Papergintzako langileek greba egitea erabaki dute

Tolosaldeko Ataria 2015ko aza. 25a, 14:14
Kotxe karabanak egin dituzte langileek azken egunotan protesta egiteko.

Sei paper enpresetan egin dira batzarrak azken egunotan, horietatik hiru eskualdekoak, eta guztietan irabazi du baiezkoak. Ia %75ak egin du grebaren alde.

Zehazki, Elduako Munksjö paper fabrikan grebari baiezkoa 60 langilek eman zioten, ezezkoa 11k, eta 3 txuri izan ziren. Amezketako Aralar enpresan 91k eman zuten baiezkoa, 22k ezezkoa eta 2 txuri izan ziren. Zizurkilgo Papelera del Orian, baiezkoa 32k eman zuten, 13k ezezkoa eta batek txuri eman zuen. Tolosaldetik kanpoko beste paper enpresetan ere baiezkoa nagusitu da.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute grebarako deialdia. Josu Olazabal ELAko ordezkariak azaldu duenez, "emaitzak sindikatuek planteatzen dugunaren aldekoak izan dira, eta alde horretatik oso gustura gaude". Behin greba egingo dela erabakita, sindikatuek ez dute Adegiren inolako erantzunik jaso. Bihar bilera dute Adegirekin, eta horren zain daude, patronalaren erantzunaren berri jakiteko.

Greba ostiralean hasiko dute, azaroak 27, eta 28 eta 29an jarraituko du. Gero abenduaren 1, 3 eta 4ean ere greba egingo dute. Beraz, sei greba egun egingo dituzte zortzi eguneko epean. Grebarekin batera beste mobilizazio batzuk planteatzen dituzte. Horrela, ostiralean manifestazioa egingo dute Tolosan, Trianguloa plazatik 11:00etan abiatuta. Horrez gain, larunbatean, ordu berean, elkarretaratzea egiteko asmoa dute Tolosan ere.

Grebara joateko funtsezko arrazoiak hiru direla diote sindikatuetatik. Batetik, soldataren igoera. Bestetik, bi gai blindatu nahi dituzte: herrialdeko hitzarmenean adostutakoa, enpresek bere kabuz hitzarmeneko edukiak ez moldatzeko, eta enpresa bakoitzean adostuta dauden non-stop akordioak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!