Larrua jotzeko ezkutuko lekuak eta krisi ekonomikoa film batean

Igor Agirre 2014ko urr. 15a, 17:42

Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga dira martxoan grabatuko den Pikadero filmaren protagonistak.

Krisi ekonomikoaren gaia umorearekin jorratu nahi du Ben Sharrock  zuzendari eskoziarrak bere hurrengo filmean. Barbara Goenaga alkizarra eta Joseba Usabiaga tolosarra dira oraindik hastapen prozesuan dagoen filmaren protagonistak.  

Edinburgo eta Euskal Herriaren artean bizitzen urte batzuk daramatza Sharrock film zuzendari gazteak eta krisiaren ondorioz sortutako hango eta hemengo desberdintasunak ikusi ditu. Honen inguruko zerbait eta honen barruan, gazteriarengan krisi ekonomikoak sortutako arazoak jorratu nahi izan ditu zuzendariak beste perspektiba batetik, umore «lehorra» erabiliz.

Filmari Pikadero izena jarri dio ikus-entzunezko egile eskoziarrak eta larrua jotzeko ezkutuko tokiak eta krisia lotu nahi izan ditu gazteen arazoak islatzeko asmoz. «Ekonomiaren krisiak gazteen emantzipazioa asko zaildu du eta erlazio serioagoak aurrera ateratzean ere eragina du honek» azaltzen du filmaren zuzendariak.

Pikaderoak beti modan egon badira ere oraindik eta ezagunagoak direla orain dio ingelesez mintzo den zuzendariak eta detaile txiki hau erabiliz istorio dibertigarri bat filmatzea erabaki du. Madrilen pikaderoen inguruko aplikazio bat sortu zuen mutil baten inguruko artikulu bat irakurri eta gai hau hautatu zuen irudietara eramateko.

Hango umorea eta euskal umorea oso desberdinak direla esan ohi da eta oso «bistako» umorea erabili nahi duela azaltzen du Sharrockek. Urrian zehar film luzearen teaserra grabatzen ari dira eta astelehen nahiz asteartean entseguak izan dituzte Alkizan. Pelikularen grabaketa martxoan egingo dute, euskara hutsean.
Hizkuntzen inguruan duen interes handiak Euskara ikastera bultzatu du gazte eskoziarra. Pelikula estilo hau Euskarara «oso ongi» egokitzen dela azaltzen du Ben Sharrockek, «umore hau jorratzen duten pelikulak ez dira oso ohikoak eta Euskara ere hizkuntza desberdina da horrelako gauza bat egiteko» gaineratzen du Pikadero filmaren zuzendariak.

Joseba Usabiaga eta Barbara Goenaga, Gorka eta Ane izango dira film luzean, eta produkzioaz arduratzen den Irune Gurtubaik «gidoia irakurri bezain pronto» protagonistak eskualdeko bi aktore hauek izan behar zutela argi zuela dio zuzendari gazteak.


Protagonista izateko aukera

Abuztuan eduki zuen lehen aldiz eskuetan filmaren gidoia Joseba Usabiaga tolosarrak. Proiektua eta filma «zerbait desberdina» iruditu zitzaizkion eta ohituta ez dagoen zerbait, desberdina egiteko aukerari baiezkoa eman zion Usabiagak.

Gidoiko umore desberdin horrek erakarri zuela azaltzen du Goenkale telesailean Tximistaren pertsonaia antzezteagatik ezaguna ere baden aktoreak. «Hemen umorea egiten badugu, txisteak kontatu edo keinu ugari egin behar ditugula dirudi eta pelikula honetan, egoerak berak sortzen du umorea» adierazten du aktore tolosarrak.  

Beste hainbat filmetan lan txikiak egin baditu ere film luze batean protagonista izateko aukera lehen aldiz eskaini dio Joseba Usabiagari Pikadero filmak. Lehen aldia ere izango da Barbara Goenagarekin lan egingo duena eta alkizarra oso esperientzia handiko aktorea izateak ere asko laguntzen duela dio Usabiagak. Gogotsu heldu diote proiektuari biek ala biek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!