Erditze baten soka luzea

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 18a, 10:28
Argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press)

Asuncion klinikaren atarian jaio zen Samuel Prada Valle, furgoneta batean, klinikak erditzeak artatzen ez dituelako; albistearen oihartzun zabalaren eraginez, Tolosaldeko osasun zerbitzua eztabaidaren erdian dago, beste behin ere

Errutinara itzultzeko egunek mikatzetik asko izan ohi dute ume jaioberri baten sendian. Samuel Prada Valle haurraren familiarentzat joan den irailaren 1a nola hala hasi bazen ere, egun hura irribarre gozoz oroitzen dute orain, euren bizitzetako egutegian.

Albistea segituan zabaldu zen. Samuel txikiak bederatzi hilabeteko haurdunaldiari amaiera ematea erabaki zuen, baina gauzak ez zitzaizkien espero bezala atera Gorka Prada eta Vega Valle gurasoei: Tolosako Asuncion klinikaren atarian erditu zen Valle, furgoneta baten barruan, gidarikidearen eserlekuan.

"Vegak urak egin zituen, eta, ahal bezain azkar, etxetik atera ginen, Ibarratik. Tolosako Larramendi auzoko pare horretan, ordea, konturatu ginen Donostia ospitaleraino ez ginela iritsiko, Vegak haurraren burua ukitzen baitzuen eskuarekin. Orduan, Asuncion klinikarako bidea hartzea erabaki genuen, larrialdietako atera iristeko, behintzat", azaldu du Pradak.

Haur baten etorrerak eta amaren sufrimenduak dakarren herio horrek ez zuen, ordea, esperotako erantzuna jaso larrialdietako arduradunen aldetik: "Esan zidaten erditzeak ez dituztela artatzen, eta etorritako bide beretik Donostia ospitalera joan beharko genuela. Behin eta berriro esan nien haurra bazetorrela, hortxe zegoela, baina alferrik", dio Pradak.

Ekinaren ekinez bikotekidearentzat laguntza eskatu, eta, ezezko erantzunaren aurrean, etsita, furgonetara itzuli zen Prada: "Ordurako buru osoa kanpoan zuen jada gure semeak, eta furgonetatik oihu egin nien larrialdietakoei: 'Burua atera du!'. Berriro autoan sartu nintzenerako, haurra kanpoan zen".

Aitaren hitzak benetakoak zirela ikusi zutenean, larrialdietako langileek anbulantzia medikoari deitu zioten, eta mantak eraman zizkieten ama-semeei: "Gaua zen, hotz egiten zuen, eta euria zarra-zarra ari zuen".

Gertakariak ahoz ahokoa gainditu eta egunkari, irrati eta telebistak hartu zituen hilabete hasieran, baina, TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeko kideen ustez, "albiste sentsazionalista moduan jorratu zuten hedabide askok". Gainera, Mayi Aranzabe eta Javi Arana TOPAko ordezkariek diote Samuel Prada haurrarena "kasu bat gehiago" izan dela, beste hainbaten artean: "Giza akatsa izan da, argi eta garbi. Erditzearena oso gordina eta krudela izan da, baina kasu bat gehiago da zerrendan. Ohitura faltagatik, beldur pixka batengatik edo etxe horretako protokolo eta presioengatik gertatzen dira halakoak".

Bide horretan, Aranak dioenez, Tolosaldeko osasun eskualdeko herritarrek "antzeko arazoekin topo egiten dute ia egunero": "Esaterako, larrialdi baten ondorioz oftalmologo, otorrinolaringologo edo urologo bat behar duten herritarrek ezin izaten dute arreta hori jaso, larrialdia kontsulta orduetan gertatzen ez bazaie; orduan bakarrik egoten dira klinikan".

Horrelako egoera batean, beraz, Tolosako eta inguruko herritarrek Donostiara joatea beste erremediorik ez dute. Berez, ordea, ez dagokie ospitale hartara joatea, eta hor sortzen da arazoa. "Jendeak zera uste du, Donostiara joatea noizbehinkako kontua dela, baina guztiz kontrakoa da, eta datuek hori diote".

Duela gutxi Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaida batean, PSE-EEko Blanca Roncalek zenbait datu eskaini zituen, TOPA koordinakundeko kideek azaldu dutenez: "Besteak beste, honako hau azaldu zuen hark: Donostia ospitaleari berez ez dagozkion senda agirien %45 Tolosaldeko herritarrenak direla. Baina, noski, Gipuzkoan bost eskualde ospitale daudela kontuan izanda, eta jakinda gure eskualdea ez dela handienetakoa, Tolosaldeko portzentajeak %20 edo baxuagoa beharko luke izan".

Bidaia luzeegiak erditzeko

Asuncion klinikak ez du adierazpenik egin nahi izan egunkari honetan: "Azalpen guztiak Diario Vasco-ri eman dizkiogu jada". Hain zuzen ere, Prada-Valle familiak gertaera ezagutzera eman ostean, Asuncion klinikako zuzendari Jesus Gomez Montoyak bikotea "behar bezala" artatu zutela azaldu zion egunkari horri: "Artatu genituen, noski, baina ez gaude erditzeetarako prest, ezta erditze ondorengo hemorragia bat tratatzeko ere, adibidez. Ez daukagu ez horretarako material egokirik, ezta baimen administratiborik ere, nahiko genukeen arren. Familia Donostiara ahalik eta baldintza onenetan bideratzea zen garrantzitsuena, eta horixe egin genuen".

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera "kexa formalik ez da iritsi", prentsa bulegokoek azaldu dutenez: "Dena den, klinika pribatua edo publikoa izanda ere, ezein larrialdi artatu behar da, zentrorik egokienera bideratu eta konpondu dela ziurtatu arte".

Eztabaidak, beraz, kalean jarraitzen du: erditzeko aukera eskaintzen duten ospitale nahikoa al dago Gipuzkoan? Tolosaldeko herritarrek Donostiara jotzen duten bezala, Irungo osasun eskualdeko ospitaleak ere ez ditu erditzeak artatzen; Donostiaz gain, Zumarragan, Mendaron eta Arrasaten soilik eskaintzen dute zerbitzu hori.

"Mundu guztiak daki Asuncion klinikan ez dutela erditzerik artatzen, baina, horrelako egoera batean, zer egin behar genuen?", dio Vallek. Larrialdi bat izaki, ospitale bateko profesionalen jakintzak beti lagungarri diren ustearekin jo zuten Asuncionera, baina anbulantziari deitu baino ez zioten egin.

"Anbulantzia iritsi zenean, Vegari plazenta atera zioten, eta baita egin beharreko analisi eta azterketak egin ere; bi orduan Donostian ginen", azaldu du Pradak. Irailaren 1ekoaz solasean ari direla, gainera, anekdota bat etorri zaie gogora: "Samuel jaio, eta erizainak segituan eraman nahi izan zuten barrura, garbitzeko, garai batean hala egiten baitzen. Ezetz esan genien, orain ez direla haurrak garbitzen, eta amarekin kontaktuan eduki behar direla. Eta, eskerrak! Izan ere, zilbor hestea moztu gabe eraman nahi zuten haurra!".

Ospitaleak Osasun Sailarekin duen hitzarmenaz eta osasun mapaz askorik jakin gabe, jende askori mediku eta erizainen kode deontologikoa etorri zaio burura, TOPAko kideei bezalaxe: "Mediku batek, oporretan, terraza batean dagoela aldameneko norbaiti loreontzi bat burura erortzen zaiola ikusten badu, adibidez, behartuta dago hari laguntzera. Gainera, gizalegeak ere horretara bultzatzen du bat, gure ustez".

Kontuak kontu, Vallek eta Pradak ez dute legearen bideetara jotzeko asmorik: "Badakigu, ia ziur, arrazoia emango liguketela, eta arduragabekeria larritzat joko luketela egindakoa, baina ez da gure asmoa inoren bizitza nahastea".

Horrela, beren kasua eredu izatea nahi dute, horrelakorik sekula gehiago ez gertatzeko: "Guri gertatutakoa ezagutarazi nahi izan dugu, eta kito, gerora jakin baitugu ez garela bakarrak izan, eta badirela Asuncionen atarian anbulantzian erditu diren emakume gehiago".

Karta guztiak agerian

TOPA koordinakundea 2011. urtean eratu zen, Tolosaldeko osasun sistemak sortzen zituen desadostasunak kudeatu, plazaratu eta aldarrikatzeko helburuz. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak klinikarekin duen 20 milioi euro inguruko hitzarmena salatzen dute, Asuncion enpresa pribatua izaki. Horrela, lau urtean eskualdeko zenbait gizarte eragile, sindikatu, alderdi politiko eta herritarren babesa eskuratu dute.

Herri koordinakundea 2011n sortu izana ez da kasualitate hutsa. Urte hartan bertan berritu zuen Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresak EAEko Osasun Sailarekin zuen kontzertua: espezialitate guztiak anbulatoriotik klinikara mugitzea zen orduko helburuetako bat, eta, Tolosaldeko osasun eskualdeko herritarrei Donostia ospitalera bertaratzeko aukera kentzea.

Horrenbestez, TOPAk "eskubide berdintasuna ere" galdegin du urteotan, Gipuzkoako gainerako eskualdeekin alderatuta Tolosaldea baldintza "okerragoetan" baitago haien iritziz.

Azaroan bertan amaituko da Asuncion klinikak Osasun Sailarekin duen hitzarmena, eta TOPArentzat aste garrantzitsuak datoz: "Sinadurak bildu ditugu, mobilizazioak antolatu ditugu, joan den agintaldiko alkate guztien babesa eskuratu dugu, Eusko Legebiltzarrera jo dugu, eta baita Batzar Nagusietara ere. Karta guztiak agerian jarri ditugu, eta, hala ere, ez digute jaramonik egin", dio Mayi Aranzabek. Horregatik, azarora begira ahalik eta indar gehien metatu nahian dabiltza, beren aldarria zabaltzeko: batzar irekia antolatuko dute irailaren 26an, Tolosan.

Deia eskualdeko mugetatik harago ere zabaldu nahi dute, gainera, TOPAren ustez Tolosaldekoa lehen pausoa besterik ez baita: "Hemen ondo funtzionatzen badu, EAE osora zabalduko dute gauza bera. Ikusi besterik ez da egin behar Madrilen, Herrialde Katalanetan eta, oro har, ongizate gizartearekin gertatzen ari dena".

Bide beretik, gainera, 2011ko hitzarmen hartako puntuak bete gabe daudela ere salatu dute: "Onartu zuten Tolosaldea baldintza kaskarragoetan zegoela, baina arreta eredu berritzaile bat proposatu zuten. Lau urte pasatu dira, eta ez da ezer aldatu. Anbulatorioa, azkenean, ez da desagertuko, eta mediku espezialistak bertan geratuko dira, haiek guztiak klinikara eraman nahi zituzten arren; kirurgikoak soilik joan dira hara", dio Javi Aranak.

Eta, lau urte hauetan ozen salatu bezala, hitzarmena berritzeko atarian are ozenago diote eskualdeko ospitale publiko bat nahi dutela, kudeaketa publikoduna: "Urtero 20 milioi euroko diru laguntza jasotzen dute, eta azken 30 urteetan ez dute zentimo bat bera ere erabili Tolosaldeko osasun azpiegiturak eraberritzeko. Publifikatzea ez da guri bururatu zaigun txorakeria bat, Debagoienean Osasun Sailak erosi baitzuen kooperatibena zen klinika. Egin dezatela hemen ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!