Hauteskundeak 2015. Emaitzak

Eskualdeko 26 herritan gehiengoa lortu du lehen indarrak

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 26a, 10:08

11 alkate berri izango dira eskualdean; gehiengoa lortu dutenen artean, 10 dira emakumezkoak

Udal hauteskundeen ondoren eskualdeko 28 herrietatik 26tan ziurtatuta dago, lehenengo gelditu den zerrendak gehiengo osoa lortu baitu. Amasa-Villabonaren kasuan, EAJk irabazi du, baina bere sei zinegotziek ez die ematen gehiengoa, EH Bilduk ere sei zinegotzi lortu baititu, eta PSE-EEk bat. Hala ere, ez dirudi alkate aukeratzeko osoko bilkuran ezustekorik izango denik, eta EAJko Iban Agirre izango da ziurrenik hurrengo alkatea. Albizturren PSE-EEk lortu du alkatetza, 13 botorekin eta 157 boto txuri izanik, baina oraindik ez du argitu udala hartuko duen ala ez.

Baliarrainen kasuan udal hauteskunderik ez da izan, ez delako zerrendarik aurkeztu, eta, beraz, Martzelino Dorronsorok sei hilabetez funtziotan jarraituko du, hauteskundeak berriro deitu arte. Ekainaren 13an egingo da udalbatza berrietan kargu hartzea, eta egun horretan izendatuko dira datozen lau urteetarako alkateak.

Ziurtatuta dauden 26 alkatetzetatik, 15ek errepikatuko dute. Horietatik birentzat, Igaro Balda eta Mariano Lazkano, hirugarren legealdia izango da. Alkate izateko ziurtasuna duten 26 zerrendaburuetatik 10 emakumezkoak dira.

Tolosaldeko lau batzarkide
Foru hauteskundeei dagokionez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eskualdeko hautagaiek lau eserleku beteko dituzte: EH Bilduko Xabier Olano altzotarra, EAJko Marian Lazko zizurkildarra, PSE-EEko Jose Ignacio Asensio tolosarra, eta Orion jaio eta Orendainen bizi den Podemos-Ahal Dugu alderdiko Iune Cisneros.

Alkatetzak ziurtatuta

  • Abaltzisketa. Jon Zubizarreta*.
  • Aduna. Josu Amilibia*.
  • Albiztur. Patricia Val.
  • Alegia. Unai Iraola*.
  • Alkiza. Jon Umerez*.
  • Altzo. Joseba Elduaien.
  • Anoeta. Pello Estanga*.
  • Amezketa. Iñaki Amundarain*.
  • Asteasu. Pili Legarra*.
  • Belauntza. Mariano Lazkano*.
  • Berastegi. Amaia Azkue.
  • Berrobi. Iñigo Aierza*.
  • Bidania-Goiatz. Joxe Erramun Goikoetxea*.
  • Elduain. Jose Angel Urkizu.
  • Gaztelu. Gari Aranzabal.
  • Hernialde. Igaro Balda*.
  • Ikaztegieta. Bakarne Otegi.
  • Irura. Ana Jesus Leunda.
  • Ibarra. Mikel Agirrezabala.
  • Larraul. Aneli Urbieta.
  • Leaburu. Luisa Uzkudun*.
  • Lizartza. Leire Gordo.
  • Orendain. Gorka Egia*.
  • Orexa. Eneko Maioz*.
  • Tolosa. Olatz Peon.
  • Zizurkil. Jose Maria Luengo*.

*Alkate moduan errepikatuko dute.

Alkatetza ziurtatu Gabe

Amasa-Villabona. Iban Agirre.

Alkatetza funtziotan

Baliarrain. Martzelino Dorronsoro.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!