Sei urte soldata igoerarik gabe daramatzatela salatu dute Asuncion Klinikako langileek

Tolosaldeko Ataria 2015ko abe. 12a, 14:36
Elkarretaratzea egin dute Asuncion Klinikako langileek Tolosako Trianguloa plazan.

Elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloa plazan. Beste hitzarmen bat sinatu nahian dabiltzala diote, baina negoziazioa oraintxe bertan blokeatuta dagoela gaineratu dute.


"Sei urte daramatzagu inongo igoerarik gabe, soldata izoztuta dugu eta gure egoera gero eta okerragoa da", azaldu dute langileek. "Sei urte daramatzagu saiakeretan, eta azkenean enpresaren aldetik ez dugu mugimendurik ikusten".

2011n beste gatazka bat izan zuten Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresarekin. "Beraiek nahi zuten bere kabuz soldata jaitsi, inongo arrazoirik gabe. Esaten zuten diru gutxiago zutela eta gure soldatak jaitsi egingo zituztela. Epaiketa batera joan ginen eta irabazi egin genuen, eta ezin izan ziguten soldata jaitsi. Baina orain ez digute igo nahi, ezta gure baldintzak hobetu ere", esan dute langileek.

Mobilizazioak egin dituzte klinikan, baina orain beste pauso bat eman dutela azaldu dute, Trianguloa plazan egindako elkarretaratzearekin. "Hemendik aurrera elkarretaratze eta protesta gehiago egingo ditugu, prentsaurrekoak, karabanak..., erakusteko gaizki gaudela eta ea jendeak laguntzen digun eta Eusko Jaurlaritzak ere jasotzen duen honen berri", zehaztu dute langileek. Tolosaldean arazo bat dagoela gaineratu dute: "Azken finean Eusko Jaurlaritzak dirua ematen dio Inviza enpresari zerbitzu bat emateko, eta honen kudeaketa pribatua da, eta diru hori xahutu egiten dute. Biztanleriak ere jasotzen ditu horren ordainak, Eusko Jaurlaritzatik erakusten ari diren utzikeria horren ordainak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!