Abuztuko oporretan ez du etenik izango ataria.info-k

Tolosaldeko Ataria 2015ko uzt. 29a, 11:31

'Tolosaldeko Ataria'-k abuztuan egunero egingo du lan sarean; papereko azken alea, berriz, etzi kaleratuko da

Ahalegin berezia egingo du uda honetan TOLOSALDEKO ATARIA-ko lan taldeak. Lehen aldiz, abuztuko hilabetean ere lan egingo da, baina sarera begira bakarrik izango da. Abuztuan ez da irratirik, egunkaririk eta astekaririk izango, baina Tolosaldean gertatzen denaren berri ataria.info bidez jaso ahal izango dute herritarrek.

Papereko edizioak ohiko oporrak izango ditu, eta biharkoa izango da egunkariaren azken alea eta ostiraleko astekariarekin agurtuko da irailera arte. Kasu honetan, astekaria ale berezia izango da. Tolosaldeko herrietan abuztuan izango diren jaiak biltzen dituen alea izango da. Festarik festa ibiltzeko aukera eskainiko du. Opor osteko lehen alea irailaren 1ean, asteartean, argitaratuko da.

Bitartean hilabete oso bat dago tarteko eta gure kazetariak ere abuztuan, festarik festa ibiliko dira. Altzo eta Larraulgo jaiekin hasi, eta Berrobiko sanagustinak bitarte makina bat herritan izango da ATARIA herri bakoitzeko festa giroa jasotzen. Hamabost herrietako jaien berri emango da argazki eta bideo bidez, besteak beste, webgunean. Eta albiste guztiak sare sozial bidez ere zabalduko dira.

Udako argazkien zain

Ohikoak dira argazki lehiaketak, eta uda honetako oporrak iruditan biltzeko ahalegina egingo du TOLOSALDEKO ATARIA-k. Argazkirik onenak bere saria ere izango du.

Parte hartzeko uda honetako argazki bat bidaltzea nahikoa da. Dagoeneko oporrak eginak izanez gero, zure udako argazkirik onena argazkiak@ataria.info helbidera bidali dezakezu.

Izen-abizenak, herria, azalpen txiki bat eta telefono zenbakia jartzea nahiko da. Hori bai, 300ppp-ko bereizmena eta 30x20 zentimetroko gutxieneko tamaina izan beharko ditu bidaltzen den argazkiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!