Gogoari lana lotuz, lau ekintzaile berri hazitegietan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 12a, 16:41

Lehiberri zentroan lau enpresa proiektu berri abian dira, hazitegi eta laborategietan.

2014ko irailean jarri zituzten martxan, Lehiberri zentroko lehen hazitegiak. Proiektu berritzaileak ideiatik enpresara bideratzeko babesa eskainiz, Tolosaldea Garatzeneko ekintzailetasun sailak sustaturiko egitasmoa da, eta aholkularitza osoaz gain, enpresa hasiberriei egoitza ere bermatzen diete lehen hiru urteetan.
Urte eta erdi igaro da lehen pauso haietatik, eta bost hazitegi dira, gaur egun, lanerako gogoen aterpe. Hastapenetan Lehiberrin finkaturiko bi negozioek beren bidea hartu dute, eta azken hilabeteotan onarturiko lau proiektu berri martxan dira jada: «Enplegua sustatzeak eskualdea bizitzeko leku egoki egiten du, eta horretarako tresna dira Lehiberriko hazitegiak», dio Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak.

Bulego nahiz tailerreko lana
Etorkizunera begirako egitasmo berritzaileei aholkularitza eta azpiegitura bateratuak eskaintzen dizkiete hazitegiek, enpresari hasiberriei. Horrela, bulegoetan nahiz sotoko laborategietan egonkortu ditzakete enpresa-proiektuak.
Hasiberri diren lau ekintzaileek, horrela, bide oso desberdinak jorratuko dituzte hazitegien gerizpean. Kimetz Martinez tolosarrak, adibidez, 29 urte ditu, eta eskualdeko lehen shaper-a da; surf taulak egiten ditu, diseinutik hasi eta erabateko ekoizpenera iritsi arte. Banaketaz ere bera arduratzen da, gainera. Lehiberriko sotoetan ondu du eskulanetarako txokoa, eta bezeroak taulen bila etortzen direnerako ere, surf-giroko dekorazioa prestatu du.
Azaldu duenez, jakinminaz hasi zen jardun horretan, eta bere gisa ikasi du taulak egiten: «Eskuz egindako taulen merkatuan hutsune bat dago, eta garrantzitsua deritzot hemen inguruan horrelako zerbait sortzea, Donostiaz eta Iparraldeaz gain».
Enkarguz eskaturiko oholez gain, www.surftigersurfboards.com atarian ere eskuragarri ditu hainbat eredu.
Maider Diazek, berriz, 31 urte ditu eta ikasketak amaitu aurretik hasi zen lanean, giza-baliabideen esparruan. Denborarekin, ordea, bere ikuspuntutik eta bere ideiak landuz lanean hasteko erabakia hartu zuen: «Zoru industriala behar du nire proiektuak, eta oso ondo datorkit hazitegia».
Izan ere, pertsona, lantalde nahiz enpresei aholkularitza eskaintzen die Diazek, lan-dinamikak, proiektuen egiturak nahiz parte hartzea sustatuz.
Angel Caballero tolosarrak, aldiz, komertzial lanak egingo ditu, aurrerantzean, hazitegitik; eskualdeko industria esparruko enpresei enbalaje sistema berritzaileak ezagutaraziko dizkie, besteak beste.
Capaback izenaren bitartez, horrela, produktu jasangarrien erabilera hobetsiko du bere jardunean.
Laugarren hazitegiko Eduardo Ezkerro arduradunak agerraldian egoterik izan ez zuen arren, bere proiektua agroelikaduraren esparrura bideratu duela jakinarazi zuten, eta merkatu berriak zabaltze bidean da, eskualdeko 4 enpresa txikirekin hasita.

Autoenplegua irtenbide
Tolosaldea Garatzeneko ekintzailetasun arduradun Jon Zubeldiak 2014ko balantzea egiteko baliatu zuen atzoko aurkezpena eta, besteak beste, eskualdean 30 enpresa ekimen sortu zirela nabarmendu zuen.
Horien artean mikroenpresak dira nagusi eta, beraz, autoenplegua da langabeziari emandako irtenbide nagusia: «30 enpresa eta 41 lanpostu sortu dira».
Finantziazioari dagokionez, gainera, bataz-beste, 27.000 euroko inbertsioa behar izan du enpresa bakoitzak; guztira, 835.000 euro.
Azkenik, aipatzekoa da ekintzaile gehienak emakumeak direla, %60; adinak ere gora egin du, eta 42 urtekoa da enpresari berrien bataz-bestekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!