Ari du bertsoa Tolosaldean (II): Bertso Eskolak, dibertigarriago

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 28a, 10:14

Tolosako Abastoseko bertso eskolara iritsi, mikrofonoa jarri eta gaztetxoek puntuka egin duten saioa grabatu du Tolosaldeko Atariak. Altu-altu kantatzen dituzte bukaerako errepikak.

Atarikoak daude 

gu entrebistatzen,

ta gu momentu hontan

puntuak botatzen,

eta gu ari gara

bertsoak pentsatzen.

Mahaian mikrofono bat

ari naiz ikusten

ta esaten deuna ai da

hau bai grabatzen.


Pellok eta Mikelek hamabi urte dituzte eta Hirukiden ikasten dute. Bertso eskolan bi urte daramatza Mikelek eta hiru Pellok: «Eskolan bertsolaritza ematen hasi arte, nik ez nekien bertso bat zer zen. Hiru hilabete pasata erabat bertsozaletu nintzen eta horregatik eman nuen izena hemen». Unai Mendizabal izaten dute irakasle eta bertso eskolara gerturatzeko gazteek izaten duten motibazioaren berri eman digu: «Etxeetako transmisio hori ahulduta dago eta niri bi ikasle etorri zaizkit modu horretara. Baina beste denak ikastetxean Gu ere bertsotan programarekin bertsoa ezagutu eta horren ondorioz gerturatu dira».

Bertsolaritza erakargarri egiten zaie gazteei: bertsoak egin, kantatu, hitzekin jolastu... Txapelketak hartzen duen dimentsioak ere badu zerikusia Mendizabalen ustez, «gaur egun bertsolaritzak euskal kulturan bere tokia egin du eta prestigioa badu. Horrek erakarrita etortzen dira ume asko bertso eskoletara».

Oihana Iguaranek bertso eskola darama Villabonan. 12-13 urte dituzte eta bi zizurkildar, bi amasar eta villabonako bat biltzen dira taldean. Azkeneko hiru urtetan mantendu da taldea. «Pixkanaka egiten joan den kuadrillatxoa da. Ikastetxean elkarrekin dabiltza eta horrek lagundu egiten du. Giro oso polita dute», dio Iguaranek.

Lagunarte hori nabarmendu dute Pellok eta Mikelek. «Elkarrekin ez gara lotsatzen baina jendaurrean pixka bat bai. Hemen lagunak gara eta giro intimoagoa daukagu», dio Mikelek. Gune aproposa da bertso eskola lagunarte atsegingarri bat sortzeko. Mendizabalek azpimarratu duenez, «txandak errespetatzen ikasten dute, besteen hitza aintzakotzat hartzen dute, entzuten ikasten dute...». Iguaranek ere nabarmendu du jendaurrean aritzeko gaitasun batzuk eskuratzen direla eskolan: «Gazteak segurtasuna lortzen du bere buruarengan eta lotsa galtzen du».

Bertsoa paperean lantzen hasten dira eskolan. Bertso sortak buruz ikasi, hutsuneak bete, prestatutako bertsoak abestu, idatzi... Azkar pasatzen dira, ordea, bat-bateko jardunera. «Bertsolaritzaren alde politena da hori», Mendizabalen ustez. Errimak buruz ikastea kostatzen zaie gehien Iguaranen iritziz. Horregatik errima falta muga izan ez dadin gogoan gordetzeko jolasak asmatzen dituzte. Jolas hori konplikatzen joaten den arren, «jolasa izaten segitzen du eta horrela izan behar duela uste dut», dio Iguaranek.

Mikelek argi du: «Niri gehien gustatzen zaidana gaia eman eta kopla bat kantatzea da. Mainontzi jokoa ere oso dibertigarria da». Pellok ere gogoan du, bertso eskolan kartzelako ariketa egin zutenekoa.

Astero egiten dituzten ordubeteko saioez gain, herrian zehar egiten diren ekitaldietan parte hartzen dute Villabonako bertso eskolako ikasleek. Bertso eskolen topaketetan ere parte hartu izan dute eta ikasle batzuk uda bertso udalekuetan pasatzen dute. Mendizabalek aurreratu duenez, «Harituzeko kideok dauzkagun bertso eskoletako taldeak elkarrekin harremanetan jarri nahi ditugu eta Abastosen bilduko ditugu denak, abenduaren 5ean, 17:30tik aurrera».

Harituz Bertsozaleen Taldean ibiltzen diren gazteek orainaldi oparoa bizi dute, baina kezka dute etorkizunarekin. «Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazugandik guganaino dagoen koska bera sumatzen da atzetik. Koska hori ahalik eta txikiena izatea da gure helburua. Erreleboa ez da etorriko gu etxean egonda. Horretan eragiten saiatu behar dugu».

Tolosaldeko bertso eskoletan ume asko dabiltza eta litekeena da horien artean batzuk bertsolari ateratzea. Baina helburua ez da hori bakarrik, euskara lantzea eta bertsozaleak sortzea ere bada bertso eskolaren eginkizuna.

Pellok eta Mikelek, esate baterako, gustuko dituzte Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Unai Iturriaga. Haiek bezala izan nahiko lukete handitan, «baina batzuetan zaila izaten da bukaera pentsatzea eta errima egokia bilatzea». Horretara doaz ordea bertso eskolara, ikastera. Eta aitortzen dutenez, «eskola normala baino dibertigarriagoa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!