Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015

Beñat Iguaranek lehen aldiz final erdietan aritzeko aukera du

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 26a, 15:44

Irazuk zailagoa du sailkapena eta pasako ez balitz, lehen aldia izango luke 1995tik finalean sartzen ez dela

Hirugarren aldia du Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen duela eta lehenengo aldiz gaindituko du Beñat Iguaranek final laurdenetako langa. Urretxuko Ederrena frontoian jokatutako saioan, bigarren sailkatu zen Agin Labururen atzetik eta beraz, final erdietan aritzeko aukera izango du amasarrak, ezeren okerrik ez bada. Jexux Mari Irazuk, berriz, laugarren egin zuen larunbatean eta gainerako bertsolarien puntuazioari begira egon beharko du sailkatuko den edo ez jakiteko.

Areto egokia, 480 bertsozale eta bertsolariak gogoz azaldu arren ez zuten Ederrena berotzea lortu larunbateko lehen final laurdenean. Okasio gutxitan lehertu zen saioa: 8ko txikian, Agin Laburuk eta Asier Azpirozek egin zuten ofizioak jendearen artean izan zuen oihartzuna, baita 10ko txikian, rola emanda, Nerea Elustondok eta Eli Pagolak egin zutenak. Gainerakoan aleka jardun zuten bertsolariek, printza suelto batzuk utziz.

Iguaranek saio erregularra egin  eta Urretxun erakutsi zuen gaitasuna baduela, bertsokideen irtenaldiei erantzuteko. Bide estua utzi zion Elustondok 8ko txikian, baina hala ere asmatu zuen buelta ematen. Laburuk, 10ko txikiko azkeneko bertsoan ezustean botatako argudioari ere, handiagoarekin erantzun zion Iguaranek, ataka horietatik ateratzeko ofizioa baduela erakutsiz. «Ni eroso sentitu nintzen. Ofiziotan aritzen naiz ondoen, eta gaia irekitzen ez naiz oso ona baina gustura ibiltzen naiz ondokoari erantzuten. Askotan nik bilatzen dudan gauza bat da».

Eskualdeko bi bertsolariak elkarrekin 6ko motzean aritu ziren eta biek ere bertsoaldi betea eskaini zuten. Bakoitzak beretik, hala Iguarenek, nola Irazuk asmatu zuten elkarrizketa sinesgarri bat egiten. Jexux Mari Irazuk esan duenez, «hilzorian zegoen ama bisitatzera joan nahi ez duen semearen paperan kantatzea ez zen erraza, baina iruditzen zait azkenean airoso atera nintzela».

Iguaranen ariketa puntuatuena, kartzelakoa izan zen. Eskuetan duzu hainbeste desio izandakoa gaiari erantzun behar izan zioten bertsolariek eta amasarrak gainerako bostek hartu ez zuten bidea hautatu zuen bertsotarako: Euskadiko selekzioko kamiseta eskuetan duen futbolariaren paperean sartuta, zuzen eta egoki aritu zen.

Iguaranek ez beste bertsolari guztiek, gurasoen tokian jarrita kantatu zioten kartzelako gaiari. Irazuk ere gai hori hautatu zuen eta lan ederra osatu zuen. Ekarpen propioa ere egin nahi izan zuen larraulgoak doinu berria plazaratuta: «berez, Mixel Achigar zuberotarrak Etxahun Iruriren omenez 2010an atera zuen diskotik jasotakoa da. Geroztik, Kalakan taldeak erabiltzen du bere emanaldietan. Nik sei puntura eraman dut doinua eta 10/8 egitura beharrean 9/8koa du, horrek pixkat bihurritzen du neurria. Doinu polita da eta erregistro ezberdinetarako aukera ematen du».

Gainerako ariketetan zuzen aritu zen Irazu, baina gehiegi nabarmendu gabe. 8ko handian eta 6ko motzean egokiago aritu zen, 8ko eta 10ko txikian baino. Saioaren amaieran 473,5 puntu eskuratu zituen eta sailkapenari begiratu beharko dio orain, final erdietarako txartela eskuratzen duen edo ez jakiteko.
20 urteko ibilian, lehen aldia izango litzateke Irazuk final erdietarako saltoa egiten ez duela, «1995ean txapeldunorde geratu nintzen eta beste denetan kantatu dut finalean. Ikusiko dugu zer gertatuko den. Sailkapena aldapa gora jarri zait, baina etortzen dena etortzen dela lasai hartuko dut. Kontu hauek adinarekin erlatibizatzen ikasten duzu».

Final erdietara pasatzen diren 18 bertsolarietatik 17k izango dute hemendik bi urtetara Txapelketa Nagusian kantatzeko aukera. Iguaranek azpimarratu duenez, «helburu bezala dut azkena ez gelditzea eta Euskal Herrikorako sailkatu ahal izatea. Guretzako nahiko sari izango litzateke eta ea suerte hori tokatzen zaigun».

Errenteriako final laurdena, bero

Bestelako giroa sumatu zen, igandean, Errenteriako Agustina Otaola raketista pilotalekuan. Ia 600 bertsozale gerturatu ziren bertara eta gozatu ederra hartu zuten oholtza gainean sei bertsolariek eskainitakoarekin. Imanol Artola Felix amezketarra izan zen saioko gidaria.

Bertsolari guztiek utzi zuten ale ederrik Errenterian, baita azkena egin zuen Amaia Iturriotzek ere. Ofiziotan sendo aritu zen eta elkarrizketa bikainak osatu zituen bertsokideekin. Bakarkako ariketan egin zuen kale, ordea.

Berdina gertatu zitzaion, Iñigo Manzisidor Mantxiri ere. Bikain aritu zen ofiziotan eta goia jo zuen zortziko txikian. Baina, trabatuta jardun zuen kartzelakoan, ezin lana borobildu. 474,5rekin, ikusteko dago, final erdietan kantatuko duen, parte hartu duen aldi guztietan erdietsi baitu helburu hori.

Erregular eta txukun aritu ziren Errenterian Jon Martin eta Ane Labaka. Hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren sailkatu ziren igandeko final laurdenean. 10ko txikian eta bakarkakoan luzitu zen gehien oiartzuarra eta 8ko txikian eta kartzelakoan lasartearra.

Sorpresa atsegina eman zuen Iñaki Gurrutxagak eta txalo zaparrada jaso zuen, adibidez, Beñat Gaztelumendirekin batera 10ko txikiko ariketan. Ia lan guztietan asmatu zuen eta merezitako bigarren postua eskuratu zuen oriotarrak. Beste behin ere arituko da final erdietan.

Errenteriako saioan puntu gehien batu zituen bertsolaria Gaztelumendi izan zen. Ariketaz ariketa hutsik egin gabe txukun osatu zituen lanak eta umearen paperetik kantatuta kartzelako hunkigarri batekin borobildu zituen egin beharrekoak. Tolosako final erdian, azaroaren 29an,   añorgarra izango da kartel burua.

Hurrengo saioak asteburuan

Eskualdeko bertsolaririk ez da ariko datorren asteburuan txapelketan. Oihana Iguaran, Unai Mendizabal eta Mikel Artola elkarrekin kantatuko baitute, azaroaren 8an, Eskoriatzako azken final laurdenean. Harituzeko hiru kideekin batera, Unai Agirre, Manu Goiogana eta Beñat Lizasok jardungo dute.
Aurretik beste bi final laurden izango dira asteburu honetan. Larunbatean Zestoako kiroldegian eta igandean Ormaiztegiko pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!