Adimen urritasunak gizarteari eskain diezaiokeen guztia ikusteko, #Elkarrion

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 21a, 11:24

Tolosako Atzegi zentruan aurkeztu dute kanpaina berria, "tolerantzia eta elkartasuna" nabarmenduz

Gipuzkoako Atzegi elkarteak adimen urritasuna duten pertsonekin lan egiten du eta, egitasmo berri bat darabilte esku artean, #Elkarrion izenburupean. Finean, adimen urritasuna duten ezagun, lankide nahiz lagunekin selfie edo argazki bat ateratzea da egin beharrekoa, haiek gizarteko edozein esparrutan emateko asko dutela plazaratzeko.

Atzegiko arduradun Patricia Ayorekin batera, eskualdeko bi kide ere izan ziren atzoko aurkezpenean, Tolosako Txolarte zentruan. Aritz Elola boluntarioa da, eta larunbatero Tolosako zentruko kideekin arratsaldea pasatzen du, begirale lanetan: "Sekulako poza ematen didate larunbatetan, animoa pizten didate, aste osoa lanean igaro ondoren".

Irene Zapirain, berriz, adimen urritasuna duen neska baten ama da eta, aitortu zuenez, bizitza ikusteko modu berri bat eskaini dio alabak: "Jendeak hurbildu egin behar du beraiengana, adimen urritasuna duten arren pertsonak direlako. Handiagoa da ematen dutena, behar duten laguntza baino".

Horrela, beraz, eta adimen urritasunarekiko ikuspegia aldatzeko, #Elkarrion kanpainak azken joerei erantzun nahi izan die. Argazki edo selfieak bilduko dituzte Gipuzkoa osoan, eta hainbat modu izango dira irudiak bidaltzeko, betiere, #Elkarrion traola erabiliz.

Batetik, Facebooken argitaratu ahal izango dira, Atzegi orrialdean; bide beretik, Twitter kontua ere badu elkarteak, @atzegi izenarekin, eta hara ere bideratu ahal izango dira argazkiak. Sare sozialekin jarraituz, jasotzen dituzten selfieak @atzegi60 Instagram kontuan ere argitaratzen ari dira, pixkana, eta, azkenik, Whatsapp zenbakia ere eskuragarri jarri dute, irudiak bertara bidaltzeko, 609 70 37 06 zenbakian.

Egitasmoaren inguruko informazio, irudi eta datu gehiago www.atzegi.com/elkarrion webgunean izango dira eskuragarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!