"Tolosaldeko herritarrok sekulako aukera daukagu"

Asier Imaz 2015ko aza. 7a, 18:40

Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak 2016a urte erabakigarria izango dela esan du. 300 lagun inguru elkartu dira elkarretaratzean, sektore desberdinak ordezkatuz. Mobilizatzen hastera doazela iragarri dute.

Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak, TOPA-k, elkarretaratze jendetsua antolatu du gaur eguerdian. Herritarrekin batera, Tolosako Trianguloan, sektore desberdinetako aurpegiak elkartu dira bertan. Lehenik idatzi bat irakurri dute, eta ondoren, bertsotan Eusko Jaurlaritzari bidali diote mezua.

TOPAk gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Asuncion Klinikak duela lau urte sinatu zuten hitzarmena. Balorazioa negatiboa dela azaldu du TOPA-k, adibide zehatzak aipatuz: "azpiegituren kalitate eskasa; larrialdietan espezialista gutxiago; langile ratio txikiagoa...". 

Hala eta guztiz ere, lorpenak egon direla aldarrikatu dute eguerdiko elkarretaratzean, "herritarren mobilizazio desberdinei esker". Hemen ere adibide zehatzak jarri dituzte mahai gainean, hain zuzen ere, bi: "Bata, Tolosaldeko herritarroi debekatu nahi ziguten Donostia Ospitaleko larrialdietarako arreta zuzena; eta bestea, espezialitate guztiak anbulatoriotik kendu eta Asuncion Klinika pribatura eraman nahi zituzten".

Tolosaldeko herritarrak "une erabakigarri" baten aurrean daudela esan dute, ondoren. Izan ere, 2016an amaitzen da Eusko Jaurlaritzaren eta Asuncion Klinikaren arteko hitzarmena. Hortik aurrera zer? Herritarren esku dagoela esan dute TOPA-tik: "Ez dago inolako aitzakiarik, bidegabekeria hau justifika dezakeenik, eta gure ardura izango da ez mobilizatzea, eta inposizio hau onartzea. Gure ardura izango da osasunaren pribatizazio hau onartzea. Baina esan nahi dizuegu era berean, baldin eta mobilizatzen bagara, Tolosaldeko herritarrontzat osasun sistemarik onena lortuko dugula. Hain zuzen ere sistema publiko bat, konpromisoa pertsonarekin izango duena, eta interes ekonomikoen gainetik egongo dena". 

2016ra begira, mobilizazioekin hasteko asmoa agertu dute Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformatik, sektore desberdinak harremanetan jarriz: "Helburua da, hasiera ematea sektorekako mobilizazio kate bati, harremanetan jarrita, besteak beste, alor edo sektore hauekin: osasuna, sindikatuak, hezkuntza, komunikabideak, kultura, kirola, musika, talde sozialak, auzo elkarteak, merkataritza, ostalaritza, langile publikoak, ikasleak, pentsionistak, eta abar. Sektore horiekin bilduko gara justiziaz gurea dena lortzeko, guk ere izan dezagun beste eskualdeek borrokarik egin gabe aspalditik daukatena."

 

 

Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma

"Lau urte igaro dira Eusko Jaurlaritzak Tolosaldean klinika pribatu batekin, Asuncion klinikarekin, hitzarmen bat sinatu zuela. Orduan onartu zuten Tolosaldeko zerbitzuen kalitatea okerragoa zela herrialdeko beste eskualdeekin konparatuta; eta hura hobetzeko irtenbide bezala saldu ziguten hitzarmen hori.

Baina hitzarmen horren ondorioak oso bestelakoak izan dira, biztanle kopurua aintzat hartuta, Tolosaldea da eskualde bakarra ez duena ez ospitale publiko bat, ez espezialitate guztiekin osatutako anbulatorio bat.

Hitzarmen horren balantzea egin beharra daukagu , lau urte hauetan osasun zerbitzuaren kalitatea gainbehera joan da: azpiegituren kalitate eskasa; larrialdietan espezialista gutxiago; langile ratio txikiagoa... Gure osasuna gutxi batzuen negozio bihurtu da, eta pertsona helburu izan beharrean, errentagarritasun ekonomikoari bakarrik begiratzen diote. Beraz, negatiboa da hitzarmenari buruz egiten dugun balorazioa.

Baina esan behar da herritarren presioari esker lortu dugula neurri batean Jaurlaritzaren helburuak gelditzea. Bi adibide garbi ditugu horretarako: bata, Tolosaldeko herritarroi debekatu nahi ziguten Donostia Ospitaleko larrialdietarako arreta zuzena; eta bestea, espezialitate guztiak anbulatoriotik kendu eta Asuncion Klinika pribatura eraman nahi zituzten. Baina bi helburu horiek gelditzea lortu dugu, manifestazio, agerraldi, sinadura bilketa eta beste hainbat ekintza jendetsuri esker.

Borroka ez da bukatu, 2016ko azaroan bukatuko da Eusko Jaurlaritzaren eta Asuncion Klinikaren arteko hitzarmena. Tolosaldeko herritarrok sekulako aukera dugu, erabakitzeko zer osasun sistema nahi dugun eskualderako. Ez dugu onartuko ez Jaurlaritzaren inposiziorik ez aldebakarreko erabakirik. Eskualdeko gizarteak erantzun tinko eta garbia eman behar du momentu erabakigarri honetan, Tolosaldeko herritarrok erabaki nahi dugu zein osasun sistema izan behar dugun eskualdean.

Horregatik egin dizuegu dei gaur hona etortzeko, eta esan nahi dizuegu ez dagoela inolako aitzakiarik, bidegabekeria hau justifika dezakeenik, eta gure ardura izango dela ez mobilizatzea, eta inposizio hau onartzea. Gure ardura izango dela osasunaren pribatizazio hau onartzea. Baina esan nahi dizuegu era berean, baldin eta mobilizatzen bagara, Tolosaldeko herritarrontzat osasun sistemarik onena lortuko dugula. Hain zuzen ere sistema publiko bat, konpromisoa pertsonarekin izango duena, eta interes ekonomikoen gainetik egongo dena. Aurrerantzean gure familiek jasoko duten osasun arreta denon konpromisoaren eta mobilizazioren baitan egongo da. Gutako bakoitza mugitzen den edo lan egiten duen sektorean hartzen duen konpromisoaren eta egiten duen mobilizazioren baitan.

Elkarretaratze honen helburua da, hasiera ematea sektorekako mobilizazio kate bati, harremanetan jarrita, besteak beste, alor edo sektore hauekin: osasuna, sindikatuak, hezkuntza, komunikabideak, kultura, kirola, musika, talde sozialak, auzo elkarteak, merkataritza, ostalaritza, langile publikoak, ikasleak, pentsionistak, eta abar. Sektore horiekin bilduko gara justiziaz gurea dena lortzeko, guk ere izan dezagun beste eskualdeek borrokarik egin gabe aspalditik daukatena".

Elkarretaratze amaieran, bertsotan

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!