Iker Galartza: "Zureaz barre egiten ikasten duzunean gauzak beste era batera ikusten dituzu"

Iñigo Terradillos 2015ko ots. 27a, 12:24

Joxe Ramon Soroizekin batera umore beltzez beteriko antzezlana ari da egiten; telebistan, berriz, Madrilerako saltoa eman, eta bertako kate bateko telesail batean ikusi ahalko dugu aste batzuren buruan.

Pailazoaren ileordearekin, Vaya semanita saioan, Goenkale telesailean, Alkainekin parodiak egiten... eta orain, oso gaixorik dagoen amaren bi semeetako baten paperean sartu da, Joxe Ramon Soroizekin batera, Erdibana antzezlanean. Eztabaida sortuko da bien artean, amak bankuan duen dirua baitute buruan. Txalo produkzioen lana umore beltzez betea dela esan du Iker Galartzak (Amezketa, 1977), «bizitza bera bezelakoa baita».

Nolako antzezlana da?

Oso egiazko antzezlana da. Lan handia da, pertsonaia ugari egiten ditugulako, bi anaiak, ama, emaztea, Jehovaren lekukoa. Pertsonaia batetik besterako saltoak etengabeak dira. Egiazkoa eta beltza dela esango nuke, ironia eta agresibitate puntu batekin. Jendea hasiera batean barre egitera doa, baina, ama hiltzera doala bezalako gai serioak jorratzen direla kontuan hartu behar da. Askotan muga mugan gaude, barre egin baitaiteke, baina pasa gabe.

Bi anaia zarete, horietako bat, amarekin bizi eta ama zaintzen duena.

Etxe askotan gertatzen dena da, seme edo alabetako bat geratzea, eta garai batean, gainera, ohikoagoa zen zaharrena geratzea. Kasu honetan, amak azken hamabost urteak nahiko gaizki daramatza, eta batez ere, azken urteetan bere osasunak txarrera egin du. Beste anaiari deitzen dio amaren berri emateko, eta bi anaiak elkartzen dira. Amaren diru kontuez galdetzen dio, eta ez dela horretaz hitz egiteko unea erantzuten dio, baina, kontua da, berak ederki dakizkiela amaren bankuko kontuak eta nahiago duela ez hitz egin bere anaiarekin horretaz. Azken batean, bi anaiak nolabait ama hiltzeko zain daude ea bakoitzari zenbat egokitzen zaion jakiteko.

Umore beltza, beraz.

Bai. Bizitza errealean, pentsatzen diren gauza asko ez ditugu esaten, eta antzezlan honetan esan egiten dira. Esaterako, hiltzear den senitartekoaren kasuan, hura hiltzean diru pixka bat iritsiko dela eta hipoteka ordaintzeko ederki etorriko dela pentsatzea ez da oso zilegi. Bada, antzezlanean horretaz hitz egiten dugu.

Errealitate gordina umorearekin lantzea garrantzitsu ikusten al duzu?

Vaya semanita telebista saioan norbere buruaz barre egiteari garrantzi handia ematen zitzaion, eta behin eta berriro errepikatzen zen hori. Urteek aurrera egin ahala, konturatzen joan naiz oso garrantzitsua dela hori. Zureaz barre egiten ikasten baduzu, gauzak beste era batera ikusten laguntzen dizu. Istorio bat, gordina izanagatik ere, mila eratara konta daiteke.

Noizbait esan al dizue antzezlanean kontatzen den antzerako egoera bizi duela norbaitek?

Bai. Askotan gerturatu izan zaizkigu antzezlana ikusi eta gero, bizitza bera bezala dela Erdibana edota bertan kontatzen ditugun guztiak egiak direla esanez. Jendea, sentsazio ugari bizi eta gero, irribarre batekin irteten da antzerkitik, eta guretzat, hori da balio gehien duena.

Joxe Ramon Soroizekin batera aritzea zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Zoragarria. Batzuetan pentsatzen dut nire lankideekiko pisutsu xamarra naizela dena primeran ikusi arte lanak behin eta berriz errepasatzea-eta gustatzen zaidalako, eta, bera ni baino okerragoa da zentzu horretan [kar, kar]. Berarekin lana egiteko gogoa banuen, eta bera bezala, badira gehiago ere. Beraz, nolabait ametsak egi bihurtzen ari direla esan dezaket. Helburuak jartzen dizkiot nire buruari, eta ondoren, aurreikuspenak betetzen saiatzen naiz.

'Erdibana' antzerkian ezezik, telebistan ere ikusten zaitugu, ETBn, Anjel Alkain eta Aitziber Garmendiarekin batera, 'Zuek hor!' saioan.

Lehen eguneroko saioa egiten genuen, eta estres pixka bat izaten genuen. Orain, astean behin izaten da, eta oso gustura nabil biekin, nire jendea, gustuko lana, eta gainera, etxetik gertu.

Urteak daramatzazu telebistan lanean.

Gauza bat bukatzen denean beste bati hasiera eman behar izaten zaio, eta Goenkale amaitu nuenean mundua bukatzen zela pentsatu nuen arren, proiektuak ateratzen joan dira. Goenkalen egin nuen postari paperari eskertu beharra diot, beraz. Pertsona langilea eta saiatua naizela iruditzen zait. Badakit ni baino aktore hobeak badaudela, eskarmentu handiagoarekin, gazteagoak eta lerdenagoak... baina, esandakoa, saiatua naiz, eta beti saiatu izan naiz bide batetik edo bestetik aurrera egiten.

Zure moduan, makina bat Tolosaldeko aktore igaro dira 'Goenkale'-tik.

Hala da. Baina, ez Goenkalen soilik, telebistan, antzerkian, musikan, eta kulturan, oro har, Tolosak nahiz eskualdeak jende asko eman du. Kultur mugimendu handia egon izan da betidanik hemen.

Pailazoaren paperean ere maiz ikusten zaitugu.

Nire afizioa da. Ohiko afizio bat izan ordez, nork esango zuen, ezta? Afizioa ofizio bihurtu dut, eta ofizio denean, afizio izaten jarraitzea nahi dut. Diskrutatu egiten dugu Poxpolo ta konpainiarekin. 19 urte igaro dira lehenengoz ileorde hori jantzi nuenetik, eta oraindik hor gabiltza. Dena den, neurria hartu behar zaie pailazoei; negu partean antzerkia eta telebista dela eta, atseden gehiago izaten dute. Poxpolok ez du ileordea behartuta jantzi behar, gogoz baizik, disfrutatu egin behar du egiten duenarekin. Maiatzetik aurrera, beste lanak baretzen direnean, orduan izaten da une egokiena. Lagunartean egoteko aukera ematen digu Poxpolok eta konpainiak.

Jendearen aurrean ezezik, kameren atzean ere lan egin duzu, gidoigile moduan. Ikasketak ere hortik bideratu zenituen.

Hala ere, nik argi nuen nire bokazioa ez zela irakasle izatea. Banekien ikasketek lagunduko zidatela irakurtzeko zaletasuna edota idazteko gaitasuna areagotzen... eta baita gure herriko historia ezagutzeko, asko gustatzen baitzait historia. Unibertsitatera joan aurretik, nola bideratu argi ez izan arren, banekien abiapuntua irakaskuntza ez zela.

Hori guztia gutxi ez, eta, laster Espainiako telebista kate bateko telesail batean ere ikusiko zaitugu.

Horrelako ezustekoak espero ez duzunean gertatzen dira. Antena3-rako grabatzen ari diren Alli abajo telesailean, Peioren papera egiten dut nik, protagonistaren lagun onenarena. Grabaketak Madrilen eta Sevillan ari gara egiten. Lan desberdin asko pilatu zaizkidan unean nago, baina, aukera hauek hartu egin behar dira. Aktoreen lana horrelakoa baita, ezin dugu oso etorkizun luzerako aurreikuspenik egin, beraz, aukera hauek hartu egin behar. Nonbait Ocho apellidos vascos filmaren arrakastak azkartu du telesaila egitea, ideia antzekoa baita. Bi hiru aste barru hasiko dira telebistan ematen.

Euskaldunen 'topikoak' ikusiko ditugu telesail horretan.

«Kabenzotz» edota «aiba la ostia» bezalako esapideak behin eta berriro azaltzen dira gure gidoietan, han grazia handia egiten dielako. Egia da guk ez ditugula hainbeste erabiltzen gure egunerokoan, baina, barrea eragiteko dela pentsatu beharko dugu. Gainera, bereziki, andaluziarrei zuzenduta dagoela esango nuke.

 

'Erdibana'

VILLABONA

Martxoak 1

Gurea antzokian, 20:00etan.

TOLOSA

Martxoak 13 Leidor aretoan, 20:30ean.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!