Hainbat ekitaldi Korrika iragartzeko

Tolosaldeko Ataria 2015ko ots. 26a, 11:23

Larraulen BertsoKorrika egingo dute eta Adunan Korrika Eguna

Korrika martxoaren 21ean iritsiko da Tolosaldera. Berastegi izango da zeharkatuko duen eskualdeko lehen herria, 06:00ak inguruan izango da hori, eta azkena, Ikaztegieta izango da, hurrengo egunean.
Korrika geroz eta gertuago dago eta hori dela eta eskualdean hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Bihar bertan Berastegin Korrikaren arropa jarriko dute salgai 16:00etatik aurrera eskolan, eta 18:15ean Gu Euskahaldunak Gara dokumentala eskainiko dute.

Bihar izango da beste hitzordu bat ere, honakoan Larraulen. bertan BertsoKorrika egingo dute 19:00etatik aurrera herri ostatuan. Korrika-AEKk eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako bertso zirkuitua da BertsoKorrika, eta Larraulen Amaia Agirre, Unai Mendizabal eta Agin Laburu ariko dira. Saioa antolatzen Larraulgo bertso taldea eta euskaltegia aritu dira.

Asteburuko azken ekitaldia igandean izango da, Adunan, Korrika Eguna antolatu baitute. 12:00etatik aurrera egingo dute 19. Korrikaren aurkezpena, eta ondotik, hainbat ekitaldi izango dituzte Korrikaren harira. Era berean, Tolosan martxoaren 3an Inazio Agirre zenaren inguruko mahai ingurua egingo dute Tolosan, 19:30ean, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!