Tolosaldea, Gipuzkoan gehien birziklatzen duten eskualdeen artean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 27a, 16:50

Tolosaldeko Mankomunitateak 2014ko datuak plazaratu berri ditu, eta %62,8koa da bataz-besteko tasa.

2014.a "aldaketen urtea" izan dela nabarmendu du mankomunitateak, abenduko datuak plazaratzeko egindako agerraldian. Amaia Azkue ordezkari politikoa eta Gemma Ezeiza mankomunitateko teknikaria izan dira datuak emanez, eta aldaketa horien artean nabarmendu dituzte, besteak beste, Ikaztegietan eta Ibarran atez ateko bilketa sistema ezarri izana, Tolosan edukiontzi bidezko bilketa berria martxan jarri izana nahiz industrialdeetan bilketa bereziari ekin izana.

Hondakinen kudeaketarako bestelako bide batzuk hartu izanak %62,8ko birziklatze tasa eman du Tolosaldeko etxeetan eta, datu horretan Tolosako sistema berriak "eragin nabarmena" izan duela azaldu du Amaia Azkuek: "Biztanleria handiena duen herria da eskualdean, eta tasari asko eragin dio". Horrela, herritarrak zoriondu eta txalotu nahi izan dituzte.

Herri bakoitzaren araberako datuak

Eskualdeko datu zehatzagoak emateko, 28 herrietan barrena martxan dauden bi sistema bereizi dituzte: edukiontzi bidez hondakinak biltzen dituzten herriak, batetik, eta atez ateko bilketa sistema dutenak, bestetik.

Batetik, Tolosan joan den azaroaz geroztik sailkatzen dituzte, bereizita, hondakin organikoa eta errefusa; edukiontzien irekiera kontatzen du sistemak. Bide horretan, abenduan %76,5ko birziklatze tasara iritsi dira tolosarrak.

Atez ateko sistema darabilten herrietara joz, gaur egun Alegia, Ikaztegieta, Ibarra, Anoeta, Irura, Villabona eta Zizurkil dira modu horretara hondakinak sailkatzen dituzten herriak, eta %76,9ko bataz-bestekoa eskuratu dute.

Azkenik, aipatzekoa da landa-eremuetako tasaren kalkulua bereizita eman duela mankomunitateak, 19 udalerrik herrian bertan kudeatzen baitute bertako hondakin organikoa. Herri horietako birziklatze tasan, beraz, organiko horren guztiaren portzentajea txertatu gabe dago, sistematik kanpo geratzen baita. Guztira, 2.778 familiak egiten dute konposta, urtean 600.000 kilo konpostaren bitartez kudeatuz. Hondakin organiko horrez guztiaz gain, beraz, landa-eremuko herrien birziklatze tasa %59,5ekoa izan da abenduan.

"Filosofia berri bat, garapenaren alde"

Tolosaldeko Mankomunitateak 2014ko abenduko datuak plazaratu ditu, "abenduan hondakinen esparruan egindako aldaketa guztiak martxan zeudelako". Horrela, beraz, abendukoa abiapuntutzat hartu du, Amaia Azkuek, 2015ari ekiteko.

%62,8ko tasa hori azpimarratuz, legealdian eskualdeak izandako "garapena" nabarmendu nahi izan du, zenbait daturen bidez. Eta, esaterako, etxeetako hondakinen bilketan jarri du arreta. 2011. urtean %24a bideratzen zen birziklatzera eta, gaur egun, berriz, %45a birziklatzen dute Tolosaldeko etxeek. Kontuak horrela, igoera %87koa izan da.

Ohiko birziklatze-bideekin batera, garbiguneen erabilera ere igo egin da, eta Tolosakoak eta Andoaingoak 20.000 bisitari jaso dituzte 2014an. Halaber, industrialdeetan gaikako bilketa martxan jartzeak ere tasak igo ditu, eta abenduko datua %55,7koa izan da.

Horrenbestez, hasi berri den urterako aurreikuspenen artean, hiru egitasmoren berri eman du Tolosaldeko Mankomunitateak: arrandegietan tupperrekin egin bezala, ur-pitxarrak erabiltzeko kanpaina abiarazi nahi dute; errefusaren karakterizazioa hainbat herritan abiaraziko dute, organikoa hobeto sailkatze aldera; hondakin arriskutsuak uzteko lekuak herriguneetara bideratuko dituzte. Azkenik, Andoaingo Udalari laguntza eta aholkularitza eskaintzeko prest azaldu dira, "hondakinak biltzeko eredu arduratsuagoak martxan jartzeko"; andoaindarrek organikoa ez dute bereizita biltzen, eta abenduko datua %32,8koa da.

Eskaini dituzten datuekin batera, herriz herriko tasak argitaratuko dituzte, datozen egunetan, www.tolosaldea.org atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!