Hautetsontziak ehuntzen, erabakitzeko eskubidearen alde

Maier Ugartemendia 2015ko api. 19a, 12:29

Apirilaren 25ean Ehuntze Eguna ospatuko du Gure Esku Dago dinamikak eskualdeko hainbat herritan; erabakitzeko eskubidea irudikatzen duten hautetsontziak osatzeko oihalak prestatuko dituzte.

Gure Esku Dago dinamika 2013ko ekainean sortu zen, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko helburu irmoarekin. 2014ko ekainaren 8an, 150.000 pertsona inguruk osatutako giza kate bat eraiki zuten, Euskal Herria Durangotik Iruñera lotzen zuena. Milaka kilometro, milaka eskuk lotu zituzten. Azaroaren 9an, berriz, Donostian 10.000 lagunek hautetsontzi erraldoi bat irudikatu zuten, erabakitzeko eskubidearen alde. Orain giza kate erraldoi hartatik urtebete ingurura, ekainaren 21ean, egingo duten ekimen masiboa prestatzeko buru belarri lanean dabiltza. Eta bide horretan kokatzen da, Euskal Herriko herri askotan, apirilaren 25ean, ospatuko duten Ehuntze Eguna.

Tolosaldeko hainbat herritan ere ospatuko da Ehuntze Eguna. Aitor Otegi alkizarrak eta Ander Otezabal tolosarrak dinamika gertutik jarraitu dute, Gure Esku Dago taldean parte hartzen baitute, eta Otegik dioenez Ehuntze Egunera iritsi bitarteko hilabete hauetan ere «herri guztietan lanean» jarraitu dute, «gauza berriak» antolatzen eta «ekimen berria» prestatzen.



Ehuntze Eguna eskualde osoan


Aipatu bezala, ekainaren 21ean izango du aurtengo ekimen nagusia Gure Esku Dago ekimenak. Ekimen horretarako irudi nagusia oihal ezberdinek osatutako hautetsontzia da, eta oihal horiek atontzea izango da besteak beste, apirilaren 25ean, Ehuntze Egunean egingo dutena, Otezabal tolosarrak azaldu bezala: «Aurten izena ematea oihalen gaiari lotuta izan da, eta parte hartzea sustatzeko eta oihal horiek apaintzeko bilduko gara eskualdeko herri ezberdinetan». Hortaz, Ehuntze Egunean, ekainaren 21ean erabakitzeko eskubidea irudikatzen duen hautsetsontzi erraldoia eraikitzeko erabiliko dituzten oihalak «josi eta apaindu» egingo dituzte.

Kolore eta forma ezberdinetako oihalak erabiliko dituzte, eta horrekin erabakitze prozesuan herritarren aniztasuna beharrezkoa dela irudikatu nahi dute: «Oihalak metafora bat dira denen artean erabakia ehundu behar dugula irudikatzeko». Denen artean josi eta atondutako oihal horiekin, hautsetsontzia sortzerakoan «denona den erabakian» herritar guztien «parte hartzea» irudikatuko dute.

Zenbait talde eta eragilek etxeko lanak erdi eginak eramango dituzte apirilaren 25ean. Izan ere, Otegik azaldu bezala hogei laguneko taldeak osatu dituzte oihalak «apaintzen» hasteko. Nahiz eta herri askotan Ehuntze Egunean bertan ere oihal horiek norberak nahi duen «mezuekin, aldarrikapenekin eta irudiekin» atondu ahal izango dituzten. Ondoren, Ehuntze Egunean oihal guzti horiek josteari ekingo diote.



Bestalde, festa egun horretan ekainaren 21ean egingo den ekimen masiborako izen emateko aukera ere izango da herri guztietan. Hain zuzen ere, ekimenaren aurkezpenean Gure Esku Dago dinamikako antolatzaileek, festa ospatuko den egoitzetan «edukiera arazoak aurreikusteko eta ekimenaren finantzaketarako» arratsaldeko ekitaldietarako sarrerak salgai jarriko direla aipatu zuten. Horregatik, sarrerak «ahalik eta azkarren» erosteko gomendatu zieten herritarrei, eta horretarako lehen aukera apirilaren 25ean izango da eskualdean.

Edonola ere, erabakitzeko eskubidearen alde herritar guztien «parte hartzea» bultzatu nahi dute eta hori «festa giroan» eta «musika giroan» egingo dute. Egun horretarako herri bakoitzak bere egitaraua prestatu du, eta eskualdeko herri «gehienetan» izango da zer egina. Tolosan esaterako Ubeda anaiak, Kike eta Jone Amonarriz edo Dj Bull izango dira kalean «giroa» jartzen. Otezabalen esanetan egun «atsegina» eta «erakargarria» izango da. Bestalde, Anoeta eta Iruraren artean sukaldeko desafio bat egingo dute, eta amasarren eta billabonatarren artean ere izango da kirol desafioa. Festa giroa ez da faltako eta helburua «jendea hurbiltzea» da oihalak apaindu eta izen ematea bultzatzea da.

Horregatik guztiagatik, Otegik eta Otezabalek parte hartzeko gonbita luzatu nahi izan dute: «Azaldu dadila norbera bere herrira eta parte har dezala». Apirilaren 25ean «denak kalera» ateratzera animatzen dituzte: «Aiton-amonekin, umeekin, lehengusuekin, lankideekin…».

Ezberdinen arteko lotura

Festak eta aldarrikapenak bat egingo dute Ehuntze Egunean, eta Otegi eta Otezabal ilusioz daude. Azken honek dioen moduan, «aspaldiko mamuak» ezabatu nahi dituzte, eta horretan dihardute hilabete guzti hauetan herri ezberdinetan lanean ari diren taldeek. Otegik azaldu bezala «oso garrantzitsua» da eurentzat herri guztietan egotea dinamikari olioa botako dioten taldeak, horrek «lanak asko errazten baititu». Halaber, «herritarren ekimena» dela diote, eta gertutasun hori bilatzeko ere herri bakoitzeko herritarrak parte hartzea positiboa dela uste dute. Horregatik, interesa duen oro talde horietan parte hartzera «animatu» nahi dituzte: «talde irekiak gara, gehienak amateurrak, baina denon parte hartzea posible da».

Sentsibilitate ezberdinetako herritarren taldeak osatu nahi dituzte Gure Esku Dago dinamikako taldekideek, eta helburu hori lortzea «posible» dela uste du Otezabalek: «Ez zaigu egina etorriko, baina sinistu egin behar dugu eta guztion egitekoa da». Eurak «eskuak irekita» eta «eskua emateko prest» daude, eta «poliki-poliki» bada ere aniztasun hori lortzen ari direla uste dute. Nahiaz gain, herritar guztien parte hartzea lortzeko «beharra» dutela dio Otegik. Partaidetza «oso garrantzitsua» da eta horretarako «saretze» lana burutzen ari dira. Oihalak sortzeko ekimenarekin ere, hain zuzen, horixe bilatzen dute, eta horretarako pertsona bakoitzak beste pertsona batzuk inplikatzea lortzea da helburua.



Aurrera begira, beraz, ikuspegi «positiboa» dute guztiz: «Herri honek erabakitzeko eskubidearen eguna iristeko nahia du». Gainera aurten, aurrera pausoa emanez, hautetsontziak eraikitzea, «bozkatzeko ariketa» gerturatze ari denaren unea irudikatu nahi dute, «praktikotasuna bilatzen» saiatu dira. Izan ere, Otezabalek eta Otegik argi dute Gure Esku Dagok aldarrikatzen duen erabakitzeko eskubidea ariketa «demokratikoa» dela eta eskaera «sinplea» dela, horregatik jendearengana «iristea eta animatzea» guztiz bideragarri ikusten dute. Ezezkoaren ala baiezkoaren gainetik, «masa garrantzitsu batek» erabakitzea da egiten duten lanaren helburua, eta horretan dihardute, gainera.

Ekainak 21

Jada aipatu dugu, apirilaren 25ekoa beroketa lan bat izango dela. Izan ere, aurtengoan ekainaren 21a aukeratu du Gure Esku Dago dinamikak ekimen masiboa burutzeko eta aurreko lanaren isla egun horretan azaleratuko da. Ekainaren 21ean, Euskal Herriko bost hiriburuetara zabalduko da festa. 12:00etan hiriburuetan lehenago jositako oihalekin batera giza katea osatuko dute, baina ekitaldi nagusiak 17:30ean izango dira, Donostian, Baionan, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen. Bertan herri eta auzoetan jositako oihalekin hautetsontzi erraldoi bat eraikiko dute. Gure Esku Dagok azaldu duenez egun hori «etorkizunari begira» jartzeko eguna izatea nahi dute: «Erabakitzeko eskubidearen gauzatzeari ateak zabaltzeko eguna».

Ekimen horrekin erabakitzeko eskubidearen gauzatzean aurrerapauso bat ematea espero dute, eta gero eta gertuago ikusten duten bozkatzeko eguna irudikatu.

 

APIRILAK 17. APIRILAK 24. APIRILAK 25. APIRILAK 26

ALTZO

Jostunak dokumentalaren proiekzioa.

ASTEASU

19:30. Zine aretoan Ehuntze Egunaren aurkezpena eta Jostunak dokumentalaren proiekzioa.

BERROBI

21:00. Jostunak dokumentalaren proiekzioa udaletxean.

IRURA

18:30. Jostunak dokumentalaren proiekzioa kultur etxean.

ALEGIA

17:00. Herriko plazan, ordurarte bildutako tela zatiak pertsonalizatu eta elkarren artean josiko dituzte. Bertsolariak, trikitixa, zahagiardoa...

ALKIZA

17:30. Oihalak apaindu eta josi.

19:30. Jostunak dokumentala.

Informazioa eta izen emateko mahaia.

ALTZO

18:00. Plazan oihalak josi, apaindu, argazkia atera eta 19:00ak aldera pintxoak tabernan denentzat.

AMASA-VILLABONA

18:00. Desafioa Amasa-Villabona artean. Hainbat erronka izango dira: asto karrera, zinearen dorrea, yumareatzea, mosaiko bat osatzea, sagardoa botilatik jaurti eta zeinek gehiago basoa bete, gurpil lasterketa, bertsoka balkotik balkoira, denen artean lasto fardo lasterketa. Desafioan Amasa eta Villabonako aurpegi ezagunek parte hartuko dute.

19:00. Ekitaldia. Herriko oihalak josiko dira herritarren artean eta herriko jostunek lagundurik. Dantzariek eta abeslariek ere giroa alaituko dute.

Ondoren. Kantaldia Julen Irazusta eta Olaia Toralekin. Pintxoak eta edaria egongo da.

18:00-20:00. Erabakitzeko eskubidearen alde saretzeko aukera, oihalak apaindu eta bertan idazteko aukera, barra zerbitzua gaztetxekoen eskutik, DJ- Gatxet jaia animatzen.

Oihalak eskuratu dituztenek 17:30ean Malkar plazara eraman beharko dkituzte herriko jostunak josten has daitezen.

AMEZKETA

Egun osoan zehar. Goizetik hasita mural margoketa. Arratsaldean oihalak josi, herriko musikari eta bertsolariak giroa alaiturik. Bitartean zerbeza mota ezberdinak dastatzeko aukera eta gauean zerbeza edanez afaria.

ASTEASU

12:00. Herriko gazteen herri kirol eta jolas erakustaldia.

Ondoren. Oihalen margoketa eta apainketa, jostea, eta azkenik, emaitzaren argazkia.

BERASTEGI

16:30. Marrazki leihaketa, haurrentzako jokuak, helduentzako karta jokoak, jostunen txokoa.

Jarraian. Bertso jarrien kantaldia, trikitilariak eta oihalak jostea. Tartean mokadutxoa.

BERROBI

11:00. Izen ematea, oihalak jostea eta pintatzea eta hamaiketakoa herriko plazan.

IBARRA

11:00. Ibarrako plazan oihalak atondu eta josi. Tartean hamaiketakoa.

IRURA-ANOETA

11:30-14:00. Oihalak apaindu eta josi. Gaztetxeak antolatuta haur jolasak oihalak apainduz.

Bitartean. Anoeta vs Irura lehiaketa bakailua saltsan prestatzen.

13:30. Prestatutakoaren banaketa eta ondoren nahi duenarentzat zahagiardoa.

LIZARTZA

11:30. Puzgarriak, aurpegi zein puxika margoketa, izen ematea, oihalen apainketa, etxetik emandako tortilen dastaketa sagardoz bustirik, oihalen jostea.

13:00. Argazki erraldoia. Guztia Lizartzako txarangak alaituta.

OREXA

16:30. Oihalen apainketa eta jostea, argazkia, txokolatada eta puzgarriak.

TOLOSA

10:00. Hasiera emango zaio festari.

10:00-11:45. Oihalen apainketa. Apainketak irauten duen bitartean Dj Bull musika jartzen eta Kike eta Jone Amonarriz dinamizatzaile lanetan izango dira.

11:00. Kupela irekiera eta hamaiketakoa.

11:30. Jostunak oihalak josten hasiko dira.

12:15. Ekitaldia: Kike eta Jone Amonarriz aurkezle lanetan, bertsolariak, Ubedatarrak, termometroa, eta taldeko partaide baten hitza hartzea.

12:45. Argazkia.

BERASTEGI

18:30. Jostunak dokumentalaren proiekzioa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!