Garai bateko olinpiaden bertsio berritua, Eskola Kirolaren jaian

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 27a, 11:20

Larunbat goizean eskualdeko neska-mutilek bat egingo dute, urtea biribildu eta festa ospatzeko

Tolosaldeko eskolarteko azken olinpiadak 2004. urtean antolatu zituzten azkenekoz. Mutiko baten zoritxarreko gertakari bat zela eta, bertan behera geratu ziren orduan eta, gainera, formatua bera ere zaharkituta somatzen zuten antolatzaileek.

Ikastetxeetako neska-mutilentzat, ordea, egutegian gorriz markatutako eguna izaten zen olinpiada eguna: norbere ikastetxearen kamiseta defendatzeko eguna; gainontzeko ikastetxeetako jendea ezagutzekoa; iltzezko zapatilak lehen aldiz janztekoa eta, gutxi batzuentzat, olinpiadetako kantu mitiko harekin podiumera igotzeko eguna ere bai. Bi hitzetan, festa eguna.

Olinpiadak desagertu izanak ez du, Tolosaldean, eskola kirolaren beherakada ekarri; alderantziz, gero eta gehiago dira beren aisialdia kirola egitera bideratzen duten gaztetxoak. Horrela, eta, 2014-2015 ikasturtea biribiltzeko asmoz, eskualdeko Eskola Kirolaren festa izango da, larunbatean, Tolosan.

Astebururo-astebururo Tolosaldeko eskola kirolean aritzen diren koordinatzaileek eman dute egitasmoaren berri eta, besteak beste, «urte osoko ekintzak biribiltzeko» udalarekin elkarlanean antolaturiko jaia izango dela azaldu du Patxi Goiak: «Ikasturte honetako azken eguna izango da, eskola kirolari dagokionez eta, duela zenbait urteko olinpiaden nortasunari helduz, antzeko zerbait egin nahi genuen aspaldidanik».

Kirol lehiarik gabeko goiz pasa sustatu nahi izan dute irakasleek eta, Jon Gonzalezek azaldu duenez, «kolore nahasketa hori oso ona da gaztetxoentzat». Bide beretik, gainera, jarduera guztiak Berazubin kontzentratu beharrean, korrika saioa kalean barrena egitea erabaki dute: «Baliorik ez diogu ematen sarri, baina, larunbatero-larunbatero haur asko mugitzen ditu kirolak, onak, txarrak edo erdi-ipurdikoak izanda ere. Beraz, Eskola Kirolaren balioa ere aldarrikatu nahi izan dugu», dio Goiak.

Horrela, beraz, 10:45ean izango dute hitzordua, eskola kirolaren festan parte hartu nahi duten eskualdeko neska-mutil guztiek. Tolosako Alondegian elkartuko dira, eta korrika saioa egingo dute Berazubi estadioraino, irakasleekin batera. Behin hara iritsitakoan, gainera, olinpiadetako abestiarekin desfile txiki bat ere egingo dute, keinu gisa.

Ondoren, mosaiko koloretsua osatuko dute ikastetxe guztietako neska-mutilek elkarrekin, eskola kirola aldarrikatuz: «Lehiakortasunik gabeko kirola aldarrikatzeko adierazpen bateratua ere irakurriko du ikasle batek, gu guztiok izenean». Izan ere, aurten argitaratu zuten kirolean izan beharreko jokabide egokiaren dekalogoa, bai neska-mutilentzat, bai gurasoentzat.

Eskola kirolaren alde ludikoa nabarmenduz, azkenik, zumba egingo dute guztiek batera, 20 minutuko saioa osatuz.

Irudi berria eskola kirolarentzat

Tolosaldeko Eskola Kirolak ez du festa berria soilik; irudi berri bat ere izango du, aurrerantzean, haren inguruko albiste eta egitasmoak plazaratzeko.

Irudia aukeratzeko, gainera, eskualdeko ikasleen artean lehiaketa antolatu dute, eta Anoetako LH 6. mailako Garazi Mendizabalen lana aukeratu dute Eskola Kirola irudiz janzteko.

Horrela, Mendizabalek berak irakurriko du jokabide egokiaren aldeko adierazpena, eta goiza biribiltzeko denei banatuko dizkieten oparitxoak ere bere irudiak apainduko ditu.

Horrela, beraz, eta deialdia ikastetxe guztietan zabaldu duten arren, Xabier Saizar irakasleak deialdia zabaldu nahi izan du berriro, gaztetxoei larunbatean parte hartzera dei eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!