«Inor ez da inoiz ahazten norbaiten heriotzaz»

Iñigo Terradillos 2014ko urr. 31a, 17:24

Amaia Artola psikologo-gerontologoa heriotzaz eta doluaz mintzatu da ATARIArekin. Dolu faseak, heriotzak historian jasan duen trataera bilakaera, gaia haurrekin nola jorratu eta doluan dagoen pertsonari nola lagundu izan ditu mintzagai.

Gurean, tradizioak agintzen duen bezala azaroaren lehena hildakoez oroitu eta hauek omentzeko eguna da. Data probesturik, Amaia Artola psikologo-gerontologoarengana jo dugu doluaz, heriotzaz eta data honen beharraz hitz egitera.

Heriotza zein dolua gai interesgarriak izanik, ez dira gure egungo gizartean gehiegi jorratzen… Hasieratik has gaitezen; zer da dolua?
Dolua egokitzapen bat da, gertaera baten aurrean eman beharreko egokitzapen prozesu bat da. Sentimendu, emozio, pentsamendu eta jokabide asko ematen dira une horretan. Egokitzapen prozesu hori norberak bere erara egiten du, bakoitzak dolua egiteko berezko modua aurkitzen du. Egoeraren arabera norbera bere modura egokitzen da.

Dolua normalean heriotzarekin lotzen dugu, eta ez dago zertan. Heriotzarekin baino gehiago galera ezberdinekin lotu beharko genuke dolua. Bizitzan zehar galera ezberdinak egokitzen zaizkigu eta guztietan dolu prozesu bat ematen dugu aurrera, kontziente ez bagara ere.

Prest gaude galerak dakarren minari aurre egiteko?
Nik ezetz esango nuke. Ez gaude prest ez dolurako, ez dolua aurrera eramateko, ez minari aurre egiteko ere. Gehiago esango nuke; bizitzarako prestatzen gara edo prestatzen gaituzte, baina ez heriotzarako. Eta azken batean guztioi iritsiko zaiguna da heriotza. Guri gertatuko zaigun bezalaxe gure inguruko guztiei ere gertatuko zaie eta ez gaude prestaturik. Heriotza eta dolurako ez gaude inondik inora prestaturik. Kontraesan bat dirudi.

Heriotza mota ezberdinak dauden bezala, dolu mota ezberdinak ere badaude. Askotan egoerek aginduta…
Egoera asko eman daitezke eta oso ezberdinak euren artean. Ez da berdina pertsona gazte, heldu edo adinean oso aurreratuta dagoenean hiltzea. Ez digu berdin eragiten, pertsona horrekiko dugun harremanaren araberakoa da. Hala ere, egoerak egoera badakigu goizago edo beranduago gertatuko zaigun zerbait dela.

Dena den, garai batean gure guraso eta aiton-amonek beste era batera bizi zuten dolua eta baita heriotza ere. Denborarekin heriotza gizartetik kanpo geratu da, tabu modura ikusten dugu orain. Egoera zehatzei erreparatuz, egia da, gaixotasun terminal bat ematen denean aukera gehiago dagoela gure burua heriotzarako eta dolurako prestatzeko. Hala ere, ez dakit zenbat pertsona prestatzen ote diren heriotza horretarako, zenbaterainoko prestakuntza egoten den.

Garai batean gizarteak barneratuagoa zituen heriotza eta dolu sentimenduak?
Garai bateko ohiturak eta gaur egungoak oso ezberdinak dira. Ez da denbora asko pasa hori gertatu denetik ere, baina gure baserrietan oso modu ezberdinetan bizi zen heriotza gaurkoarekin alderatuta.

Garai batean hildakoa etxean izaten genuen. Gaur egun beilatokira eramaten da eta beilatokiak gehienetan herrigunetik kanpo ere egoten dira.

Baserrian norbait hiltzen bazen, haurrak bertan egoten ziren. Gaur egun haurrak prozesu guzti horretatik kanpo gelditzen dira. Haurrak heriotzatik babestu nahi izaten dira. Ez soilik heriotzatik baita gaixotasunetatik ere.

Nola aurre egin beharko genioke pertsona bat galtzerakoan jasaten dugun sentimenduari?
Bakoitzak aurre egiteko bere era dauka. Teoria azaltzea eta esplikatzea erraza izan daiteke baina ondoren, momentua iritsitakoan, bakoitzak erreakzionatzeko bere modu propioa dauka. Dena den, nahiz eta modu konkretu bat ez egon, egia da nolabaiteko prozesu, erreakzio eta etapa ohiko batzuk ikusten direla, kasu gehienetan errepikatzen direnak.

Esaterako, normalean lehen etapa ukazioa, shock-a izaten da. Ez dugu sinistu nahi izaten gertatutakoa, amesgaiztoa dela pentsatzeko joera dago, gertatutakoa errealitatetik urrun dagoela pentsatu ohi dugu. Errealitatetik kanpo bezala bizi dugu hasierako momentu hori.

Askotan haserrea, amorrua edo tankerako sentimenduak agertzea gerta daiteke. Pertsona batzuengan ere, errudun sentimenduak agertzen dira. Pentsa edo senti dezaketelako behar adinako laguntzarik eman ez dutela edo behar adina ez dutela egin. Agian gertakari zehatz batengatik errudun senti daitezke, egoera horietan iraganean gertatu diren edo ez direnek pisu handia izaten dute.

Ohikoena tristura, bakardadea, nolabaiteko nahasmen sentsazioa izatea da. Baina azken batean guzti honek gutxinaka onarpen maila batera eraman beharko gintuzke. Oreka bat bilatzea da kontua, gertaera onartzea. Horretarako denbora ezinbestekoa da. Bakoitzak bere denbora behar du; egoeraren arabera, inguruaren laguntzaren edo laguntza ezaren arabera denbora hori motzagoa edo luzeagoa izan daiteke. Honela lortuko da egokitzapen prozesua gainditzea.

Dolua guk ez baino gure ondokoak pasa behar duenean, nola lagundu gertukoari momentu horretan?
Dolurako edo heriotzarako prestatuta egotea zaila da; gehienetan ez dugulako jakiten noiz, nola eta nori gertatuko zaion. Baina inguruan norbaiti gertatzen zaionean ere, ez dakigu jokatzen pertsona horren aurrean; ez dakigu zer esan, ez dakigu nola jokatu.

Askotan nola jokatu, nola lagundu ez dakigunez urrundu egiten gara pertsona horrengandik. Pertsona horrek berriz momentu horretan behar gaitu. Kontuan izan behar dugu gainera, beharra ez dela bakarrik lehen eta bigarren egunean izaten, ezta lehen edo bigarren astean ere, gerora ere beharko gaitu pertsona horrek.

Denborarekin pertsona horrek galera onartu egingo du, baina gure babesa lehen momentuan eta baita gerora ere eskaini behar diogu. Askotan esaten diren esaldietako bat da ondorengoa: «Behar duzunean deitu». Baina, prest al gaude pertsona horrek deitzen digunerako?

Askotan errepikatzen diren beste esaldi topiko horietako bat da ondorengoa: «Denborak dena sendatzen du». Badakigu hala dela, baina dolua jasaten ari den pertsonarentzat denbora oso geldo doa. Beraz, esaldi hori ez da egokiena. Pertsona horri «denbora» hitza entzuteak ez dio asko lagunduko. Horrelako adibide ugari daude.

Askotan ez dugu jakiten zer esan. Hala ere, ez dugu zertan ezer esan. Ondoan egotearekin, entzutearekin nahikoa da. Askotan iruditzen zaigu pertsona horrekin hitz egin behar dugula, planak egin behar ditugula, kalera derrigor atera behar garela, pertsona horrek nahi eta nahiez bizitza aktibo bat egin behar duela... Baina agian ez du horrelako gogorik. Berari galdetu beharko genioke zer den behar duena. Inolaz ere ez genuke pertsona hori ezertara behartu behar.

Egoera ez da erraza baina askotan zer egin jakin beharrean zer ez genukeen egin behar jakin behar dugu. Momentuan ateratzen da ateratzen dena, baina ez genuke ihes egin behar, ez genuke pertsona hori ekidin behar. Gaiari buruz hitz egin nahiko balu hitz egingo luke, baina guk ez genuke behartu behar. Bere kasa utzi beharko genuke, norberak bere modua aukeratuko du, eta guk errespetatu behar dugu. Ez dugu askoz ere gehiago egin behar.

Helduei buruz ari gara une oro hizketan baina nola azaldu beharko genioke haur bati gertuko pertsona bat hil dela?
Lehenik, haurraren adina eta heldutasun maila kontuan izan behar ditugu. Normalean asmakeria ugari sortzen ditugu haur hori babestu nahiarekin, nolabaiteko ipuintxoak eta gezurtxoak asmatzen eta esaten ditugu; erantzunak luzatzen ditugu. Argi esan behar dugu esan beharrekoa esan behar dela. Zenbat eta lehenago esan egokiagoa da. Egoera luzatzea ez da ona ez haurrarentzat ez esan behar dioenarentzat ere.

Adina kontutan harturik, 5 urtetik beherako haurrek oso modu abstraktoan ikusten dute heriotza. Joan den pertsona hori noizbait bueltatuko dela pentsatzen dute. 5 urtetik gorako haurrek berriz modu errealago batean bizi dute, badakite hil den pertsona ez dela itzuliko. Hala ere, ez daukagu zehaztasun askotan sartu beharrik azalpenak ematen ditugunean.

Txikienek beldur edo kezka nagusi bat izaten dute: «Beraiei ere berdina gertatuko ote zaien?» Batzuk errudun sentitzen dira, pentsatzen dute haiek zerbait txarra egin dutelako hil dela pertsona hori. Eta beste kezka nagusi bat hildako pertsona horrek utzitako hutsunea nork beteko duen izaten da.

Nerabeen kasuan zer nolako erreakzioa izango duten jakitea oso zaila da. Beraiek ere ez dakitelako helduek bezala erreakzionatu behar duten, edota haur bezala, azken batean trantsizio batean bizi direlako. Egokiena ulermena, babesa eta gertutasuna erakustea da. Animatu behar zaie sentitzen dutena, pentsatzen dutena adieraz dezaten. Naturaltasunez hitz egin behar da hil den pertsonaz eta baita heriotzaz ere, gezurrik eta asmakizunik gabe. Ez da erraza, baina haurrekin eta helduekin paretsu jokatu beharko genuke.

Azaroaren 1ean, gurean, tradizioak horrela aginduta, hildakoak oroitzeko eguna dugu. Munduko leku askotan ere, kultura ezberdinak kontuan hartuta, izaten dira egunak eta moduak hildakoak oroitzeko. Gizarte bezala egokia al da? Behar al dugu honelako egun bat?
Gaur egun edozein gauzetarako nazioarteko egunak ospatzen dira. Berez, azaroak 1, Santu Guztien Eguna da eta azaroak 2 esaten dute arimak edo hil diren pertsonak gogoratzeko eguna dela.

Nire zalantza nagusiena ondorengo da: Norentzat egiten da honako ospakizuna? Gizartearentzat egiten da? Kanpora begira egiten da? Norbanakoak hil den pertsona horretaz gogoratu behar duenean norberak bere errituak, ospakizunak edo gogoratzeko modu pertsonal, propio eta intimoak izango ditu. Ez du zertan azaroaren 1ean hilerrira joan behar loreak jartzera. Bakoitzak bere modua izatea ona da, norberak bere momentua izatea pertsona horretaz gogoratzeko. Hau beste edozein egunetan egin ahal da, ez da zertan azaroaren 1ean egin behar.

Garrantzitsua da azpimarratzea gainera, norberak erabakitzen duen ohitura ez badu betetzen ere, pertsona hori gogoratzeko modu edo erritu hori ez badu noizbait betetzen, ez duela zertan errudun sentitu behar. Ez egiteak ez du esan nahi ez gogoratzea; hilerrira ez joateak ez du esan nahi hildakoaz gogoratzen ez denik. Bakoitzak dolua bere erara egiten duen bezala, gogoratzeko ere bakoitzak bere modua dauka.

Errituak ez egiteak ez du esan nahi pertsona ahaztu egingo denik. Norbaiten heriotzaz inor ez da inoiz ahazten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!