Sarek giza eskubideen alde egiteko aukera eskainiko du

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 16a, 08:41

Sarekideak egiteko aukera egongo da asteburuan Villabonan, Anoetan, Ibarran eta Berastegin. 

Sare mugimendua sortu zenetik euskal presoen sakabanaketarekin amaitzeko eta giza eskubideen alde egiteko ari dira lanean. Sare herritarra da, «siglak atzean utzita» giza eskubideen alde egiteko apustua egin duten herritarrek osatzen duten mugimendua, hain zuzen. Sortu zenetik hainbat ekimen burutu dituzte, eta asteburu honetan ere hainbat hitzordu jarri dituzte. Villabonan, Anoetan, Ibarran eta Berastegin Sarekide egiteko aukera emango dute, eta horrekin batera informazioa emango diete eskatzen dieten guztiei.

Sareko kideen nahia, euskal presoek jasaten duten sakabanaketa salatzea da, baina ez hori bakarrik horrek eragiten duen sufrimenduaren berri ere eman nahi dute. Eta horretarako Tolosaldean eskuz esku dabiltzan Dispertsioaren Liburuxkak ere atera dituzte. Izan ere, Sarek orain hilabete batzuk esan bezala euren helburuetako bat «euskal presoen eskubide urraketa salatzeko eremu, ideologia eta sentsibilitate asko biltzea da». Eta bide horretan bi dira martxan dituzten ekimenak: sakabanaketen ondorioak biltzen dituen Dispertsioaren Liburuxken kaleratzea eta Sarekideak lortzeko kanpaina.

Liburuxkaren 500.000 ale kaleratu dituzte eta nahia liburuxka eskuz esku pasa eta munduan zehar zabaltzea da. «Liburuxka lau hizkuntzatan idatzita dago, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa, eta bertan euskal kulturaren lau pertsonaia esanguratsuren testigantzak daude: Castillo Suarez Garcia idazle eta euskal filologian lizentziadun nafarra; Iñaki Lasagabaster Errarte administrazio zuzenbideko katedraduna; Jule Goikoetxea Mentxaka politologoa eta EHUko irakaslea; eta Igor Elortza Arana bertsolaria», esan dute Saretik.
Liburuxkak sakabanaketak eragiten duen sufrimendua jasotzen du, eta honen zabalkunderako gizartearen laguntza behar dutela diote, eta beraz, herritarrei liburua irakurri eta gero, bertan dagoen tartean liburuak sortutako hausnarketa idatzi eta beste norbaiti emateko eskatu dute.

Sare iazko martxoaren 15ean aurkeztu zuten jendaurrean, urte beteko ibilbidea du atzean hortaz, eta oztopoen gainetik sakabanaketarekin amaitzeko helburu sendoa dute mugimendua osatzen duten herritarrek.
«Euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak euren giza eskubideen jabe izatea nahi dugu, eta horretarako ari gara lanean», esan dute Sareko kideek.

 

Ekimenak

  • Villabona. Sarekideak egiteko mahaia jarriko dute ostiralean eta larunbatean, 19:00etatik aurrera.
  • Anoeta. Sarekideak egiteko mahaia jarriko dute larunbatean, plazan, eta 18:30ean Sare hitza osatuz argazkia aterako dute plazan.
  • Ibarra. Larunbatean, 12:00etan, herri sarreran informazioa banatuko dute eta Sarekideak egiteko mahaia jarriko dute.
  • Berastegi. Igandean, 18:00etan, filma bat eskainiko dute erabilera anitzeko gelan, eta ondoren, askaria egingo da eta argazkia aterako dute. Sarekide egiteko aukera ere egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!