Parte-hartze aurrekontuak

Eskualdean milioi erdia nola inbertitu, herritarren esku

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 1a, 10:42

Gipuzkoako Foru Aldundiaren parte hartze aurrekontuen azken saioa izango da, gaur, Tolosan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012. urte amaieran jarri zituen martxan parte-hartze aurrekontuak. Finean, herritarrek haien herrietako beharrak detektatu eta lehenesteko helburuz sortu zuten egitasmoa, erakundeetako ordezkariekin elkarlanean proiektuak aurrera eramateko. Horrela, 2015eko aurrekontua osatzeko parte-hartze prozesua azken txanpan sartu da, eta Tolosaldeari dagokion azken bilera gaur bertan izango da: 500.000 euro nora eta nola bideratuko dituzten erabaki beharko dute herritarrek.

Urte osoko lanaren ondoren, pasa den ekainean 21 proiektu inguru aurkeztu zizkioten, Tolosaldeko herritarrek, foru aldundiari. Proposamen hori oinarri hartuta, beraz, udan Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikarien lana izan da proiektu horiek bideragarritasuna aztertzea, bai juridikoki, baita ekonomikoki ere; halaber, parte-hartze prozesuan zerrendatutako egitasmoak aldundiaren eskumenekoak ote diren zehaztu dute.

Behin betiko erabakia, gaur

Pasa den irailaren 23an eskualdeko herritarrak lehen aldiz elkartu ziren, udako etenaldiaren ondoren. Bilera hartan, horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek udan egindako lana ezagutu zuten, eta ondorio horiekin lau proiektu multzo osatu zituzten.

2015ko foru aurrekontuetan 500.000 euro bideratuko ditu, aldundiak, Tolosaldeko beharrei erantzutera. Horrenbestez, milioi erdi hori herritarren proposamenen artean banatzeko lau aukera osatu zituzten azken bileran, Denis Elortza parte-hartzeko prozesuko aholkulariak azaldu duenez: «Esaterako, hasiera batean proiektu bati 300.000 euro utzi baldin bagenizkion, foru aldundiak udan emandako erantzuna aztertu eta gero, beharbada, 250.000 ematea erabaki zuten herritarrek, eta beste 50.000 euroak beste egitasmo batera bideratzea».

Gaur, 19:00etan, Tolosako Zerkausian elkartzen diren eskualdeko herritarren artean, beraz lau alternatiba horietako bakarra aukeratuko dute, behin betiko. Aldundiak oso garrantzitsutzat jo du bilera, besteak beste, eskualdeko etorkizunaren zati txiki bat erabakiko dutelako: «Norbere eskualdea hobetzen lagundu ahal izango dute herriatrrek».

Eztabaidarako gai izango diren proiektuen artean, honakoak daude: Aiztondoko liburutegi amankomunatua eraikitzea; baso eta mendi-bideak zaindu eta markatzea; Tolosaldean energia berriztagarriak bultzatzea; Berrobiko errepidean abidura moteltzeko egokitzapenak egitea; hondakin transferentziarako planta egitea; eskualdeko parte-hartzeko webgunea sortzea; Tolosaldean energia berriztagarriak bultzatzea; eskualdeko mendi eta herri-bideak hobetzea; ohiko lanbideak sustatzea eta, azkenik, eskualdean turismoaren esparrua indartzea.

Saioan erabakitakoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015eko aurrekontuetan txertatuko dute, behin betiko.

300dik gora pertsona, Gipuzkoan

Tolosaldearekin batera, 2014. urtean beste hiru eskualdek ere parte hartze aurrekontuen egitasmoan parte hartu dute. Horrela, Bidasoaldea, Oarsoaldea eta Urola Erdiko hainbat proiekturen ibilbidea ere herritarren artean erabakitzen aritu dira.

Foru aldundiak azpimarratu duenez, «herritarrek egindako lan handiaren fruitua ikusteko garaia iritsi da». Izan ere, martxoa eta apirila artean, guztira, 930 ekarpen egin dituzten lau eskualdeetako 300 bizilagun baino gehiagok. Horietatik 83 hobetsi zituzten, ondoren, eta egunotan behin betiko erabakia hartuko dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!