2015a, osasun publikoaren inguruko erabakien urtea

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 2a, 14:11
2015. urteari begira etorkizuneko eskualdeko osasun sistemaren gaineko oinarriak ezarriko direla argitu dute. Alegia, Orexa eta Tolosako alkateak izan dira Osasun saileko Guillermo Viñegra eta Iñaki Berraondorekin bildu direnak.

Gaur goizean, Tolosaldeko Osasun Eskualdea ordezkatuz, Guillermo Viñegra Garcia Osasun sailburuordearekin eta Iñaki Berraondo, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendariarekin bildu dira Ibai Iriarte, Tolosako alkatea; Eneko Maioz, Orexako alkatea; eta Unai Iraola, Alegiakoa.

Denbora zeramaten udal ordezkariek Osasun sailburuarekin bildu nahian, baina egindako saiakera guztiak hutsalak izan ziren, gaur biltzea lortu duten arte. Martxoan, Martin Garitanok, Darponekin biltzeko konpromisoa azaldu zien eragile hainbati Tolosara egindako bisitan. Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin egindako bilera hartan, sailburuak irekita utzi zuen espezialitateak anbulatoriora itzultzeko aukera.

Hori dela eta, alkateek beste bilera eskaera bat egin zuten. Gaur egin dute batzar hori. Ibai Iriarteren esanetan, Jaurlaritzako ordezkariek, "egungo ereduarekin deseroso daudela" azaldu diete alkateei, "herritarrek egindako presioagatik hitzarmena ez baita guztiz gauzatu".

Ez atzera, ez aurrera

Tolosako alkatearen arabera, "Jaurlaritzak beste kalendario bat zuen, pribatizaziorako bidean, eta mobilizazioek prozesu hori gelditu dute. Adibidez, Donostiako Ospitaleko ateak itxi zizkiguten Tolosaldeko herritarroi, baina atzera egin eta gaur egun aukera hori posible da".

Dena den, Darponek Garitanorekin egin ez bezala, Viñegra eta Berraondok ez dute begi onez ikusten 2011n zegoen egoerara itzultzea, hau da, espezialitate guztiak anbulatorioan izan, eta horrez gain ospitale publiko bat izatera. "Eragozpen politikoak baino gehiago, eragozpen teknikoak" daudela argudiatu dute, esaterako, garaiko hainbat mediku espezialista ugari dagoeneko ez daudela Tolosaldean lanean. "Borondate politikoa dutela diote. Benetan borondatea baldin bada, aipatzen dituzten eragozpen tekniko horiek gaindituko genituzke denon arteko lanari esker. Baina horren aurrean ez digute erantzunik ematen" azaldu du Iriartek.

Diru kontuen inguruan ere galdetu dute alkateek: "Zertan gastatzen den jakin nahi dugu. 20.000.000 euro dira, eta eskubidea dugu. 2012ko datuak dira dauzkagun azkenak". Eskaera hori, Eusko Legebiltzarreko osasun mahaiaren bitartez bideratua dute dagoeneko alkateek.

Bestalde, datorren urtea "garrantzitsua" dela diote udal ordezkariek. "Etorkizuneko eskualdeko osasun sistemaren gaineko oinarriak ezarri beharko direla argi geratu da, bi arrazoiengatik: Alde batetik, Invizak eta Osasun Sailak duten hitzarmena amaitzen delako; eta bestetik, eskualdeko Osasun Arreta Integrala antolaketa berria martxan jarriko delako. Etorkizunean izango dugun osasun arretaz ari gara hizketan".

Honen aurrean, alkateek, "pertsonak erdigunean izango dituen osasun arreta publikoa" ezartzeko noranzkoan lan egiteko prestutasuna azaldu diote Jaurlaritzari. Aldiz, kontrako bidean jardungo badu, hau da, pribatizazio prozesuarekin jarraituko badu, "alkateak parean" izango dituztela adierazi dute udal ordezkariek.

Hizkuntz eskubideak eztabaidagai

Amaitzeko, azken hilabeteotan hizkuntz irizpideen inguruan izan diren kexen inguruan ere jardun dute alkateek Viñegra eta Berraondorekin. Euskaraz ez dakien pediatra bat jarri berri dute Tolosako Anbulatorioan, eta Osasun Saileko ordezkariek "arrazoia" eman diete alkateei, baina "zerrendan beste inor ez zegoela" argudiatu dute. Iriartek, berriz, "berriro gerta ez dadila" eskatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!