Poliki baina maldan behera doa langabezia Tolosaldean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urt. 8a, 09:10
Lanbidek Tolosan duen bulegoa, irudian.

Pasa den urriko datuak plazaratu dituzte, eta hilabetean %0,45 jaitsi da langabezia

Tantaz tanta baina etengabe, horrelaxe doa langabezia Tolosaldean, beherantz. 2015eko urriko datuak dira plazaratu berri dituztenak, eta eskualdeko 28 herriak kontuan hartuta, guztira, 2.813 pertsona lanik gabe zeuden orduan; herritarren %12,71 hain justu.
Hilabete bakarrean 100 pertsona pasatu ziren, irailetik urrira, lanpostu bat eskuratzera, eta hilabetetan barrena errepikatzen ari den joera da beheranzko malda hori: iazko martxoko datuek %14,25eko langabezia iragarri zuten –3.155 pertsona–, eta orduz geroztik datuak hobetu baino ez dira egin.
Abaltzisketan, Altzon, Anoetan, Belauntzan, Berastegin, Elduainen, Hernialden, Ibarran, Leaburun, Lizartzan, Orendainen, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen zenbait puntuz jaitsi da langabezia, eta horrek eragin du datuak bide onetik lerratzea.

Hobetzeko modukoak

Garai latzen zuloan argi pixka bat sartu dela islatzen dute zenbakiek baina, albiste onaren atzean, badira zenbait itzal. Izan ere, eskualdeko hainbat herritan irailean baino datu okerragoak jaso dituzte, urrian.
Adunan, esaterako, %9,17koa zen, urrian, langabezia, eta joan den martxoaz geroztik goranzko joera darama. Albizturko kasua gorabeheratsuagoa den arren, iraila eta urria aldamenean jarrita, langabeziak gora egin du ia %1, Alegian bezala. Alkizan, berriz, %8,77tik %11,11ra igo da langabezia tasa, eta Amezketan irailean baino sei pertsona gehiago zeuden –%12,07–, lanik gabe, urrian.
Martxoa abiapuntu hartuta, Baliarrainen beheranzko joera zekarten irailera bitarteko zenbakiek, baina urrian berriro igo zen langabezia, %8,06tik %11,29ra. Berrobin eta Bidania-Goiatzen ere koskatxo bat igo da, eta baita Iruran ere.
Herri txikiak handixeagoekin batera neurtzerakoan, portzentajeen dantzak irakurketa ezberdinak ekar ditzake udalerri batera edo bestela. Hala ere, Alegia da Tolosaldean langabetu gehien dituen herria, %15,37ko tasarekin, eta 132 herritar daude lanik gabe.
Eskualdeko lan egoera onena, berriz, Abaltzisketan dute, tasa %4,96koa baita; 7 herritar daude langabezian.

Gipuzkoako zazpigarren

Eskualdeko langabezia tasa ez da Gipuzkoako txarrena, baina hainbat eskualdetan egoera hobea dute, datu baikorragoekin. 11 zonalderen zerrendan, Tolosaldea zazpigarren lekuan dago urriko datuen arabera, eta aurretik ditu Donostia mendebaldea, Urola Kosta, Urola Garaia, Debagoiena, Donostia eta Goierri. Azken eskualde horretan %10,03koa da langabezia.
Gipuzkoako zenbaki orokorrei erreparatuta, berriz, urrian langabezia %12,18koa zen; 41.335 herritar. Bistan denez, Tolosaldeko batazbestekoa horren gainetik da, beraz, beheranzko joera horrek maldan behera jarraitu beharko du oraindik ere.

 

Gipuzkoako datuak
1. Goierri: %10,03
2. Donostia: %10,95
3. Debagoiena: %11
4. Urola Garaia: %11,21
5. Urola Kosta: %11,26
6. Donostialdea: %12,24
7. Tolosaldea: %12,71
8. Urola Erdia: %12,85
9. Oarsoaldea: %13,45
10. Debabarrena: %14,38
11. Bidasoaldea: %14,69

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!