Herri txikietatik, Munduko Futbol Txapelketara salto egingo dute

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 22a, 10:14

Areto futboleko munduko txapelketan izango dira eskualdeko hamar gaztetxo, Euskadi ordezkatzen

Urriaren 27tik 31ra bitarte haurren Munduko Areto Futboleko eta Mikrofutsaleko Txapelketa jokatuko da Lloret de Mar-en (Katalunian), eta bertan eskualdeko ordezkaritza zabala izango da. Izan ere, Euskadi taldearen izenean joango den taldeko hamaika kideetatik, hamar eskualdeko herri txikietako gaztetxoak dira.

Ordezkaritza hau eskualdean pixkanaka finkatzen ari den Herri Txikietako Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen ari diren taldeetatik osatu da. Duela hiru urte «herri txikiek non jokatu» izateko helburuz sortu zuten herri txikien arteko areto futboleko txapelketa hau, Jon Leunda idazkariaren esanetan. Gainera, txapelketari ofizialtasuna emateko asmoz, txapelketa ofizial bat sortu zuten eta Euskadiko futbol aretoko federazioan sartu ziren. Ondorioz, Euskadi bezala jokatzeko aukera dute bai Europa mailan eta baita mundu mailan ere, eta hori da Lloret de Mar-en egingo dutena.

Herri txikien artean jokatzen den txapelketan, gaur egun lau kategoria dituzte: infantil kadeteak, alebinak, benjaminak eta jubenilak. Besteak beste eskualdeko herri hauek parte hartzen dute: Ikaztegieta, Abaltzisketa, Bidania-Goiatz, Lizartza-Orexa, Baliarrain, Leaburu-Txarama, Altzo... Hala ere, datorren astean Katalunian jokatuko den txapelketan herri ezberdinetako gaztetxoekin osatutako taldea da parte hartuko duena, guztiak 2002an jaiotakoak dira.   Herri Txikietako Futbol Aretoko Txapelketako idazkaria dena.

Bi modalitatetan parte hartuko dute eskualdeko gaztetxoek. Batetik, areto futbolean eta bestetik, mikrofutsal izeneko modalitatean. Mikrofutsala hiru laguneko taldeekin osatzen da, eta atezainik gabeko porteri txikiak izaten ditu. Areto futbolean bigarren multzoan arituko dira, eta Engels talde errusiarra eta Lloret talde kataluniarra izango dituzte aurkari. Lehen partida urriaren 27an, 12:30ean jokatuko dute Engelsen aurka, eta bigarrena, urriaren 29an, 11.30ean, Lloreten aurka. lehen biak finalerdietan sartuko dira, eta bakoitzeko azkenekoak azkena ez jokatzeko partida jolastuko dute.

Taldea eskualdeko gaztetxoez osatu dute batez ere, baina Gasteizko gazte bat ere joan da euren taldean Leundaren esanetan «egun askotan jokatuko dituzte partidak eta taldea osatzeko ongi etorriko da». Taldea zuzentzen, berriz, Jon Leunda bera ariko da.

Munduko txapelketara joateko «ilusio handiarekin» daude. Bertan helburua ez da emaitzak lortzea izango: «Helburua beraiek ondo pasatzea, harreman ona edukitzea eta esperientzia hartzea da. Azkenean munduko txapelketa jokatzea ez da erraza eta gutxiago adin honetan.» Hortaz, berriro ere esperientzia «errepikatzeko gogoz» etortzea da euren helburua. Gaztetxoek ere txapelketan parte hartzeko «gogoz» daude.

EUSKADI TALDEKO KIDEAK
Entrenatzailea. Jon Leunda (Ikaztegieta).
Taldekideak. Jokin Agirretxe (Bidania-Goiatz), Aimar Iturrioz (Orexa), Txomin Errasti (Orexa), Oier Ugartemendia (Leaburu), Oihan Arrospide (Leaburu), Jurgi Leunda (Ikaztegieta), Aimar Zeberio (Lizartza), Ekaitz Urtado (Lizartza), Iraitz Bea (Lizartza), Ainitze Zubeldia (Lizartza), Aitor Sevillano (Gasteiz).

Jon Leunda • Herri Txikietako Futbol Areto elkarteko idazkaria
Txapelketan parte hartzen duten haurrentzat berezia da herrian jolastea eta hori antzeman egiten da»
Jon Leunda (Beizama, 1970) Munduko Areto Futbol Txapelketara doan taldeko entrenatzailea izateaz gain, Herri Txikietako Futbol Areto Elkarteko idazkaria ere bada. Hortaz, duela hiru urte herri txikien artean Gipuzkoa mailan sortutako txapelketaren sorrera eta garapena gertutik ezagutzen ditu. Aurtengoan Gipuzkoako Txapelketako denboraldia azaroaren 7an hasiko dute.

Noiz eta nola sortu zen Herri Txikietako Gipuzkoako Txapelketa?
Gabonetan egingo ditu hiru urte. Tolosako Shanti Torneora joan zen Ikaztegietako taldea, han batu ginen Abaltzisketakoekin, eta ikusi genuen herri txikietan dagoenarekin joan behar genuela, eta herri handietan, berriz, aukera asko zituztela. Hor erabaki genuen txapelketa bat egitea herri txikien artean. Helmuga bat jarri genuen, 1.000 edo 1.300 biztaletik beherako herriek parte hartu dezakete. Helburua herri txikietako haur eta gazteek, zeren txikiekin hasi ginen baina seniorreta iristea da helburua, baldintza beretan lehiatzeko aukera izatea da. Aukera bat zela eta egin behar genuela ikusi genuen eta hortik hasi zen.

Noiz hasiko duzue aurten txapelketa?
Aurten Munduko Txapelketa dela eta beranduxeago hasiko dugu. Azaroaren 7ko asteburuan hasiko gara eta apirilaren 30ean, larunbata, amaituko dugu. Zubiak eta Gabonak eta gordetzen ditugu, baina bestela astero izaten ditugu partiduak. Giroa ere berezia izaten da. Jende asko joaten da partiduak ikustera. Haurrentzako ere oso berezia izaten da, asko kanpoan ari dira jolasten Tolosan, Danenan, Lagunaken, Intxurren... baina, beraientzat berezia da herrian jolastea, eta hori antzematen da.

Zenbat taldek parte hartuko dute aurtengo txapelketan?
Txapelketan parte hartzen duten taldeak baino gehiago dira herriak. Ikaztegietan badaude Baliarraingoak, Abaltzisketan badaude Amezketakoak eta Orendaingoak, Lizartza eta Orexak batera parte hartzen dute, Albizturko bat Bidania-Goiatzen dagoela uste dut... Hortaz, nolabait helburua bada herri bakoitzak bere taldea edukitzea, baina herrian ezin bada taldea sortu, bertakoak inguruko herrietara joatea. Adibidez, infantil kadeteetan GAEL izeneko taldea osatu dugu kanpora goazela aprobetxatuz. Taldea herri ezberdinetako gazteekin osatu dugu: Ikaztegietakoak, Leaburukoak, Belauntzakoak, Berastegikoak, Elduaingoak, Urkizukoak... Taldeak baino herri gehiago daude, baina agian ez nahi bezain beste.

Zein funtzionamendu duzue?
Guk garbi geneukan seriotasuna eman behar geniola. Euskadiko Federazioan sartu ginen. Gure txapelketa federatua da, guztiz ofiziala da. Entrenatzaileak, berriz, herrikoak izaten saiatzen gara, herriko umeak herriko jendearekin lanean aritzeko asmoz.

Beraien artean harreman berezi bat sortuko da, ezta?
Batez ere inguruko herriekin lotura bereziak sortzen dira. Nire ustez politena hori da. Munduko Txapelketara, esate baterako bost herritako gaztetxoak doaz, baina hemen ez dauden guztien artean ere harremana dute. Agian, eskolan DBHra joaten direnean, jada elkar ezagutzen dute. Giro oso berezia sortzen da, eta alde horretatik gauzak oso ondo joan dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!