Tolosako Beotibar pilotalekuan pilota jaialdi polita jokatu da gaur arratsalde-iluntzean. Lehenengo partidan, binaka, Urrutikoetxea-Zabala nagusitu dira, 22-20, Bengoetxea VI-Beroizen aurka. Ondoren hasi da Lau t'erdiko Txapelketako partida.
Final zortzirenak jokatu dira Olaetxea eta Artolaren artean. Irabazleak aurrera egiten zuen, eta galtzailea, txapelketatik at gelditzen zen. Sakea urdin atera da, baina lehen tantoa Olaetxeak egin du. Bosnako berdinketa bitarte bi pilotariak nor baino nor ibili dira. Bakoitzak bere ezaugarriak jarri ditu kantxan, eta ez zegoen jakiterik partida noren alde eroriko zen. Baina segidan, Artolaren tanto bolada etorri da, eta alegiarra 17ra joan da. Sakearekin min egin dio Artolak Olaetxeari, eta ongi aprobetxatu du tartea zabaltzeko. Partida erabakita zegoela zirudien, baina orduan etorri da lizartzarraren erakustaldia. Maisua da, artista, eta zaleak txaloka jarri ditu lizartzarrak. 14-18 ere jarri dira, baina hor amaitu da erreakzioa. Artolak sakea berreskuratu eta 21era joan da. Azken tantoa bakarrik falta zela zirudienean, Olaetxeak hiru tanto egin ditu segidan: 17-21. Gauzak estu zeuden, eta urduritasuna alegiarren artean. Sakean falta egin du ordea Olaetxeak, eta Artolaren markagailuan 22na igo da. Zaletuek bi pilotariak txaloen artean agurtu dituzte.
Final zortzirenak gaindituta, Iñaki Artola final laurdenetako ligaxkan da. Bigarren multzo horretan, Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a zeuden gaurko partidako irabazlearen zain. Laugarren pilotaria nor den igandean jakingo da. Jokin Altuna amezketarrak Lekunberrin jokatuko du, eta txartel horren nahian irtengo da kantxara. Aurrean, Haritz Lasa urretxuarra izango du. Jaialdia, 17:00etan hasiko da.
DATUAK
Tanto boladak: 1-0/1-3/4-3/5-5/5-17/7-17/7-18/14-18/14-21/17-21/17-22
Partidaren iraupena: 41 minutu
Sakez: Olaetxeak 3 tanto eta falta bat/Artolak bost tanto
Pilotakadak: 179
Egindako tantoak: Olaetxeak 9 /Artolak 13
Galdutako tantoak: Olaetxeak 3 / Artolak 5
ERREAKZIOAK:
Mikel Olaetxea
Iñaki Artola