Liberazioak, legearen mugen azpitik

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 29a, 11:38

Tolosaldeko 28 herriek 220 zinegotzi elkartzen dituzte, udalbatzaz udalbatza; datozen lau urteetarako, ordea, 15 liberazio baino ez dituzte iragarri ordezkari politikoek.

Badira idatzi gabeko arauak, airean dauden zenbait lege txiki, adeitasunarekin loturikoak, ia beti. Horietako bat da norbere ekonomiaz ingurukoekin hitz egitearena; badirudi eguneroko lan orduen truke jasotako ordainsaria esateak biluztu egiten duela, bat, gizartearen aurrean.

Gauzak, ordea, aldatzen ari dira, batez ere, kargu publikoen ardura hartzen dutenei dagokienez; hizketaldi, lerroburu eta aitzakia guztiak hartzen dituen krisia herritarren bizitzetan sartu zenez geroztik, ahoz ahoko kontu izatetik dokumentu ofizial izatera pasatu dira politikarien soldatak. Gardentasuna, hautu politiko izatetik, betebehar izatera igaro da.

Joan den ekainaren 13an eskualdeko udal guztiak osatu, eta datozen lau urteei aurre egiteko sukaldeko lanetan ari dira herritarrek aukeratutako ordezkariak: zenbat batzorde osatu; zein batzorde esleitu zinegotzi bakoitzari; udalaz kanpoko erakundeetako ordezkaritzak zehaztu. Eta baita erabateko lanaldian udalean jardungo duten ordezkariak aukeratu ere.

Baina, izen-abizenak erabakitzeaz harago, egiazki, bada hori guztia arautzen duen lege erregulatzaile bat. Haren arabera, Espainiako Estatuko aurrekontu orokorrak zehazten du, urtero, udal ordezkariek jasoko dituzten ordainsarien gehiengoa. Halaber, aurrekontu orokorra edozein izanda ere, biztanleen araberako muga zehatz batzuk indarrean daude gaur egun.

Horrela, Tolosaldean, gehienez ere, urtean 50.000 euro garbiko soldata jaso ahal izango luke udal ordezkari batek; hori da 10.001 eta 20.000 biztanle arteko hirietan agintarien gehienezko muga. 5.001 eta 10.000 biztanle arteko herrietan, berriz, gehienez ere 45.000 euroko ordainsaria jasotzeko aukera dute lanaldi esklusiboan aritzen diren politikariek. Azkenik, 1.000 eta 5.000 biztanle arteko udalerrietan, agintari politikoek ezin dute 45.000 euro baino gehiagoko ordainsaririk jaso, urtean.

Hori Espainiako legea da, ordea, eta gauza jakina da Euskal Autonomia Erkidegoak baduela zenbait erabaki propio hartzeko eskumena. Bada, ordainsarien kasua horietako bat da: «Euskal lurralde historikoetako foru organuek, erkidego horretako udalbatzetako kideen ordainsari eta asistentzien gehiengo mugak erabakitzeko eskumena izango dute, eta baita behin-behineko langile, zerbitzuetako langile nahiz sare publikoko langileenak ere», dio legearen eranskinak. Bide beretik, Nafarroak ere askatasun bera du.

220 zinegotzi eta 15 liberazio

Ordainsarien bide beretik, Espainiako legediak baditu tresnak, herri bakoitzean erabateko lanaldiaz aritu daitezkeen zinegotzi kopurua zehazteko ere.

Bide horretan, eskualdean Tolosak izango luke liberatu gehien izateko eskubidea: 15.001 eta 20.000 biztanle arteko hiria izaki, 7 liberatu izateko eskubidea du, legez. 10.001 eta 15.000 herritar arteko udalerriek, aldiz, 5 liberatu izan ditzakete, asko jota. Muga hiru liberatukoa da 3.001 eta 10.000 herritar bitarteko herrietan, eta 2.001 herritarretik 3.000 herritar bitarteko udalerrietan, gehienez ere bi pertsonak aritu ahal izango dute erabateko jardunean. Azkenik, 1.001 eta 2.000 biztanle arteko herriak daude: liberazio bakarra izateko eskubidea dute udal horiek guztiek.

Beraz, erabateko lanaldien muga 1.000 herritar dituzten udalerrietan geratzen da. Tolosaldean, ordea, 28 herrietatik gehienak 1.000 biztanle baino gutxiagokoak dira: «Ezingo dute kiderik izan, erabateko lanaldian», dio legeak.

Baina, salbuespen eta zehaztapenak ere zerbaiterako asmatu zirenez, 1.000 biztanleren muga gainditzen ez duten udalerrietako zinegotzi eta alkateek badute lanaldi partzialean aritzeko eskubiderik. %75ean ari direnek, gehienez ere, 30.000 euroko ordainsaria izan dezakete urtean eta, %50ean ari direnek, berriz, 22.000 euroan dute muga gorena. Azkenik, %25eko lanaldian ari direnek urtean, gehienez ere, 15.000 euroko ordainsari gordina jaso ahal izango dute.

Zenbakiak zenbaki, legeak dioena baino askoz ere udal ordezkari gutxiago ariko dira, eskualdean, lanaldi oso nahiz partzialean, lanean. Izan ere, guztira, 220 zinegotzi daude 28 herritan eta, horietan guztietan, 15 liberazio soilik iragarri dituzte, oraingoz.

Tolosako Udalak izango ditu, hasierako erabakien arabera, liberatu gehien: bi udal ordezkari %100ean ariko dira, alkatea eta alkate ordea, zehazki eta, horrez gain, komunikazio arduradunaren eta alkatearen idazkariaren postua ere iragarri dituzte.

Jarraian Ibarrako Udala letorke, erabateko lanaldian ariko baitira, hemen bi pertsona: alkatea eta alkate ordea. Azkenik, Zizurkileko Udalak liberatu eta erdi izango du; alkatea erabat ariko da, eta alkate ordea %50ean. Tolosaldeko gainerako herrietan, liberatu bakarra iragarri dute, oraingoz, eta batzuetan, lanaldi partzialean ariko dira, legeari begira.

Irizpideak zehazteko beharraz

Lege eta eskumenek diotenaz gain, udal gobernu bakoitzak ere askatasuna du ordezkarien soldatak zehazteko. Horrela, eskualdean, EUDELen irizpideei heldu izan diete askok eta, beste hainbatek, udalera iritsi aurreko lanpostuko soldata mantentzea erabaki izan dute.

Aurreko legealditik hona, gutxi-gorabehera, ia soldata guztiak mantendu dituzte, oraingoz. Dena den, Tolosako alkate Olatz Peonek irizpideak behin betiko finkatu eta egonkortzeko beharra nabarmendu zuen, uztailaren 7ko bilkuran, «gai hau politikoki ez erabiltzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!