Urkijoren salaketen aurrean erantzun instituzionala, politikoa eta soziala emateko deia egin dute alkateek

Tolosaldeko Ataria 2015ko ots. 27a, 15:46

Eguerdian Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariaren errekerimendu zein helegiteak jaso dituzten udaletako ordezkariak bildu dira prentsaurrean, Lasarte-Orian. 

Tartean izan dira Tolosaldeko hainbat alkate ere. Izan ere, Urkijok eskualdeko 18 udal salatu ditu edota errekerimendua jarri. Hainbat ekimen burutuko dituztela argitu dute: Gasteizko Legebiltzarreko talde politikoekin harremanak hasiko dituen alkateen batzordea izendatuko dute eta euskal gizarteari eraso hauen aurrean erantzuteko deia egingo diote. Zentzu horretan bihar, Donostian, Kontseiluak deituta egingo den Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara manifestazioan parte hartuko dutela esan dute.

Gasteizko Legebiltzarreko talde politikoekin harremanak hasiko dituen alkateen batzordearen helburua erantzun bateratua gorpuzteko mekanismo politikoak eta juridikoak proposatzea izango dela ere esan dute alkateek. 

Era berean, gaur bildutakoek aipatu dute "eremu sozialarekin eta ekonomikoarekin, euskararekin, hainbat erakunderi emandako laguntzekin edota sinbologiarekin zerikusia duten neurrien eta erabakien aurkako errekurtsoak aurkezten ari" direla. "Udal autonomiaren aurkako eraso horiek egoera jasangaitza eragin dute, gure eguneroko lana baldintzatu dute eta prozesu judizialetara baliabide publikoak bideratzea behartu gaitu. Galera ez da udalentzat bakarrik; jarduera horiek gizartea bera kaltetu dute", gaineratu dute.

 Urkijok "euskal instituzioen aurka aurkeztutako salaketak, errekerimenduak eta jarduerak ehunka" direla esan dute, eta "honen guztiaren atzean dagoen helburua oso argia" dela adierazi: "Gure instituzioen funtzionamendua baldintzatu nahi dute eta bere erabaki ahalmena Estatuko Gobernuak zehaztutako mugen barruan utzi nahi dute. Jarduera antidemokratiko baten aurrean gaude; euskal herritarrek aukeratutako instituzioen eta ordezkarien aurrean errespetu falta ikaragarria erakusten dute".

Esku-hartze horri aurre egiteko Euskal Herriko erakundeek hainbat ekimen onartu izan dituztela esan dute, baina "ez dute ibilbide luzerik izan", esan dute.  Hori dela eta, gaur bildutakoek "kolore politikoen gainetik, egoera honi aurre egiteko deia egiten" dute. "Etengabeko esku-hartze honi aurre egiteko urrats irmoak eman behar ditugu euskal instituzioetatik.. Urquijoren eta estatuaren esku-hartzeek erantzun bateratua eta komuna eskatzen dute, pairatzen ari garen erasoaren neurrikoa. Instituzioetatik eman behar da erantzun hori, eremu politikotik eta gizartetik, euskal instituzioetan hartutako erabaki demokratikoekiko errespetua exijitzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!