Nola eragingo dio TTIP itunak herritar xeheari?

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 14a, 11:17

Saioa Igeregi eta Mikel Saralegi hizlariak itun ekonomikoaz ariko dira, gaur, Tolosan.

Tolosaldeko Eskubide Sozialen Kartak hitzaldia antolatu du, gaur, TTIP ituna zertan den plazaratzeko. ELA sindikatuko Saioa Igeregi eta LAB-eko Mikel Saralegi dira hizlariak. Europar Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritza itunaren nondik norakoak azalduko dituzte, kultur etxean, 18:00etan hasita.

Igeregik eta Saralegik azaldu dutenez, eredu ekonomiko batetik haragoko ituna da Merkataritza eta Inbertsioen Itun Transatlantikoa: «Produktuen mugimendua oztopatzen duten legeak eta arauak ezabatu nahi dituzte».

Horrekin batera, gainera, enpresek Estatuak auzitegi pribatuetara eramateko eskumena lortuko dutela ere gaitzetsi dute biek: «Herrien demokrazia eta burujabetza hutsaren hurrengo bihurtuko dira, multinazionalen botereak zapalduta», dio Mikel Saralegik.

TTIP ituna «sekretupean negoziatzen ari direla ere gaitzetsi dute, «industriako lobbyek negoziatzaileengana iristeko erraztasun handia dutela badakigulako», Saioa Igeregiren arabera.

Ingelesezko siglak baliatuz TTIP ituna deritzona, ekonomia berpizteko tresna izango dela defendatzen dute haren aldekoek: «Hazkunde ekonomikoa ekarriko duela eta enpleguak sortuko dituela diote», azaldu du Saioa Igeregik.

Biek ala biek, ordea, adibide praktikoak eman dituzte horren aurka: «Europako batzordeak agindutako hainbat ikerketaren arabera, aurreikuspen onenek Barne Produktu Gordina 10 urtean %0,5-%1 haziko dela diote», azaldu du Igeregik. Era berean, Mikel Saralegik Kanada, AEB eta Mexikoren artean sinaturiko ituna gogora ekarri du: «Milaka lanpostu desagertu ziren eta, enplegu berriak prekarietatearen legearen menpe sortu dituzte; desberdintasun sozialak areagotu besterik ez dira egin herrialde horietan, akordioaren ondorioz».

Estatuen eta multinazionalen arteko ituna izanda ere, herritar xeheen egunerokoan eragin zuzena izango duela diote LABeko eta ELAko ordezkariek. Besteak beste, lan baldintzei eragingo liokeen ituna dela diote eta, horrez gain, nekazaritzak ere «kolpe gogorra» jasoko duela: «Gure osasuna kaltetuko litzateke transgenikoen erabilera zabalagoaren aurrean, eta zerbitzuak esku pribatuetara errazago joango lirateke, esaterako».

__________________________________________________________________

Saioa Igeregi (ELA sindikatua) eta Mikel Saralegi (LAB sindikatua)

"Herrien demokrazia eta burujabetza hutsaren hurrengo bihurtuko dira"

Tolosaldeko Eskubide Sozialen Kartak antolatuta, itun ekonomikoaren nondik norakoak azalduko dituzte, gaur, 18:00etatik aurrera, Tolosako kultur etxean.

Azaldu zer den Merkataritza eta Inbertsioen Itun Translatlantikoa (TTIP).

Saioa Igeregi: 2013. urtean negoziaketetan hasi ziren, eta gaur egun ere negoziatzen jarraitzen dute Europar Batasunak eta Amerikar Estatu Batuek, merkataritza eta inbertsio hitzarmen honen inguruan. Munduan barrena existitzen diren hainbat eta hainbat merkataritza akordiotako bat da, baina ez da edonolakoa: EB eta AEB ez dira edonor, munduko potentzia ekonomiko handienetakoak dira. Beren artean, munduko Barne Produktu Gordinaren erdia, eta munduko merkataritzaren herena osatzen dute. Beraz, akordio honek mundu osoan izango du eragina.

Mikel Saralegi: Bultzatzaileek ondasunak, produktuak eta inbertsioen joan-etorriak erraztu nahi dituzte. Haien ustez, horrela ekonomia piztu egingo da, eta enplegu berriak sortuko dira. Horretarako, produktuen gaineko arantzelak murriztuko dituzte, eta produktuen mugimendua oztopatzen duten lege eta arauak ere ezabatu nahi dituzte.

S.I.: Baina akordioa merkataritzaz harago doa, araudi horiek ezabatuta, gizarteak kostata konkistatutako babes araudiak ezabatuko dituztelako: gizartea eta ingurugiroa babesteko arauak; lan arauak; elikadura-segurtasuna babesteko arauak (GMO); produktu kimikoei buruzko erregulazioak; datuen pribatutasuna; finantza mundua arautzen duten arauak,...

M.S.: Horrekin batera, bi mekanismo martxan jarri nahi dituzte. Batetik, arbitraje mekanismo bat sortu nahi dute, inbertsoreen interesak babesteko. Horren bitartez, enpresek auzitegi pribatuetara eraman ahal izango dituzte estatuak, eta ez alderantziz, baldin eta gobernuek haien kontrako neurriak hartzen badituzte. Bestalde, berriz, Erregulazio Lankidetzarako Batzorde bat ere sortu nahi dute, eta helburu bat izango du: hainbat administrazioren proiektu eta erabakiak aldez aurretik aztertzea, eta merkataritza librearen aurka egiten badute betoa ezartzea.

Gaur egun akordioa zein egoeratan dago?

M.S.: Duela 30 urte hasi ziren lehen urratsak ematen, ezkutuan, bulegoetan, gobernuen borondateak moldatzen. Ofizialki, ordea, krisiaren testuinguruan ekin zioten negoziatzeari, AEBetako gobernuak eta Europar Batasunak.

S.I.: Otsailean negoziazio hauen zortzigarren erronda izan zen Bruselan, eta ondorengoa Washingtonen izango da.

M.S.: Hala ere, negoziazioak beraiek nahi baino mantsoago doaz. Barak Obamak 2015eko abendua baino lehen sinatu nahi du akordioa, baina itunak jaso dituen kritikek, presio sozialak eta zenbait gobernuren errezeloak moteldu egin du prozesua.

Akordioa defendatzen dutenek zer argudiatzen dute?

S.I.: Hazkunde ekonomikoa eta enpleguak sortuko direla diote. Aurreikuspen horiek Europar batzordeak agindutako hainbat ikerketetan oinarrituta daude, eta ikerketa horiek ontzat emanda ere, hazkunde oso txikia aurreikusten dute. Aurreikuspen baikorrena kontuan hartuta, 10 urtean BPG %0,5-%1 artean igoko litzateke. Halaber, EBko esportazioak gora egingo duela diote, %5 eta %10 artean, baina, aldi berean, onartu egiten dute Europako estatuen arteko merkataritza jaitsi egingo dela, %30 merkeago izatera arte, merkeago suertatuko baitzaie AEBetatik inportatzea.

M.S.: Haientzat muturreko lehiakortasunak krisitik aterako gaitu; prezio merkeenekin salduz gero, dirua errazago mugituko da, kontsumoa animatuz eta jarduera ekonomikoa berpiztuz.

Eta, aldiz, zein dira egiten zaizkion kritikak?

M.S.: Orain arte, horrelako akordioak sinatu dituzten tokietan, ez dute enplegu berririk sortu. Kanada, AEB eta Mexikoren artean sinatutakoa ikusi besterik ez da egin behar. Milaka lanpostu desagertu ziren eta, enplegu berriei dagokienez, prekarietatearen legeen menpe sortu dira lanpostu berriak. Desberdintasun sozialak areagotu baino ez dira egin.

S.I.: Sekretupean negoziatzen ari dira, baina industrietako lobbiek negoziatzaileengana iristeko erraztasun handia dutela badakigu: Europako batzordeak izan dituen bileren %92 lobby hauekin izan dira. gainera, TTIParekin enpresa multinazionalak estatuen gainetik egongo dira. Lobbien boterea oso handia litzateke eta, aldiz, estatuek ezingo lukete beren funtzio legegilea aurrera behar bezala eraman. Hau demokraziaren eta estatuen subiranotasunaren aurkako eraso bat da.

Herritar xeheari nola eragingo lioke akordioa martxan jartzeak?

M.S.: Gure bizi baldintzen okertzea ekarriko du itun honek. Multinazionalentzat arantzelak ez dira arazo. Aldiz, eskuratutako eskubideak derrigorrez apaldu behar dituzte. Beraz, ituna ezarriz gero, nekazaritzak kolpe gogorra jasoko luke agroindustriaren aurrean; gure osasuna kaltetuko litzateke transgenikoen eta produktu kimikoen erabilera zabalagoaren aurrean; ama lurrak extraktibismoaren erasoak jasango lituzke, beste behin; zerbitzu publikoak errazago joango lirateke esku pribatuetara. Finean, herrien demokrazia eta burujabetza hutsaren hurrengo bihurtuko dira, multinazionalen botereak zapalduta. Haientzat objektu ekonomiko hutsak gara, eta itunaren bidez saiatuko dira gu ez gaitezen subjektu politiko, sozial eta kultural izan.

S.I.: Modu zuzenean eragingo digu, gure bizitzako arlo horietan guztietan eragin negatiboa izango lukeelako. Alde bietan dauden erregulazioak gutxienekoetara egokituko lirateke.

Zein eredu proposatzen duzue TTIParen ereduaren ordez?

S.I.: Bada Merkataritza Alternatiborako Agindua. Helburua merkataritza eta inbertsio politikak kontrol demokratikoaren menpe izatea da. Gizarte justu eta demokratikoagoak izateko, politikaz gain, erabakiak hartzeko prozedurak ere aldatu egin behar dira: Europar Batasuneko prozesu legegileetan kontrol demokratiko handiagoa behar da. Beste zenbait gauzarekin batera, sekretismoarekin ere bukatu behar da, enpresa handien boterea gutxituz eta batzordearen nagusitasuna etenaz.

M.S.: Beste bide bat jorratu beharra dago, eta Euskal Herriko Karta Sozialak markatzen ditu horrelako zenbait gako. Burujabetza sekula baino beharrezkoagoa da, burujabetzarik gabe multinazionalen eskuetan eroriko baikara, are gehiago. Dagoeneko badakigu zer egin nahi duten gure eskubide, nekazaritza, ingurumen nahiz zerbitzu publikoekin. Beraz, Euskal Herrian, han eta hemen, aldarrikatu egin beharra dauzkagu herrien arteko berdintasunezko harremanak, justuak eta orekatuak. Herritarren beharrak etekin pribatuen gainetik defendatu behar ditugu eta, horrez gain, inguruan ditugun burujabetza ariketa praktikoekin konpromisoa hartu behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!