Eider Olazar: "Erasoei erantzun behar zaie, eta alternatiba oso bat eraiki"

Iñigo Terradillos 2014ko aza. 25a, 16:20

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, Eider Olazar Tolosaldeko Bilgune Feministko kidearekin hitz egin dugu, eta berak adierazi duenez, "erasoei erantzun egin behar zaie". Dena den, hori ez dela nahikoa esan du, eta "aldaketa edo alternatiba oso bat" eraikitzea beharrezkoa dela.

Tolosaldeko Bilgune Feministarentzat zer esan nahi du atzoko egunak?

Bereziki bozgorailuko egun bat da. Urte guztian borrokan eta honekin bukatzeko lanean gabiltza hainbat eragile eta herritar, eta atzokoa lan horren zabalpena egiteko aukera da. Nahiz eta bere arriskuak ere badituen, zeren borroka honetan eta emakumeen zapalkuntzan askotan aurrerapausoak eman direla iruditzen zaigu eta diskurtso instituzionalak ere bere pisua izan duela, baina gero datu kezkagarriak hor daude. Gazteen arteko botere harremanak eta sexistak ematen direla ikustean harrituta geratzen gara, baina horrek erakusten du zeregin asko dagoela eta ezin ditugula gure buruak engainatu.

Aurten bereziki indarkeria adierazpen ezberdinak sostengatzen dituen sistema seinalatu nahi izan duzue.

Muturreko indarkeria sexitarekin, Euskal Herrian hiru emakume izan dira erahildakoak, eta horren aurrean alarma soziala pizten da eta jende asko ateratzen da kalera salatzera. Hori ona da, horrelako gertakari baten aurrean erantzuna egon behar duelako, baina aurtengoan beste hainbat eremutan gertatzen diren indarkeria sexitak indentifikatu eta seinalatu nahiko genituzke. Izan ere, indarkeria fisikoa hor dago baina badaude beste indarkeria batzuk ere, askotan oharkabean pasatzen direnak edo ez dugunak indarkeriarekin lotura egiten. Eta badaude bai publizitatean edo baita hezkuntzan ere zabaltzen diren feminititate eta maskulinitate eredu esterotipatuak, erabat rol tradizionaletan oinarrituta. Emakundek berriki salatu du, publizitatean Eguberri hauen bueltan errepikatuko direla rol tradizional horiek. Berdin, emakumeei zuzendutako estetika kanon zurrun horiek,  gorputzaren objetualizazioa, edo krisi garai hauetan egiten ari diren murrizketetan bideratzen ari den haurren eta helduen zaintzailea emakumea izatearena edota familia heteropatriarkala. Guzti hori ez da kasualitatea. Identifikatu egin behar da, indarkeria sexistarekin erabateko lotura baitu. Jendarte honetan nagusitzen den sistema honek, indarkeria tresna bezala baliatzen du zapalkuntzak iraun dezan.  

Badirudi ez goazela bi onetik...

Lanketa egiten da, baina egoera ez da ona. Erasoei erantzun egin behar zaie, baina erantzuna bakarrik ez da nahikoa. Aldaketa eta alternatiba oso bat eraiki behar da. Egiturazko arazo bat da hau eta hortik etorri behar du aldaketa. Pixkanaka beste balore batzuk indartuko dituen jendarte bat, eremu guztietan eraiki behar dugu. Lana egiten ari da, eta kontzientziazioa gero eta handiagoa da.Askotan biktima paperean jartzen dugu emakumezkoa horrelako egunetan, baina gu ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak eta ahalduntze prozesuan indibidualki eta kolektiboki egin behar dugu aldaketa hori.

Elkarrizketa osoa audioan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!