horren fruitua, sindikatu dinamikoago bat izango dela dio Garikoitz Nazabalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!