"Obrak bukatzean bidean zeuden puntu beltzak desagertuko dira"

Irati Saizar Artola 2015ko abu. 4a, 13:30

Anoeta eta Tolosa lotuko dituen bidegorria eraikitzeko lanetan ari dira eta Pello Estanga Anoetako alkateak adierazi duenez, herritarrak "oso gustura" daude proiektuarekin.

Maiatzean hasi ziren Belate eta Anoeta arteko bidegorria eraikitzeko lanak eta urtarrilerako aurreikusi dute amaitzea. Estangak proiektuaren beharra azpimarratu nahi izan du: "Guretzako garrantzitsua da azpiegitura hau. Ikusi besterik ez dago zenbat jende ibiltzen den bai bizikletaz eta baita oinez ere. Obrak bukatzean, begi bistan geratuko da bidea egiteko zegoen beharra".

Obrak bukatzean, onura besterik ez duela ekarriko aipatu du. "Bidean zehar puntu beltzak daude eta orain, obrak bukatu eta argiteria egokiarekin guztia osatuta geratuko da. Puntu beltzak desagertuko dira". Herriari onura ekartzeaz gain, industriaguneari ere positiboki eragingo diola argudiatu du: "Jendeak lantegietara kotxez joan ordez, beste aukera bat ere hor izango du, guztiz egokitua".

Bidearen nondik norakoak

Foru Aldundiak proiektua aurrera eraman ahal izateko egin duen ahalegina eta udaletan sortu diren desadostasunak alde batera utzita, obrak martxan dira Urbycolan enpresaren eskutik. Bidegorri berria Tolosako Belate auzoan amaitzen den bidegorriaren jarraipena izango da eta 2.460 metro izango ditu guztira. Aipatu behar da, lehen 480 metroetan behin-behineko egokitzapena egingo diotela bideari, izan ere, lehendik aurreikusita dago tarte horretan Larramendi eta Belate lotzen dituen zubia eraikitzea.

Hasierako zati horretan, beraz, errepideko erraiak estutu egingo dituzte eta 3 metroko zabalera izango duen bidea egokituko dute oinezko eta txirrindulari erabilera partekatuz. Beste bide guztian zehar, Hernialdeko bidegurutzetik abiatuta, 4 metroko zabalera hartuko du bide gorriak, bina metro bizikleta zein oinezkoentzat.

Anoetako semaforora heltzean, zebra bidea gurutzatu eta trenaren gainetik pasatzen den zubia zeharkatuko du. Borondegi eta Arozetxe baserrien atzealdetik pasa eta Amasa-Villabonako bidean barrena jarraituko du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!