Ixiar Arratibel: "Orain beste eragile batzuen txanda da"

Asier Imaz 2015ko mar. 26a, 07:12

Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea 1996ko udaran sortu zen. Duela aste gutxi, ESAIT-ek bere ibilbidea amaitutzat eman zuen. Ixiar Arratibel azken hamarkadan lehendakari lanetan aritu da iritzi taldean.

Zer moduz albistea argitaratu ondorengo egun eta asteak?
Buru belarri. Gauzak ixten, jendearekin hitz egiten, arrazoiak ematen...  

Agurrean hasiera etortzen al da burura?
Iritzi talde bat bezala sortu ginen,  euskal selekzioek ofizialak izan behar zutela aldarrikatzeko asmoz. Gizarteak hori barneratu behar zuela ikusten genuen.

Eta betetzat eman duzue helburua.
Agurrean hori betetzat eman dugu, bai.

Burura etortzen zaizkizun irudiak zeintzuk dira?
Batez ere hasierako mugimendu haiek. Herriz herri zenbat hitzaldi eman genituen! Eztabaidak sortu; aldeko eta aurkako iritzi desberdinak jaso; gure arrazoiak eman... Gogorrak izan ziren hasiera haiek. Alderdi politikoak, sindikatuak, herri mugimenduak... baina batez ere kirol taldeekin eta kirolariekin ibili ginen.

Zailena agian, zuen burua aurkeztea izango zen.
Inoren agindupean ez gindoazela, gure kabuz hasi ginela... Ideologia desberdinak biltzen saiatu ginen. Eta egia esan, hasieran askotan entzun genituen «nortzuk dira hauek?» edo «zer uste dute egiten ari direla!» bezalako esamoldeak.

Pausoz-pauso, eta beti lanean.
Ez zen erraza izan, baina fruituak hor daude. Aldeko iritzi asko sortu ditugu, eta egia esan, aldeko bultzadak ere izan ditugu.

Euskal Herri osoa ezagutzeko aukera behintzat izango zenuten.
Hara eta hona ibili ginen, lau haizetara zabalduz, eta ESAIT-en esanahia azalduz. Hauteskunde garaietan batzuk behintzat gogoratzen ziren... Gero gauza asko entzun ditugu. Aldeko iritziak asko. Nahiz eta gero jarrerak ez izan aldekoak; esaten zutena ez baitzuten egiten... baina oro har, ondo esan behar.

Itxurakeria ere ezagutu duzue, beraz.
Gutxienez alderdi politikoen agendan sartzea lortu genuen. Bere garaian, Euskal Kirol Legea onartzea ere lortu genuen, gure bultzadatxo batekin, eta horretaz harro gaude.

Nola elkartzen da hiru zatitan banatutako herri bat, selekzio bakarraren inguruan?
Zaila da. Batez ere, erregimen desberdinak dauzkagulako. Baina azkenean herriak agintzen du, eta nire ustez badago borondate hori. Nik uste lortuko dugula.

Zergatik eman diozue amaiera ESAIT-i?
Iritzia sortu nahi genuen, eta nire ustez hori lortu dugu. Egoera aldatu egin da, eta baita gure mapa politikoa ere. Orain beste eragile batzuen txanda da, nahiz eta guk hor jarraituko dugu, ez dugu alde batera utziko orain arteko lana. Euskal Selekzioak ofiziala izan behar du nazioartean herri bezala jokatzeko, eta hori beste batzuen esku ere badagoela adierazi nahi izan dugu erabaki honekin.

Hartu nahi duenak erreleboa, beraz, hor dauka zuen esperientzia.
Ia 20 urteko lanak bere fruituak eman ditu, eta hori ere aldarrikatu nahi dugu. Gaur egun, jendeak barneraturik daukala uste dut, baita kirol talde eta federazioek ere. Espabilatzen hasi dira pixka bat, eta hainbat euskal federazio sortu dituzte. Nire ustez, aurrera jarraituko du horrek.

Zein da gertukoei esan diozuena, agurrean?
Nazio bat bagarela adierazi dugula; jendeak ikusten duela, eta kirolariek ere ikusi dutela, beste edozeinen aurka nazio bezala lehian aritzeko aukera badagoela.

Nolako harremana izan duzue ibilbide honetan kirolariekin?
Gora beherak izan ditugu, baina ikusi besterik ez dago lortu dena. Futbolean gertatu dena adibide garbia da.

Euskadiko Selekzioa izateari utzi eta Euskal Selekzioa izatera pasa zirenekoa.
Bi urte egon ziren partidarik jokatu gabe.

Eta zuek presio latza jasan behar izan zenuten.
Batzuentzat gu ginen errudunak. Guk gure bultzada eman genuen, baina jokalariak izan ziren erabakia hartu zutenak, eta protagonismo guztia beraiena zen. Askok, ordea, hori ez zuten horrela ikusi nahi izan. Jokalariek, ordea, euskaldunak zirela esan zuten, eta euskaldun bezala jokatu nahi zutela erabaki zuten. Eurek egin zioten aurre federazioari, eta beraien aldarrikapenak beraiek atera zituzten aurrera.

Ofizialtasuna lortu duten euskal selekzioak ere egon dira: sokatirakoa, adibidez.
1996an ez zegoen selekziorik. Orain, behintzat, batzuk badira. Sokatirakoa adibide ona da. 2001ean, Espainiako hereserkia hasi zenean alde egin zuten, euskaldunak zirelako. Surf selekzioa ere hor dago, eta badira beste batzuk ere, eta noski, gehiago lortuko dira.

Agian, orain, iritzitik konpromisora jauzi egiteko garaia da.
Nire ustez hori da orain egin behar dena. 20 urteko ibilbidean zehar asko ikasi dugu, eta laguntzeko beti hor egongo gara. Orain arte egindakoa garatu egin behar da, eta hor, denek dute zeresana, Eusko Jaurlaritzatik hasita.

Zer gertatuko da ESAIT-ek antolatzen zituen ekimenekin?
Hor jarraitzen dute. Mendi martxak 14 urte daramatza eta jarraituko du. Mendi lasterketak, Tour-eko irteerak, eta sortuko diren gauza berriak. Beste modu batera edo beste izen batekin antolatuko dira, baina ez dugu nahi guzti hori bertan behera gelditzea.

Eta pertsonalki, nola gelditu zara?
Pixka bat hustuta. Baina baita atsedenaldia hartzeko gogoarekin. Berriro pentsatu behar da nondik nora joan eta nora iritsi garen. Aurrera egiteko, etenalditxoak ez datozela gaizki uste dut.

Azken mezu bat?
Lanean jarraitu beharra dagoela esango nioke jendeari. Kirolak Euskal Herrian duen garrantzia ikusita, nazio moduan aritzeko aukera lantzen jarraitu beharra dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!