Tolosaldea Gipuzkoan gaika gehien birziklatzen duen hirugarren eskualdea da

Mikel Iraola 2014ko aza. 12a, 17:25

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 2014ko lehen sei hilabeteetan %47,3ko birziklatze tasa lortu du Tolosaldeak, iazkoa baino %10 gehiago. Amaia Azkuek, ordea, esan du "hobekuntza" espero dutela urtea amaitu bitarte.

Gipuzkoako mankomunitate guztiek emandako datuekin, aurtengo lehen sei hilabeteetako Gipuzkoako birziklatze tasak eman ditu jakitera Aldundiak.

Tolosaldea hirugarrena da, Sasieta eta Debagoienako mankomunitateen atzetik, %47,3a bilduta. Pasa den urtean, datu berbera %37an zegoen, beraz, hamar puntutan handitu da biriziklatze eskualdean. Gipuzkoa, berriz, bataz besteko %42an mantentzen da, 2013koekin alderatuta lau puntu hobeto.

Amaia Azkue, Tolosaldeko Mankomunitateko arduradunak balorazio "oso positiboa" egin du: "Gipuzkoako bataz bestekotik gorago goaz, azken urteotako igoera nabarmena izan baita". Hala ere, urte amaiera bitarteko datuetan hazkundea izatea aurreikusten du Azkuek: "Landa eremu batzuk aurrerapausoak egin dituzte; biztanleen herena duen Tolosak sistemaz aldatu du; eta industrian ere bilketa selektiboa aplikatu dugu plastikoaren kasuan urritik aurrera. Horrek gorakada eragingo du". Azkuek ez du daturik bota nahi izan, baina %50a gainditzea aurreikusten dute, eta 2016rako %60a lortu.

Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde antolaketako diputatuak ere balorazio ona egin du: "Duela bost urteko emaitzak bikoizten ari gara, eta gora egiten jarraitzeko oinarria dugu". Errazkinek ere %60a lortzea du helburu. Tolosaldeaz ere mintzatu da diputatua: "Aurrerapauso handia eman du eta are handiagoa emango du, ziur asko, datozen hilabeteetan, Tolosan abian jarritako sistema berriarekin. Bide onetik goaz”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!