Iritsi da eguna, I. Ataria Txapelketako finalak prest dira

Asier Imaz 2015ko uzt. 3a, 12:16

Erronka desberdinak aurrera eraman ditu eskualde mailako pilota txapelketak; 319 parte hartzaile izan dira, eta 261 partida jokatu, eskuz nahiz gomazko paletan.

Iritsi da eguna. I. Ataria Pilota Txapelketaren finalak bihar jokatuko dira. Guztira sei partida. 10:00etatik aurrera, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Apirilaren 24an jarri zen martxan txapelketa, eta finalera bitarte, 261 partida jokatu dira. Batzuk gomazko paletaz, eta gehienak esku pilotan. 319 haur eta gaztetxok hartu dute parte txapelketaren lehen edizioan. Eta denak ezin iritsi finalera. Partida bat jokatu eta kalera joatea ere ez zen dotorea. Horregatik, hasierako ligaxketan bikote edo talde bakoitzak gutxienez bi partida jokatzearen aldeko apustua egin zen. Jokotik duen txapelketak, jolasetik ere bai baitu.

Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Ibarra, Bidania-Goiatz, Berastegi, Albiztur, Ikaztegieta, Amezketa, Asteasu eta Tolosa. Herri guzti horietako pilotalekuetan jokatu dira partidak. Horra beste apustua: eskualdeko txapelketa izatearen erronka.

Antolakuntza lanetan ere ateak ahalik eta gehien zabaldu nahi ziren, eta emaitza, lehen bilera hartatik honaino, bikaina izan da. Tolosaldeko pilota elkarte nahiz eskolak buru belarri aritu dira lanean, ATARIA-rekin batera, txapelketa aurrera ateraz: Asteasuko Atzapar; Bidania-Goiatzeko Aurrera Saiaz; Amasa-Villabonako Behar Zana; Alegia, Altzo eta Ikaztegietako Intxurre; Ibarrako Sendi Ekintza; Tolosako Tolosa K.E.; Adunako Txulobi; Amezketako Zazpi Iturri; Zizurkilgo Ziotza, eta Albiztur, Alkiza, Altzo, Berastegi eta Ikaztegietako pilota eskolak. Guztiei eskerrik asko!

Iritsi da eguna. Finalak prest dira. Orain arte bezala, gozatzen jarraitzea geratzen da.

'Ataria' irratian, zuzenean

Larunbatean jokatuko diren finalak eta Beotibarko giroa zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du ATARIA Irratiak. 10:00etatik aurrera, pilotaleku bertatik. Alde batetik, noski, partiden jarraipena egingo da. Baina bestetik, azken hiru hilabeteen errepasoa egingo da, protagonistekin, txapelketaren erronka eta izaera agerian utziz.

Entzuteko, bi aukera egongo dira: 107.6 fm sintonizatuz, edo ataria.info webgunean sartuta.

TXAPELKETAKO HAINBAT DATU

Noiz hasi zen txapelketa: Apirilaren 24an.

Partaidetza: 319 neska-mutil.

Neska partaideak: 43 palaz eta 6 eskuz.

Mutil partaideak: 270 eskuz.

Bikoteak/taldeak: 145.

Jokatutako partida kopurua: 261.

Herriak/frontoiak: 11.

Pilota elkarte/eskola antolatzaileak: 14.

PARTIDEN ORDENA. Beotibar

1. BENJAMINAK B, ESKU PILOTA Gorostiaga-Murua (Altzo)

Alustiza-Agirre (Alegia)

2. BENJAMINAK A, ESKU PILOTA Gorostidi-Gorostidi (Abaltzisketa)

Urkaregi-Belauntzaran (Larraul)

3. ALEBINAK, GOMAZKO PALETA Urkola-Herrero (Asteasu)

Otegi-Urdapilleta (Asteasu)

4. ALEBINAK, ESKU PILOTA Etxeberria-Ugartemendia

(Zizurkil-Alkiza)

Amundarain-Gabirondo (Tolosa)

5. INFANTILAK, GOMAZKO PALETA Larrarte-Aburuza (Bidania-Goiaz)

Zhang-Esnaola (Orendain)

6. INFANTILAK, ESKU PILOTA Ruiz-Olano (Amezketa-Altzo)

Estarbe-Lopetegi (Tolosa)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!